Ana Elosegi Serna
Harremanak Hezkuntza Elkarteko kidea

Barruko korapiloak

Zer harreman ote dauka zure lanbideak zaren horrekin, batik bat arlo sozialean? Ez baita gauza bera erizaina izatea edo suhiltzailea, makina erremintako tailerrean lan egitea edo kazetaria izatea… Nire kasuan, nire lanbideak nire bizitzan duen eraginaz gero eta gehiago ohartzen naiz. Psikologoa izanik, batzuetan kasu zail batzuk etxera eta lotara eramaten dituzu. Loa hartu ezinik egoten zara, bueltaka eta bueltaka, pazientearen osasuna bermatzeko pieza klabea zein izango den asmatu ezinik: elikadura ote, amarekiko distantzia, psikiatria, kirola, lagun bat edo bestea…

Batzuetan gure inguru hurbilak ez du nahi izaten inguruan psikologo bat egoterik; nolabait, beraien harremanak, beraien psikea etengabe epaituta sentitzen dituzte. Izan ere, askotan sumatu dut pertsona batzuen urruntzea, hainbesteraino non behin batek bazkari batean honakoa esan zidan: «Barkatuko didazu, benetan, baina ni urduri jartzen naiz zure presentzian, une oro nire psikea irakurtzen ari bazina bezala sentitzen naiz». Erantzun nion kontsultako atea itxi eta saiatzen nintzela deskonektatzen, eta, lasai egoteko, nik ez nekiela horrelakorik egiten. Beste batzuetan, lagunartean seme-alaben kezkak ateratzean, «neska, baino zu psikologoa zara eta hainbeste badakizu» edo «psikologoa izanda hori ez lantzea ere!» bezalakoak entzuten ditugu. Azkenengo pintxo potean, honakoa esan nion bati: «Ni Ana Elosegi naiz, eta, zuk bezala, nik ere kezkak eta egonezinak ditut».

Gure jendartean ez dago oraindik psikologoa ondo ikusia, beldurra diogu, kezka sortzen digu, ez da erosoa. Hobe da suhiltzailea, kazetaria, mekanikoa edo enpresaria izatea psikologoa baino. Teknologia berriek ere ez digute asko laguntzen gure osasunean eta patxadan, izan larunbat edo igande, bezeroek etengabe idazten digute-eta laguntza eske. Eta horrela ezin deskonektatu ibiltzen gara, kasu batzuei une zehatz batzuetan egin beharreko jarraipena ezinbestekoa delako; azkenerako, Whatsappen erabilera zoratuak 24 orduko lanaldi amaigabeetara garamatza.

Baina denak ez dira kexak, biziki maite dut nire lanbidea, nire lanbidetik eginiko harremanak ederrak dira, baita haur eta gazteen irribarrea eta kalean ikusitakoan dugun konplizitatea ere. Alta emandako bezeroen noizbehinkako mezuak, beraien bizitzaz hitz eginez, beraien aurrerapauso txikiez eta handiez... •