> #IñigoCabacasJustizia: ezinbesteko haria

Astelehenean hasi zen Iñigo Cabacasen heriotzagatik akusatuen aulkian eseriko diren sei ertzainen aurkako epaiketa. Elkartasuna Bizkaiko Auzitegiko ateraino ez ezik, sareetara ere iritsi zen, bi kasuetan bilbotar gaztearen familia babesteko asmoz. Jonathan Martinezek, berriz, gertaerak kokatu eta Ertzaintzaren oldarra nola gertatu zen gogorarazteko erabili du Twitter, ezinbesteko hari batekin.

Epaiketa hasi baino zenbait ordu lehenago, gaztearen senide eta lagunak, tartean haren gurasoak, Bilboko Justizia Jauregiaren aurrean elkarretaratu ziren justizia eskatzeko. Eskaera bera islatu zen sare sozialetan, eta bertan ere jende askok eskaini zion bere babesa Cabacas familiari.

Jonathan Martinezek Twitterreko hari batean gogora ekartzen du PSE Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Gobernura iritsi zela: «Baliogabetzat jotako ehun mila botok ahalbidetu zuten lehen aldiz PSOE, PP eta UPyDk parlamentuko gehiengoa izatea». Halaber, Rodolfo Ares Barne sailburuak ezarri zuen «erradikalen aurkako politika gogorra» ere gogorarazten du, eta GARA eta Iñigo Cabacasen familiaren abokatua ertzainak baino lehenago eseri zirela akusatuen aulkian.

Hariak oihartzun handia izan du, 5.000 aldiz bertxiotuta.

Horrela amaitzen da Martinezen haria: «Hauxe da Iñigo Cabacasen historia. Ezagutzen ez bazenuen, galdeiozu zeure buruari zergatik».

> Ekai eta LGTBIQ kolektiboa gogoan

Pasa den otsailean bere buruaz beste egin zuen gazte transexual ondarroarrari eta LGTBIQ kolektibo osoari omenaldia egin berri diete Ondarroan, gazteak 17 urte beteko zituen egunean.

Ekai Lersundi hormona tratamendua noiz hasi zain zegoen. Chrysallis elkarteak orduan adierazi zuenez, «borroka gehiegiri aurre egin beharrean» zen, bere identitatearen arabera bizi ahal izateko. Omenaldian monolito bat ipini zuten, eta transexualitatea gaixotasun gisa ez hartzeko galdegin zuten, beste behin ere.

Ekairen amak Facebooken partekatu du monolitoaren irudia, parte hartzaileei eskerrak ematen dien mezu batekin.

> Futbola, «Hispanitatea bestela ospatzeko aitzakia»

La Sexta telebista kateak ez ditu gustuko, nonbait, joan den astean Euskal Selekzioaren eta Venezuelaren arteko partidak utzitako irudiak. Espainiako kate horretako albistegi aurkezle batek esan zuenaren arabera, futbol partidu hori «mezu politikoak plazaratu, presoak etxeratzeko banderak eta esteladak erakutsi eta Venezuelaren aldeko mezu politikoak agertzeko aitzakia» izan zen.

«Jai ederra antolatu zen atzo Mendizorrotzako harmailetan», hasi zen La Sextako aurkezlea, eta ez zuen arrazoi falta; izan ere, bertako giroa ikusgarria izan zen. Harmailetan entzun eta ikusten ziren mezuen artean, Hugo Chavez Venezuelako presidente ohiaren begiak ere agertu ziren.

Aurkezleak berak esan zuen: «Hispanitatearen Eguna ospatzeko beste modu bat» izan zen.

> Harrera goxoa migratzaileentzat Oñatin

Oñatin dagoen errefuxiatu eta asilo eskatzaileen aterpetxeak igandean zabaldu zituen ateak eta 37 migratzailek hartu zuten aterpe lehen gauean. Berrehun bat herritar bildu ziren iluntzean Saharaz hegoaldeko lagunei harrera egiteko eta migratzaileek, esker onez, Mikel Laboaren “Txoria txori” abestu zuten.

Euskal Herriko beste zenbait txokotan, baina, ez dute horren harrera goxoa jasotzen. Migratzaileek bizi duten egoera gizarteratzeko asmoz egindako kanpamentua hustu egin zuten Bilbon. Astelehenean agerraldia egin zuen Bilboko Harrera Auzoak ekimenak Udalaren jarrera salatu eta aurrerantzean egin beharreko ekimenak salatzeko.

Irunen ere migratzaile dezentek kale gorrian egon behar izan zuten asteburuan. Hala ere, haiekin egon dira Irungo Harrera Sareko boluntarioak, migratzaileentzat harrera duin eta integrala galdegiten dutenak.

> Agur beroa sarean Delorean taldeari

Hemezortzi urteko ibilbidearen ostean, banatu eta agur esan du Delorean taldeak. Zortzi diskotan bildu duen ibilbidea ixteko ordua dela erabaki du aho batez eta bira bat egingo dute, agurtzeko.

Sare sozialen bidez jakinarazi du musika talde zarauztarrak ez duela jarraituko. Instagram kontuan idatzitako mezu zabal batean azaldu dute erabakia, «artea eta musika benetan direnari leial izanik, deseatzen duguna eginaz eta egiten duguna deseatuz» agur esaten dutela diote.

Jarraitzaileei eskerrak eman dizkiete eta haiek ere esker onez taldea agurtzeko baliatu dituzte sareak, askok taldearen abesti gogokoena gogoratuz.