Ramon Sola

Maravillasen irakaspenak; bi kontraesan eta post data bat

Larritasun handiz bizi izan zen Nafarroan pasa den astean Maravillas gaztetxearen inguruan piztutako liskarra. Eta ez zen gutxiagorako, giza mailan polizia oldartzearen arriskuak begi bistakoak zirelako eta arlo politikoan “Aldaketa” deitu denaren sinesgarritasuna kolokan jartzen zelako. Hain larria al zen benetan egoera? Hustearen arriskua behin-behinean saihestuta, egunak pasa eta egoera bareturik, komeni da distantzia pixka bat hartu eta auzia perspektibaz aztertzea. Nabarreriako eraikin horrek bi kontraesanek talka egin duten bidegurutzea markatzen duelako. Eta, Maravillasek bezala, bi kontraesan horiek ere hor segitzen dutelako, nortzuek, nola eta noiz kudeatuko zain.

Lehen kontraesana, aurretik Gipuzkoan eta orain Nafarroan agerrarazia, herri mugimenduen nahien eta erakundeen ahalmenaren artekoa da. Herri mugimenduak zein erakundeak norabide bertsuan joan arren, lehentasun, jokamolde eta erritmo ezberdinak dituzte batzuek zein besteek. Eta teoria aski ezaguna bada ere (herri mugimenduek bidea aurretik zapaldu eta erein, ostean erakundeek orube horren gainean eraldaketak eraiki ditzaten), berau praktikara eramatea ez da erraza. Esaterako, beren autonomia ozen aldarrikatzen dute mugimenduek behin eta berriro, baina, noski, erakundeek ere autonomia beharko dute harreman zintzoa nahi bada. Kalean gehiengoa eta erakundeetan gutxiengoa izanik ez da Aldaketarik izango, ez eta kalean gutxiengoa eta erakundeetan gehiengoa izanik ere. Biekin izango da edo ez da izango.

Bigarren kontraesana, berez, kontraesana baino gehiago ere bada. Sarri ahazten den arren, indar askoren artean garatzen ari da Aldaketa (lau dira izenez, gehiago izatez). Ez luke inor harritu beharko Geroa Baik eta EH Bilduk gaztetxeei buruz iritzi oso ezberdinak izatea, objektiboki begiratuta potoloagoak diren beste arazo batzuen inguruan ere desadostasun nabariak dituzte-eta, abiadura handiko trena erakusle garbiena. Baina, berriz, Aldaketa sendotu nahi baldin bada, hauteskundeei begira ez da engainatzeko tarterik: egungo indar guzti-guztiak izango dira gehiengoari eusteko ezinbestekoak. Aldaketa guztiekin izango da edo ez da izango.

Post data orain, aurrekoaz aparte (edo agian ez, estuki lotuta): izanez eta bizi izanagatik, pertsona handia da Josefina Lamberto, ikaragarri handia. Maravillas ahizparen bortxaketak eta hilketak frankismoaren izugarrikeria bere gordintasun osoan irudikatzen du, eta bete-betean asmatu du gaztetxearentzat izen hori aukeratu duenak, Larragako neskatoa eta Iruñeko egungo gazteen artean nolabait 80 urteko haria luzatuz. Baina Josefinak beste zerbait ere islatzen du, nere irudiko: 1936an hasi zen tunel beltzaren ondorengo argia. Beronek azaldu du sufritutako eta gainditutako guztia: aita eta ahizparen hilketaren ostean, amari ezarritako pobrezia, berau serora joan beharra, Pakistango urte latzak, Elizarekin hartutako desengainua... eta gero, azkenik, behin Nafarroara itzulita, aitortza, arnas berriak, irauli politikoa, hiltzaile haien porrota... Iraultza handi baten ikur da, hortaz, Josefina Lamberto, Nafarroako historian “lau urteko iraultzatxoa” baino gehiago izatea merezi duen Aldaketarena alegia. Txikikeria litzateke, beraz, gaztetxe baten irudi izatera murriztea, nahita ala nahi gabe, are gutxiago erreferentzia hori Aldaketarako ezinbesteko diren beste indar batzuen aurka erabiltzen bada. Ez ahaztu 1936ko odolustearen biktima asko egun Geroa Baiko kide izango zirela. Maravillas ugari agian. Aita bera, Vicente, UGTkoa zen. •