08/09/2018

Reportage
TABERNARIA EZ DA EROTU
Bezeroen aurrean biluzteko unea heldu da, Telleriak idatzi eta Martinezek antzeztu

«Ordu erdiko destape mentala eta sentimentala» da Mikel Martinez aktoreak ikuslearen aurrean eskaintzen duena. «Tabernaria. Instrukzioak botatzeko ondo bat kaña» du izenburu eta Patxo Telleriarena da testua. Kontakizuna bukaeratik hasita, intentsitatea areagotzen du lanak amaierara (edo hasierara) hurbildu heinean, eta, bidean, betiko eta oso gaurko gaiak jorratzen ditu.

Nerea GOTI
0908_tabernaria1

Aspalditik ezagutzen duzun tabernari batek egun batean geratzeko esango balizu, zer pentsatuko zenuke? Eta konprobatuko bazenu ez zarela zu konbokatu zaituen bakarra, beste ohiko bezero asko ere badaudela hitzorduan? Kañak zerbitzatzen trebea, tratuan adeitsu bezain diskretua izan den horrek asko esateko daukala egiaztatuko du ikusleak. Heldu da barruan pilatutako guztia askatzeko une hori eta saioaren bukaerara arte ez duzu jakingo zergatik egin duen.

Trantze horretan murgiltzen da Tartean Teatroa konpainiak egin eta Loraldiaren laguntzarekin kalean den “Tabernaria. Instrukzioak botatzeko ondo bat kaña” antzezlana. Patxo Telleriak idatzi eta zuzendua, testuari Mikel Martinezek jartzen dizkio gorputza eta arima publikoaren aurrean. Bakarrizketa da, formatu txikikoa, 30 minutuko iraupena du eta ikusleak oso gertutik biziko du tabernariaren arrangura.

Kondentsatu bezain intentsua, antzezlanak badu beste ezaugarri bitxi bat ere, istorioa kontatzeko moduari dagokiona. Bizitzan gertatzen ohi den moduan, lehenengo begiradan ikusten dena ez da beti istorioaren hasiera izaten.

Argiak piztu eta tabernariak alde egiten duenean, ikusleak aurpegi eta izen errealak jarriko dizkio seguruenik, eta batek baino gehiagok hari entzundako hausnarketaren bat buruan iltzatuta gordeko du. Zertzelada bat ematearren, antzezlaneko tabernaria ez da inoiz zoriontsua izan, baina txarrena da ez duela inoiz zoriona faltan bota, onartzen duenez. Berari buruz Patxo Telleria obraren egileak kontatzen du «gizon zintzoa» dela, hori bai, «agian kontzientzia sozial gehiegirik gabea». Antzezlanean, baina, gai ugari jorratzen dira: lanbidea, frustrazioa, maitasuna, turismoaren gorabeherak, lan baldintzak, mundu zaharra eta berria...

Patxo Telleriak dioenez, norberaren sentikortasunaren araberakoa izango da istorioak utzitako aztarna, edo bakoitzak «antenak» non jarrita dituen araberakoa. Baina ikuslearen aurrean jarri den «gizon apal» horri «ordura arte zituen eskemak jausi zaizkio», zerbait gertatu zaio eta horregatik «sekulan egin ez duena egiten hasi da».

Testuinguru horretan, Mikel Martinez aktoreak nabarmendu du batzuetan sumatu duela pertsonaiak dioenarekiko «onespena» publikoaren artean, «irribarreak eta samurtasuna». Harrera ona izan duela antzezlanak dio, nahiz eta sarri ikusleak «apur bat harritu».

Ez da lanbide arrotza

Tabernari lanbidea ez da arrotza Mikel Martinezentzat. Telleriak GAUR8ri kontatu dionez, Mikelek Cafe Bilbaon izan duen ibilbide profesionalak zerikusi handia izan zuen testuaren sorkuntzan, «ofizioa berez zetorren». Horren harira, Martinezek gaineratu du lanbidea gertutik ezagututa ere, «tabernari gutxik kontatuko» lituzketela «hemen kontatzen diren gauzak». Hala ere, erraz kokatzen da ikuslea aktorearen azalean, ez delako zaila «denok sentitu ditugun gauza batzuekin identifikatzea». Kasu honetan, gainera, ohiko paperak irauli egiten dira, entzutera ohituta dagoen langile horrek beste jarrera bat hartu du, eta publikoa da saioaren protagonista isila, mezuaren hartzaile bikoitza, bezero eta ikusle modura.

