Dabid Lazkanoiturburu
IKUSMIRA

«GOSETEAREN HARRIA» BISTAN TXEKIAN, ELBA IBAIERTZEAN

«Gosetearen Harria» bezala ezagutzen da (alemanez «hungerstein»). Duela mende bat pasa, 1904an, Elba ibaiaren inguruetan pairatzen ari ziren lehortea gogoratzeko mezu ikaragarria izkiriatu zuten harrian lanik gabe geratutako baltsa-gidariek. «Ikusten banauzu, egizu negar», irakurtzen da uda honetan Erdialdeko Europak pairatu duen sikateak Elba ibaiertzean begi bistan utzi duen harrian. Garai hartan, Txekiako Decin herriko jendea ogibiderik gabe geratzen zen ontziek ibaian barrena ibiltzerik ez zutenean. Argazkikoaren pareko hogei bat «Gosetearen Harri» daude Elba ibaian zehar, zaharrena 1616an zizelkatutakoa. XX. mende hasieran, Morabiarekin batera egungo Txekiar Errepublika osatzen zuen Bohemia, Decin tartean, Austria-Hungariako Inperioaren baitan zen. Egun 50.000 biztanle ditu eta gero eta sarriago ikusten da bertako harria, aldaketa klimatikoaren ondorioz. Gobernuak presa bat egiteko asmoa du, eta ekologistek ingurumenean ondorio larriak izango dituela ohartarazi dute. Dabid LAZKANOITURBURU