Amagoia Mujika Telleria
infraganti

PIRATA PIRATOBICH

Luis Mari Moreno «Pirata» musika da, bere aldaera guztietan. Bandak, txarangak, ezkontza taldeak, telebistako bandak, oholtza handietako musika taldeak, kalean eta oholtzarik gabe aritzen direnak... Musika daramaten tren guztietara igotzen darama bizitza osoa, instrumentua eta umore ona bizkarrean hartuta.

Luis Mari Moreno “Pirata” (Errenteria, 1973) musika da. Askotariko aurpegiak dauzka, gozatzen dituen musika moduak adina. Bera ere ez da ondo akordatzen noiz lotu zen musikara. «Nire amak kontatzen du eskatu nuen lehen oparia eskusoinu bat izan zela, hiru urte nituela. Gaur egun errazagoa da eskusoinu txiki bat topatzea, baina orduan ez. Nire aita erotu beharrean ibili zen eta, azkenean, Donostian topatu omen zuen».

Telebistaren parean, Aragon pailazo familiari begira, hasi zen musika jotzen, ume-umea zela. «Orain Gabi Aragonen seme-alabekin harremana daukat eta askotan kontatzen diet tontoa bezala geratzen nintzela pailazo haiei begira». Pailazoaren ofizioak, jendaurreko jardun zirikatzaile horrek, eta musikak, beraz, betidanik tentatu dute errenteriarra.

Oreretako musika eskolan hasi zen musika ikasten eta Donostiakoan jarraitu zuen. «Musika modernoagoa ikasten hasi nintzen ondoren, jazza, rocka eta bestelakoak. Orduan ez zegoen Musikene eta eskola partikularrak hartzen nituen han eta hemen, irakasle onak zeudela jakiten nuen tokian; Algortan, Madrilen... Musika klasikoa ikasteko aukera gehiago zegoen, baina musika modernoaren bidea egin nahi zuenak, berak topatu behar zituen moduak».

Esan bezala, eskusoinuarekin hasi zen oso txikitatik. Hori izan zen amaitu zuen lehen musika karrera. Gero tronboia, bonbardinoa eta tuba ikasi zituen. Eta, azkenik, saxofoi titulua eskuratu zuen. Horiek dira ofizialki egin dituen musika ikasketak. Gaur egun haize instrumentuetan aritzen da nagusiki eta ia guztiak menderatzen ditu. «Txaranga askotan aritu naiz eta bertako kideei instrumentuak kendu eta saltsan ibiliz ikasi dut instrumentu mordoa jotzen. Normalean, baina, saxofoia jotzen dut», kontatu du.

Andreu Buenafuenterekin

Piratak oso aurpegi anitzak dauzka. Errenteriako Udal Bandan jotzen du solemnitatez eta bihotzez; ezkontza taldeekin aritu izan da; Rockalean proiektuarekin herriak dantzan jartzen ditu kaletik eta parez pare; eta badaramatza hiru urte Andreu Buenafuenteren “Late Motiv” telebista saioan zuzeneko musika bandan jotzen.

«Oraintxe esan digute beste hiru urterako kontratua berrituko digutela. Oso pozik nago, plazera delako saio horretan lan egitea. Telebistan asko lan egindakoa naiz eta oso toki gutxi daude ‘Late Motiv’ bezalakoak, benetan. Familia bat gara. Sekulako giro ona daukagu. Gogoratzen naiz hasi ginenean langile guztiak deitu eta Buenafuentek zera esan zigula: ‘Umore programa bat egin behar dugu. Hemen inork ez du errietarik egingo. Hemen denak gara garrantzitsuak eta taldeko lana da’. Niri asko gogorarazten dit zirkuan lan egiteko modua. Sarrerak saltzen dituena akrobata da, pailazoak krispetak egiten ditu...».

