Nekane Zinkunegi Barandiaran

Cuenca alboan, iparra galduta

Asaldura eta txiste mordoa eragin ditu, Eusko Jaurlaritzaren Turismo Saileko iragarki batean, “Basque Country” Espainiaren erdialdean jarri izanak. Cuencaren ondoan edo, ezta? Egia esan, zalantza izaten dut halako akatsak ikusten ditudanean: ez dut jakiten arreta faltagatik egindako hanka sartzeen artean kokatu, edo malizia handiko norbaitek nahitara egindako azio txikia dela pentsatu. Izan ere, beldurra eragiten dit barneratuegi dugun eremu sinbolikoaren ondorio naturala izan daitekeela pentsatzeak.

Bai, badugulako eremu bat barneratuta Euskal Erdian. Bereziki, komunikabideetan darabilgun hizkuntzan. Hasteko, EAEko herritarrok osatzen duguna da “gu”-a, eta Arabari, Bizkaiari edo Gipuzkoari erreferentzia egiteko baliagarria zaigu “hemen”. Nafarroa ez dugu zaku horretan sartzen, Nafarroa izendatu egiten dugu, ez aitortza berezirik egiten diogulako, aparteko gisa ikusten dugulako baizik. Eta gero dago exotismoa: Lapurdiz, Nafarroa Behereaz edo Zuberoaz hitz egiteko baliatzen duguna –oso noizean behin, bistan da–.

Baina hori ez da larriena, Euskal Erdian kontsumitzen dugun aktualitateaz pentsatzen hasita. Azken asteotan, Espainiako Gobernuko presidentearen tesiek eta PPko buruaren masterrek ireki dituzte albistegiak eta markatu dituzte irrati tertuliak zein kafe bueltako eztabaidak. Kazetariok espekulazioari ere tartea eskaini diogu eta kristalezko bolari begira bageunde bezala aurreikusi dugu zein izan daitekeen Espainiako alderdi politiko nagusien mokokako eztabaidan hurrengo jokaldi estrategikoa.

Beraz, gure –bai, EAEkoon– erkidegoa Espainiako mapan hegoalderago edo ekialderago kokatzea bezain eta are kezkagarriagoa iruditzen zait gauden eran iparra galduta egotea. •