15/09/2018

Reportage
MUGIMENDU ANTIESPEZISTA
NOR Euskal Herria talde sortu berriak justizia sozialaren aldeko borroketan kokatu nahi du antiespezismoa

«Gizaki gisa ditugun pribilegioez jabetzea» eta horien ondorioz gizakien eta gizaki ez diren animalien arteko harremanak «botere harremanak» direla barneratzea. Horixe da mugimendu antiespezistaren borrokaren norabide nagusia. NOR kolektiboa sortu berri da, indarrak batu eta gaia lehen lerrora ekartzeko.

Amagoia Mujika Telleria
0915_nor1

Duela aste gutxi sortu da NOR Euskal Herria Antiespezista, animalien askapenerako lan egiteko asmoz. «Indarrak batu nahi ditugu gainerako taldeekin, espezismoaren aurkako borroka beste mugimendu sozial eta politikoen esparruan kokatzeko. Antiespezismoa zapalkuntza ororen aurkako mugimendu gisa ulertzen dugu, eta, ondorioz, kolektibo feminista, antikapistalista eta euskaltzale bat gara», aurkeztu du bere burua kolektiboak. Egungo mugimendu antiespezista sendotzea eta dagoeneko borroka horretan ari direnak saretzea ere helburu du, finean, «indarrak batzea».

Gainera, antiespezismoa justizia sozialaren aldeko mugimenduen artean kokatu nahi du kolektiboak. Beren hitzetan, «antiespezismoa jarrera politiko bat da, eta, ondorioz, gure tokia gainerako zapalkuntzen aurka lanean ari diren taldeen artean dago, espezismoaren aurkako borroka zapalkuntza ororen aurkako borroka baita».

Gogoeta piztea

Antiespezismoa ulertzeko eta barneratzen hasteko, NOR kolektiboaren ustez, lehen urratsa gogoeta egitea da. «Beharrezkoa da, lehenik eta behin, gizaki gisa ditugun pribilegioez jabetzea. Pribilegio horien ondorioz, gizakion eta gizaki ez diren animalien arteko harremanak botere harremanak dira. Boterea gizakion esku dago, eta, ondorioz, beste animaliak menpeko bilakatzen ditugu, objektu, baliabide huts. Hori aldatu nahi dugu, eta gogoeta piztea da hori lortzeko lehendabiziko urratsa».

Kolektiboak emandako datuen arabera, munduan 70.000 milioi ugaztun eta hegazti hiltzen dituzte urtean. «Euskal Herria ez dago errealitate horretatik kanpo; milioika animalia hiltzen dituzte urtean. Baserrian edo haztegi handi eta itxietan jaiota ere, denek patu bera dute zain: hiltegia. Sistema espezistak beste espezien gainean jartzen ditu gizakiak, eta horren ondorioz zapaltzen eta erabiltzen dira gizaki ez diren animaliak; horren ondorioz jartzen dira beste animalien oinarrizko interesak gizakien interesen azpitik, kasu guztietan. Bai eta naturan aske bizi direnean ere. Gizakiak hartzen du bere gain naturan bizi diren animalien populazioen kontrola eta kudeaketa», nabarmendu dute aurkezpenean. Antiespezistek kritikatu dutenez, «baserrian, haztegietan edo naturan, beste espezietako norbanakoak ez dira existitzen gizakientzat, eta haien interesen arabera baino ez dituzte kontuan hartzen beste espezie horiek».

Hartara, kezkagarria iruditzen zaien errealitate horren berri emateko sortu dute kolektiboa. Era berean, «antiespezismoari buruzko euskarazko edukiak» sortzea ere badago NOR taldearen erronken zerrendan.

Taldea sortu berri da, baina hemendik urte bukaerara dagoeneko finkatuak ditu hainbat helmuga. «Urrian, urte eta erdiz egindako ikerketa lan bat plazaratuko dugu. Ikerketa horrek agerian uzten du gizaki ez diren beste animaliekin dugun botere harremanak gizakioi ematen digun pribilegioaren aurpegirik gordinena. Bestetik, azaroan, manifestazio batera deituko ditugu Euskal Herriko antiespezistak, Bilbora, beste animalien aldeko jarrera argia eta sendoa hartzeko. Antiespezismoaren garaia hasi da, eta kalean erakutsi nahi dugu animalien askapenaren aldeko mugimendua mugimendu politikoa dela».

Maialen sagües

«Gero eta jende gehiago dago animalien alde borrokatzeko prest»

Zergatik behar da NOR taldearen gisako kolektibo bat Euskal Herrian?

Beste hainbat kolektibo antiespezistatan militatzen ari nintzela, konturatu nintzen mugimenduak bazituela bete beharreko hutsuneak, eta banituela gogoa eta tresnak hutsune horiek betetzeko lan horretan hasteko. Labur esanda, NOR taldeak lau helburu ditu: gizartea kontzientziatzeko komunikazio tresna eraginkor bat izatea; mugimendu antiespezista indartsu eta koordinatu bat sortzea; euskal antiespezista guztiak batuko dituzten egitasmoak antolatzea; eta, azkenik, antiespezismoari buruzko euskarazko edukiak sortzea. Hori premiazkoa iruditzen zait.

Taldeak nabarmendu du animalien askapenerako mugimendua politikoa dela. Zer mezu helarazi nahi duzue?

Gizaki gisa ditugun pribilegioei buruzko hausnarketa bultzatu nahi dugu; bat egin behar dugu, borroka egin ahal izateko gizaki ez diren animaliak baztertzera eta zapaltzera bultzatzen gaituen sistema honen aurka.

Zer-nolako lana egin nahi duzue beste taldeekin?

Gure asmoa da gure kolektiboaren eta besteen arteko harremanak estutzea, mugimendu indartsu bat garatu ahal izateko. Gero eta jende gehiago dago Euskal Herrian animalien alde borrokatzeko prest, eta fenomeno horren bozgorailu izan nahi dugu. Gure kideen ekinaldiak zabaldu, elkar ezagutu eta sare handi bat sortu nahi dugu.

Zein da jarraitu nahi duzuen bidea?

Animalien askapenerako mugimenduak zilegi den norabide bakarra du: transbertsala behar du izan. Ezin du mugimendu bakartu bat izaten jarraitu; sistema zapaltzaileaz kontzienteago izan behar dugu, eta bat egin norbanako guztiek sufritzen dituzten zapalkuntzen aurkako borrokekin. Mugimenduak urrats asko egin behar ditu, oraindik ere, formakuntzaren bidean; belarria prest izan behar dugu feminismoak, arrazakeriaren aurkako borrokak, kapazitismoaren kontrakoak, LGTBI kolektiboak edo bestelako taldeek plazaratzen dituzten eskaerak jasotzeko.

«Beharrezkoa da, lehenik eta behin, gizaki gisa ditugun pribilegioez jabetzea. Horien ondorioz, gizakion eta gizaki ez diren animalien arteko harremanak botere harremanak dira»

«Antiespezismoaren garaia hasi da, eta kalean erakutsi nahi dugu animalien askapenaren aldeko mugimendua mugimendu politikoa dela»