“Late Motiv” saioko bandan zuzenean musika jotzeaz gain, bestelako protagonismoa ere hartzen du tarteka Piratak kameraren aurrean, lasaitasun eta naturaltasun ikaragarriz. «Ez dut egiten lehenago egin ez dudan ezer. Baina, orain, ordaindu egiten didate. Kuadrillan ere pailazokeriatan aritzen dena izaten naiz beti. Niretzat umorea oso garrantzitsua da bizitzan, ezinbestekoa. Bada Chaplinen esaldi bat izugarri gustatzen zaidana: ‘Barre egin gabeko egun bat galdutako egun bat da’. Erabat ados nago».

Ibilbide luze eta askotarikoa

Bere musikari izaera poliedrikoan ertz gutxi batzuk baino ez dira goian aipatutakoak. Bere ibilbidea luzea eta mamitsua baita; Iraultza Fanfarea, Kulixka txaranga, Incansables txaranga, Urrats erromeria taldea, Blues Thorpes, Academica Palanca, LosDelGas, Rockalean, EuskOrleans...

Eta proiektu horietatik aparte, beste hamaika kolaborazio eta lan egin ditu. Pirritx, Porrotx eta Marimototsen diskoetan haize instrumentuak Piratarenak dira eta Niko Etxart, Barricada, Marea, Dikers, Orquesta Mondragon eta beste hainbatekin ere aritu da.

Une honetan buruan irekita dituen karpetei buruz galdetuta, barre egiten du Piratak. «Oraintxe, lau karpeta potolo ditut: LosDelGas, Rockalean, EuskOrleans –euskal musika New Orleanseko estilora ekarria– eta Buenafuenteren programa».

Piratarentzat musikak nahi adina aurpegi izan ditzake eta guztiak dira garrantzitsuak. «Madrilen Academica Palancakoekin telebistan lanean ari nintzen aldi berean Mugariz jatetxeko ezkontza orkestran jotzen nuen. Telebistako lankideek galdetzen zidaten ea zer egiten nuen ezkontzetan jotzen. Nik garbi neukan; nire lagunak dira, musika gustatzen zait, zergatik ez dut joko? Bada musika mailatan banatzen duen jendea. Musikak ez dauka mailarik, aurpegirik, mugarik... baditu uneak; baditu, akaso, paretik pasatzen zaizkizun eta hartzeko aukera duzun trenak. Nik mila tren hartu ditut, askotarikoak; punka jo dut, saltsa, jazza, musika klasikoa, txarangak, herriko banda, Rockalean... denetarik egin dut eta aukera guztiak baliagarriak eta duinak iruditzen zaizkit».

Ondo gogoan du jendaurrean lehen aldiz aritu zen eguna. «Herreran izan zen, 13 urte bete nituen egunean bertan, Errenteriako Iraultza Fanfarearekin. Lehenago eskusoinua jo izan nuen auzoko jaietan eta jubilatuen bazkarietan. Baina, kalean, lehen aldia hori izan zen».

Goi mailako musikaria izateaz gain, jendaurrekoan hazi egiten da Pirata. Bere proiektu guztietan garbi uzten du hori. «Antolatu ditugun talde guztietan zerbait desberdina egin nahi izan dugu, ez musika bakarrik; LosDelGas, Rockalean... Primerako musikariak direnen kontzertu batera joan, zein ondo aritzen diren entzun... niri zerbait falta zitzaidan horrelakoetan. Hain justu, ikusi nuen lehen zuzenekoa Orquesta Mondragon izan zen eta liluratuta geratu nintzen. Javier Gurrutxagak emaztegai baten soinekoa zeraman jantzita eta Popotxo ondoan zuen. Nik flipatu egin nuen. Talde horren oso zalea izan naiz eta gerora haiekin jotzeko aukera izan dut. Sekulakoa. Gerora, Trapu Zaharra antzerki taldeko Santi Ugalderekin ere aritu naiz kalean antzerkia egiten... Musika umorearekin, pailazoarekin, zirkuarekin nahasteko aukera hori hain ederra iruditzen zait... Horregatik erabaki nuen nik ere bide hori lantzea. Musika bakarrik ere egin dezaket eta egiten dut. Baina gustatzen zait beste parte hori, jendearen parean aritzea, jendea zirikatzea, dantzan jartzea, barre eginaraztea...». Rockalean proiektuaren helburua, hain justu, hori da.

