Gorka Etxebarria Dueñas
Historialaria

«Mannequin challenge»

Ez naiz ari orain hiruzpalau urte modan egon ziren bideo horiez. Bati baino gehiagori tokatu zitzaigun arren horietan parte hartzea eta kamerari begiratu gabe geldi-geldi egotea (gogora beza bakoitzak bere anekdota). Sare sozialetako joan-etorri azkarreko apar uneak gorabehera, mannequin challenge terminoa berreskuratu eta birbataiatu daitekeelakoan nago. Manikien lehiaketa.

Harritu egin nintzen aurrekoan, goizean goiz lanera sartu aurretik ebaki bat eta tortilla pintxo bat hartzen nuen bitartean (to originaltasuna), ikustean berrietan zeri eman zioten izugarrizko garrantzia. Andaluzian hauteskunde autonomikoak egongo omen dira. Ez zitzaidan iruditu Estatuko kate sentsazionalista bateko albistegia goizeko lehen orduan irekitzeko bestekoa. Edo, agian, hori pentsatu nuen manikien lehiaketa delakoarekin bueltaka nenbilelako.

Badirudi Italian eta Espainian telebista kateen jabe denari eta bere aliatuei, hauteskunde prozesuak etengabe presente egotea interesatzen zaiela. Iluntzean telebista piztu nuen. Intrigaz. Eta bai, hor ari ziren, delako edo nolako aurkeztuko dela Andaluziako presidentegai izateko, hau edo beste alderditik. Litxarreria denda batean bezala sentitu nintzen. Gominola gorriak, beltzak, urdinak… edo guztietatik gutxi batzuk. Berdin zait, total, autobusa itxaroten dudan bitartean jateko dira. Laurogeita bi zentimo? Bai, tori, hementxe.

Labur iraun du politikaz hizki larriz arituko ginela zirudien garaiak: bake prozesua; Bilduren iritsiera udaletxeetara; Erregearen abdikazioa; Podemos, kasta eta populismoa... Eta berriro maniki txapelketa interes bako batera itzuli gara. Zein maniki duzu gustukoen? Berori jarriko dugu presidente besteek baino like gehiago jasotzen baditu. Ez naiz konspirazio zalea baina badirudi maniki guztiak leku berean egin dituztela. Zaila egiten zait fisikoki ere bata bestearengandik ezberdintzea: Emmanuel Macron, Pedro Sanchez, Pablo Casado, Albert Rivera, Justin Trudeau eta Manuel Valls.

Batzuek ez dute arrakastarik izan eta zakarrontzira bota dituzte. Non daude etorkizuneko sozialdemokraziaren lider gazte haiek, David Miliband edo Mateo Renzi? Laster hasiko zaizkigu hemen ere, batzuk zein besteak, udaberriko kolekzioa aurkezten. Udaletxeetarako, batzar orokorretarako eta nafar parlamenturako hautagai askotarikoak.

Aurrekoan, Okupatu Gasteiz! eguna ospatu zen. Milaka pertsonak kultura, etxebizitza eta komunikabideak gure eguneroko interesei lotuta garatu eta antolatu daitezkeela aldarrikatu zuten (a, bai, hori da!, mannequin challenge bat Hala Bedi irratian egin genuen!). Aurreko eguneko ospakizunaren harira, alkateak, nonbait, hurbil dagoen maniki lehiaketarako hobe zela horrelako jendailarekin ez nahastea pentsatuko zuen. Edo pentsaraziko zioten, zehatzago hitz egitearren. Hobe kontserbadoreen masa erraldoi horri zuzendu eta arazo formalak argudiatu, benetan desafio ideologiko eta politiko erreal bat denari baimenak kentzeko.

Asko, jada hasi aurretik aspertuak gaude datorren «mannequin challenge» berriarekin. Baina Gasteiztarrontzat erreferentzia izan diren guneak bizirik daude oraindik, eta berriak sortu dira. Eta hori, gure hiria bakarrik kontuan hartuta. Barruko har batek esaten digu baietz, lehenago edo beranduago, hasiko garela berriz politikaz hizki larriz hitz egiten. Eta albistegiak hasten direnean, arduraz baina baita poztasun hari batekin ere, belarriak tente eta begiak adi jarriko ditugula berriro. Ordura arte, denok lanera. Eta animo! Beharko dugu eta... •