Joxean Agirre

Irati txikiak

Hegazti, txori, narrasti eta piztia mota bakoitzak omen du bere hizkuntza. Adituen arabera, gainera, lekuan lekuko dialektoak osatzen dituzte, txokokeriak alegia. Eta ohiturak ere bai: igelek, esate baterako, hirunaka kantatzeko joera dute. Badaude gizakion hizkuntza imitatzen saiatzen direnak ere. Balmasedako taberna bateko loroak, belarrira xuxurlatuz gero, «Gora Euskadi askatuta» esaten zuen. Guardia zibilak barruan zirela norbaitek belarria berotu zion eta hiruzpalau aldiz aldarrikatu omen zuen esaldia eta kuartelera eraman zituzten loroa eta tabernan zirenak. Urrestillako lagun batek behin kontatu zigunez, Pako Aristiren aitonak zozo bat hezi omen zuen etxean eta “Eusko gudariak” kantatzen omen zuen.

Hegazti eta abereek bai, baina zuhaitzek hitz egiten al dute? Zuhaitzekin hitz egiteko frantziskotarra izan behar da, Pello Zabala bezala. Egunkari honetako bere azken zutabe bikainean ulertu nionez, besarkatu ere egiten ditu.

Orain dozena bat urte mila eta gehiago pago sartu nituen (bi semeek lagunduta), eta dagoeneko zeruraino luzatuta daude. Haiei begira tarte luzeak egiten ditut, hitz egitera iritsi ez banaiz ere. Hilabete barru gorri-gorri jarriko dira eta jaiotetxetik gertu Irati txiki bat dudala sentitu ohi dut.

Insignis pinuaren hondamendiari buelta emateko ez zait irtenbide hoberik bururatzen Irati txikiak sortzea baino, edo, Gipuzkoatik ari naizenez, Pagoeta txikiak izan daitezke. Ekologismoak bi hamarkadetan lortu ez duena onddo batek lor dezake oso urte gutxian: gure basoak eraberritzea. Horretarako, erakundeenak diren lursailetan (33.000 hektarea omen) jatorrizko basoak berreskuratzen saiatu beharko lukete, baina zalantza handiak ditut.

Bildu agintean zegoenean basoak eraberritzeko plan baten zirriborroa aurkeztu zuen eta kalapita txiki bat eragin zuen sektorean. EAJk abagune ederra du orain plan hobe bat baduela frogatzeko, baina, itxura guztien arabera, diru publikoarekin eredu estentsiboak laguntzen jarraituko du. •