joseangel.oria@gaur8.info
KROAZIA

Kolinda Grabar-Kitarovic presidente kontserbadorearen asmoari kiratsa dario

Futbol zelaietako agintaririk jatorrena zirudien bere herrialde txikiko selekzioaren kamiseta jantzita etxeko futbolariak zein aurkariak besarkatzen zituenean, baina Kolinda Grabar-Kitarovic presidenteari «kalkulu politikoa» leporatzen diote analistek, 2020an egingo diren hauteskundeen ondoren lehen ministro bihurtzeko borondatearen arabera egindako kalkulua.

Eta Errusiako joko zelaian asteotan Grabar-Kitarovicek egin dituen mugimenduak, bere iragan ilun eta onartezinena ezkutatzeko estrategia baten zati baino ez omen dira.

Analista batzuek «maitagarri» hitza erabili dute emakumea deskribatzeko, beste batzuek haren joera politikoa azaltzeko «hiperpopulista» esaten duten bitartean. Protokoloa ez dago Kolinda Grabar-Kitarovicentzat eginda: bere selekzioak gola sartzen zuen bakoitzean, zalerik sutsuenaren pare jartzen zen. Eta telebista kamerek, jakina, bazuten nora begiratu.

Eman nahi zuen irudia elikatzeko, Kroaziako Gobernuak baieztatu zuen presidenteak Errusian egin zituen egunetako soldata ez duela kobratuko. Gainera, hegaldiak bere poltsikotik ordaindu zituen, partidetako sarrerekin egin zuen moduan. Hegazkinean eserleku merkeetakoak hartu zituen eta estadioetan eskaini zioten VIP gunera joateko aukerari ezetz esan zion. Gainerako zaleekin batera oihu egin eta disfrutatu nahi zuen Grabar-Kitarovicek.

Partida bakarrean egin zuen kale presidenteak: Ingalaterraren aurka jokatutako finalerdia bertatik bertara ikusi gabe geratu beharra izan zuen, Belgikara joan baitzen NATO erakundeak egin zuen gailurrean esku hartzera. Kontuan hartu behar da politikariak berak Aliantza Atlantikoan egin zuela lan, 2011. eta 2014. urteen artean, hain zuzen ere. Bruselan gainerako agintariekin zegoela, Donald Trump AEBetako presidenteari eta egun hartan aurkaria zuen Theresa May Britainia Handiko lehen ministroari Kroaziako kamiseta bana eman zien. Gailurra utzi eta berehala joan zen Moskura, Frantziaren eta Kroaziaren arteko finala hartu behar zuen hiriburura.

Finala galdu egin zuten kroaziarrek, baina baldintza horietan ere Grabar-Kitarovicek bere irudia handitzen jarraitu zuen. Emmanuel Macron presidente frantsesa bera ere estutu zuen, inoiz ikusi gabe genuen «besarkada festan». Gainera, kristauen santuen pare jartzeko, Moskuko hodeiek beren karga askatzea erabaki zutenean, berehala zabaldu zuten antolatzaileek aterki beltz handi bat Vladimir Putin Errusiako presidentea busti ez zedin (badaezpada ere), frantsesa eta kroaziarra blai eginda zeuden bitartean. Bost axola kroaziarrari.

Mediatoolkit datuen analisia egiten duen etxearen arabera, Grabar-Kitarovicek selekzioak berak baino oihartzun handiagoa izan zuen finala jokatzen ari zela: %25 gehiago. Luka Modrici Urrezko Baloia eman zioten, futbolaririk onena izan zelako, baina berak ere ezin izan zuen presidentearen presentzia gainditu.

Kroaziako hedabideek diote une honetan presidentea dela herrialdeko pertsonarik ezagunena, eta hori oso ona da politikan arrakasta izan nahi duenarentzat.

Berrogeita hamar urte ditu lau hizkuntzatan egiten duen emakumeak. 2015ean, presidente kargura iristen zen lehen emakume bihurtu zen. Baina azken bolada honetan agertu duen zaletasuna bera ere susmopean jartzeko modukoa da, Dejan Jovic politologo kroaziarrak esan duenez. Berak egiten duen irakurketaren arabera, «beti gizonezkoenak izan diren eremuak» mendean hartzeko baliagarria da futbol zaletasun hori, gaitasun handiko buruzagi moduan agertzeko, baina herritar gehienen babesa galdu gabe. «Bere ikuspegi politikoari dagokionez, kontserbadorea da, populista eta nazionalista, nahiz eta Munduko Futbol Txapelketan ikusitakoak ikusita zaila egiten den hori horrela dela sinistea», Zagrebeko Unibertsitateko Zientzia Politikoetako irakasleak esan duenez.