Bakarrizketa formatua gustuko du Mikel Martinez aktore bilbotarrak. Dioenez, publikoaren aurrean jarri behar duenarentzat «zailtasunak» zein «meritua» suposatzen ditu bakardadean aritzeak, «batez ere haria galdu eta berreskuratzeko beharra baldin bada». Baina «abantaila» bat ere badauka Martinezen ustez: «ikuslea askoz errazago harrapatzen duzu». Ikusle modura ere, «magia berezia» ikusten dio istorio bat kontatzeko era horri. Aktorearen eta publikoaren arteko komunikazio ariketan nabarmentzen duen beste elementuetako bat hizkuntzarena da, «kasu honetan istorioa euskaraz kontatuta dagoelako».

Atzetik aurrerako kontakizuna

“Instrukzioak botatzeko ondo bat kaña” dio antzezlanaren azpitituluak. Bada, hitz joko horrek zerikusi handia du istorioa kontatzeko Telleriak aukeratu duen ordena kronologikoarekin. «Dramaturgo bezala ariketa hori egin nahi nuen. Askotan bukaeran dago giltza, eta, nik, kasu honetan, alderantziz kontatzearen dramaturgia ariketa egin nahi nuen, alderantziz kontatu eta bukaerarako publikoak amaiera bezala ulertuko zuen zerbait ustea, nahiz eta istorioaren hasiera izan», azaldu du

Telleriak aipatzen duenez, denbora da istorioaren leitmotiva: «Tabernari honek slow estiloa defenditzen du, gauzak astiro egin beharra, arretaz, ganoraz, maitasunez, kaña bat ondo botatzearen dohaina...». Hirugarren arrazoi bat ere badago atzetik aurrerako kontakizuna aukeratzeko: istorioa arretaz jarraitzearen beharra bultzatzea, «puzzlea zuk zeuk osatzea, ahalegin mental hori egitea». Horren harira, ariketa horren barruan gauzak ulertzeko prozesua bera eraldatu dutela aurreratu du Telleriak: «Askotan, zerbait geroago ikusiko dugun erreakzioagatik ulertuko dugu».

Antzezlana Cafe Bar Bilbaon estreinatu zen eta azken hilabeteotan espazio ezberdinetatik pasatu da, azkenetako bat Bilboko Kafe Antzokiko Kutxa Beltza, Gabriel Aresti euskaltegiak antolatuta. Antzezlana ikusteko hurrengo hitzordua, berriz, Bermeon da, hilaren 13an, Mikroteatro jaialdian. Arrietan, azaroaren 23rako finkatuta dago saioa.

Antzezlanaren formatuari begiratuta, Mikel Martinezek azaldu du taberna giroan antzeztua izateko pentsatua badago ere, erraz molda daitekeela bestelako espazioetara ere. Aretoa girotzeko barra eta garagardo iturria jartzea ala hori bera antzeztea ez da arazo eta, obra, beraz, espazio eta giro ezberdinetara egokitu daiteke. Hala ere, formatu handiko lanekin gertatzen denaren kontrara, «gauza txiki, merke eta antolatzeko errazek» ez dute gurean zirkuitu finkorik, Martinezek dioenez. Telleriaren ustez, zinearen munduan film laburrekin gertatzen den antzeko fenomenoa ematen da formatu txikiko antzezlanekin. Saltzeko orduan ere, «beti daukate arazo gehiago, baina horrekin jada kontatzen dugu».

Amaitzeko, aipatu Martinez eta Telleriak aurreratu dutenez, taberna giroa obra eskaintzeko egokiena izanik, Tartean Teatroa konpainiako tabernari bitxia Cafe Bar Bilbaora itzuliko dela noiz edo noiz neguan zehar. Horrek, hori bai, «data eta ordutegi egokienekin asmatzea» ekarri beharko du, taberna itxi egin beharra izango baitute saioek iraun bitartean.

Tabernariaren desirak, zalantzak, beldurrak, ezinegonak... eta betiko eta gaurko hainbat gai biltzen ditu 30 minutuko bakarrizketak, publikoa bera protagonista isil bilakatuz

Tartean Teatroa konpainiaren «Ez dok hiru. Euskal Musikaren benetako istorioa» aurreko lana bezalaxe, honako hau ere taberna giroko espazio eszenikoetarako pentsatuta dago