Badira musika kalera eramateko beste modu batzuk; bandak eta txarangak kasu. Piratak ondo ezagutzen ditu batzuk zein besteak.

«Errenteriako Udal Banda oso garrantzitsua da niretzat. Hor hasi nintzen. Aitonak bandan jotzen zuen, aitonaren anaiek berdin... Gaur egun utzita daukat, negua Madrilen lanean ematen dudalako eta ezin naizelako entseguetara etorri. Baina, niretzat, Errenteriako Udal Banda ikono bat da eta deitzen nautenean, posible baldin badut, ez dut hutsik egiten».

Pirataren ustez, bandak dituzten herrietan arima berezi bat arnasten da eta bandak zaindu egin behar dira. «Hemen, Oreretan, uztailaren 21ean, madalenetako txupinazoa ez litzateke ulertuko bandak ‘txunpa-txunpa’ abestia jo gabe. Oso une berezia eta esanguratsua da. Era berean, herrietako banda askok beren jarduna gaurkotu egin behar izan dute, egungo garaietara egokitu. Adibidez, aurten herriko festetan gure banda talde baten laguntzarekin aritu da abesti ezagunen bertsioak jotzen. Sekulako apustua izan da eta emaitza, zoragarria. Zumardia jendez lepo eta jende guztia kantuan».

Txarangetan ere asko aritutakoa da. «Txaranga dagoen musikarik herrikoiena da, kalekoena. Badira goi mailako musikariek osatutako txarangak eta badira, era berean, kaleko musikariek osatutakoak, ikasketarik gabekoek. Batzuk zein besteak primerakoak dira. Txaranga herria da, herriari gustatzen zaion musika jotzen duelako».

Txarangako musikaria anonimoa da, taldeko beste bat da, ezinbestekoa txarangak funtziona dezan, baina oharkabean pasatzen dena talderik gabe. Musika munduan ikusten diren ego puztuetatik aparte dago txaranga. «Musika munduan ego asko dago, gaizki ulertutako fama asko. Hori ez zait batere gustatzen. Nire lana eta igeltsero batena berdinak dira, bakoitza bere esparruan. Nik musikari ona naizela uste dut, nire mugekin, eta egunero ikasten segitzen dut. Lanerako deitzen didatenean, lanera joaten naiz eta ahalik ondoen egiten dut. Edozein ofiziotan bezala. Arazoa da askoren begietara gurea ez dela lana. Hori da aldatu behar den ikuspegia».

Paretarik gabe aritzea

Bandan, txarangarekin, Rockalean proiektuarekin... kale-kalean aritzen da Pirata, oholtzarik gabe, entzuleak parean dituela. «Niretzat gozamena da paretarik gabe aritzea, parez pare. Rockalean proiektuan oso errepertorio anitza jotzen dugu eta oso sentsazio berezia da jendea parean izatea. Nik, esaterako, oholtza oso handietan jo izan dut, 10.000 lagunen aurrean, eta askoz nahiago dut kalean jo. Oso berezia da».

Musikaz bizi da eta ondo daki zein gogorra den hori. «Zenbat lan egin behar den lanik ez egiteko! Krisi une larriak ere izan ditut; musika alde batera utzi eta beste lan batean hasteko gogoa izan dut», aitortu du. «Musikari eta kulturari, oro har, ez zaio baliorik ematen. Horretan erru parte handia daukate telebistek, irratiek eta komunikabideek oro har, ez dutelako kulturaren aldeko apustu seriorik egiten. Ikusten duguna kontsumitzen dugu. Telebistan eta irratian beste era bateko musika entzungo balitz, kalitateko musika, jendeak hori kontsumituko luke. Baina errazagoa da jendea reggaeton eta antzeko zikinkeriarekin lokartuta izatea, ez dezan gehiegi pentsatu. Niretzat gaur egun musika urez betetako bidoi handi bat da. Goiko partean olio geruza bat dauka eta hori da goitik begiratzean ikusten duguna, musika komertziala den olio geruza hori. Horren azpian, baina, ur mordoa eta gardena dago, hainbeste eta hainbeste estilo eta artista, sekulako aberastasuna... baina hori ez da ikusten». •