Politikan hasi aurretik, Kolinda Grabar-Kitarovicek urtebete egin zuen AEBetan, ikasten. Kroaziara itzuli eta Hispaniar eta Ingeles Literaturako ikasketak egin zituen. Ikasle zela, Zientzia eta Teknologia Ministerioko aholkulari lanetan hasi zen. Kroaziak Kanadan duen Enbaxadan hiru urte egin zituen ondoren. 2000ko hamarkadan Gobernura itzuli zen, Europar Gaietarako ministro izateko, Atzerri ministro bihurtu aurretik. Ondoren itzuli zen AEBetara, aurkariek ahaztu nahi ez duten lehen eskandalua gertatu zen herrialdera: bere senarrak Enbaxadako automobil ofiziala askotan erabili zuen bere kontu propioetarako, eta Kolindak Grabar-Kitarovicek berak ere bai, noizbait. Gaizki gastatutako dirua itzuli zuen berria zabaldu ondoren, baina beranduegi zen kaltea saihesteko. Zagrebeko Gobernua bera ere erortzear egon zen. 2010eko eskandalu hura kontuan hartuta, hobeto ulertzen da orain presidenteak gastu guztiak bere poltsikotik ordaindu dituela horrenbestetan esan behar izatea.

Onarpen mailak behera egin zuen garai hartan. Edonola ere, NATOk fitxatu egin zuen eta 2015ean egun duen postua lortuko zuen. Doktoretza ikasketak amaitzen ari da unibertsitatean, presidente karguak ez baitio horrenbeste denbora eskatzen.

Giza eskubideen defendatzaileek salatzen dutenez, Kolinda Grabar-Kitarovicen eta bere Kroaziako Batasun Demokratikoa izeneko alderdiaren ikuspegia xenofoboa da, 2015eko errefuxiatuen krisian garbi ikusi ahal izan zenez. Gobernuak berak baino jarrera gogorragoa, erradikalagoa, izan zuen presidenteak eta momentu jakin batean mugak babesteko Armada bidaltzeko aukera aipatu zuen. «Egungo lehen ministroa baino kontserbadoreagoa da alor guztietan», esan du Dejan Jovic politologoak. Muturreko jarrera horrek eraginda, Europar Batasunak eta Amnesty Internationalek ere errieta egin zioten Kolinda Grabar-Kitarovici.

Presidentea gehiago kezkatzen du beste exodoak, ordea; Kroaziatik alde egiten duten herritarrenak: «Bere profil politiko tradizionalistak agintzen duenez, kezkatuago dago herrialdetik joan diren kroaziarrengatik, Kroazian bizi nahi luketen etorkin edo errefuxiatuengatik baino. Lehenengoak asko dira, eta besteak oso gutxi». Kroaziaren populazioak behera egin du azken 30 urteotan. Eta Kolinda Grabar-Kitarovicek uste du joera horrekin segituz gero, biztanlerik gabe geratuko litzatekeela Kroazia. Jaiotza tasak gora egin dezan neurriak hartzeko eskatu zion Gobernuari, bere garaian.

Orain, berriz, futbol selekzioak sekulako arrakasta lortu duela-eta, optimismo hori erabili nahi du gazteak herrialdean gera daitezen, migratzera behartzen dituen pesimismoa gaindi dezaten. Pesimismoa baita, presidentearen iritziz, Kroaziak duen ezaugarririk inportanteena, alde egitera bultzatzen duena. Giro nagusia aldatzea litzateke irtenbidea.

Grabar-Kitarovicen arrakastaren arrazoietako bat Gobernua kritikatzeko bere joera da; eskuinekoa zein ezkerrekoa izan, berak egurra eman izan die betidanik, eta gizarteko sektore zabal batzuengana iristea lortu du: «Kritiko izanda, baztertutako pertsona batzuk hurbiltzen zaizkio; eta bere erretorika eta jarrera nazionalistak, erakargarriagoa egiten du eskuineko sektore batentzat».