Izaga, Xabier
IKUSMIRA

LANA, HIL EDO BIZIKO KONTUA

Asteon bi langile hil dira Gasteizen. Aurtengo zortzi hilotan berrogeitik gora Euskal Herrian. Lanaren definizio ugari eta haren gaineko askotariko iritziak daude, baina ez dirudi eztabaidagarria arriskugarria dela. Hildako bakoitza zaplazteko latza da haren familiarentzat, lankideentzat, langile guztientzat, gizartearentzat. Izan beharko luke. Horiek dira, ondorioengatik, lan istripurik larrienak, erabatekoak, baina haien artean larritasun handi edo txikiko beste ehunka istripu gertatzen dira, lanaren izaera arriskugarria egiaztatzen dutenak. Sarritan, maiztasun ikaragarriz. Zergatik gertatzen dira eta zergatik horren maiz? Kasualitate hutsak dira lan istripu guztiak? Saihetsezinak dira? Ezagunak dira hiru galderon erantzunak, eta horiek jakinda, etsigarria da kopuru beltza handitzen ikustea. Hitzak agortu egiten dira, errepikatu beharra daukagu, baina, etsi beharrean, gogoz eta indarrez aurre egin behar zaio auziari, hil ala biziko kontua da-eta. Xabier Izaga Gonzalez