Joana Garmendia

Lehendakaria eta periodikoa

Elkarrekin komunikatzeko hizkuntza erabili ohi dugu –esanahi jakindun hitz batzuk, arau batzuei jarraiki doituta, halako ordenan lerratuta–. Hizkuntza bera ulertzen dugulako uler dezakegu elkar. Neurri batean behintzat. Baina ez erabat; besterik ere behar da komunikazioan. Hitz egitea ekintza bat da, eta beti gertatu behar du nonbait eta noizbait. Testuinguru horrek ahalbidetzen digu parean dugunari ulertzea, hitzez eta arauez eta ordenaz haraindi. Komunikazioa ez da zulo beltz batean gertatzen, edo hiztegien barruan, edo gramatika-liburuen orrietan.

Testuinguruak maila askotako informazioa biltzen du, eta era askotara betetzen ditu hizkuntzaren zuloak. Laguntzen digu, esate baterako, hiztunak erreferentzia egin nahi dion pertsona edo gauza edo dena delakoa identifikatzen. Ezezagun bati esango nioke Anoetako plazako halako tabernan egingo dugula hitzordua; lagun bati, nahikoa nuke esanda halako ordutan elkartuko garela tabernan. Ez diot zertan argitu zein tabernari buruz ari naizen: laguna eta biok ari garenean taberna ezin izan liteke beste bat, “taberna” egunero kafea hartzen dugun taberna da –besteren bati buruz ari banintz, argituko nioke zein tabernaz ari naizen–.

Testuinguruko informazioa etengabe erabiltzen dugu hitz egitean, eta esaten zaiguna ulertzean. Horrek ez du misterio handirik. Ez gara jabetzen, ordea, horrek uzten duela halako arrasto bat esaten dugunean. Hitz egitean, agerian uzten dugu zein den entzulearekin partekatzen dugun testuingurua; edo, hobeto esanda, agerian uzten dugu guk zein testuinguru ematen dugun entzulearekin partekatutzat. Lagunak eta biok taberna berean eta bakarrean hartzen dugu beti kafea, eta hura da gu biontzat esanguratsuena den taberna, taberna guztien artean. Ez genuen sekula horretan ohartuki pentsatuko, baina horixe da biok onartzen dugun testuingurua gure tabernari buruz zerbait esaten dugunean.

Joan den astean okindegira joan eta «ogia eta periodikoa» eskatu nizkion okinari. Ez zen betiko dendaria, baina ez nion horri gehiegi erreparatu. Etxera iritsi nintzenean ohartu nintzen ez zidala nik erosi ohi dudan egunkaria eman, beste bat baizik. Errua nirea izan zen, jakina: dendari berriak ez zuen zertan jakin zein den nik etxera eraman ohi dudan egunkaria, ez genuen informazio hori partekatzen elkarrekin. Dendari berriak, baina, agerian utzi zuen zein den, bere ustez, izenik merezi ez duen egunkaria, argibide gehiagorik ezean erosleari eman behar zaiona: zein den “periodikoa”.

Garrantzi handirik gabeko okerra izan genuen hura, komunikazioan gertatzen diren huts askotariko bat. Larriagoak dira, nik uste, okerrik gabe pasatzen zaizkigun asko. Horixe gertatzen baita gure herriko egunkariek, aldizkariek, telebista eta irratiek hitz egiten digutenean. Lasai ederrean hitz egiten digute estatuaz, legebiltzarraz, gobernuaz edo lehendakariaz. Singularrean denak, bestelako argibide edo zehaztapenik gabe. Irakurle eta entzuleekin partekatzen duten testuinguruan estatu, legebiltzar, gobernu edo lehendakari bat eta bakarra baleude bezala. Eta esango nuke ezetz, hedabide horietatik gehienek ez luketela gogo onez onartuko hori emantzat jotzen dutenik guk irakurtzeko idazten dutenean.

Aise ulertzen diegu horrela hitz egiten digutenean, hori hala da. Baina horixe da nire kezka: errazegi ulertzen dugu elkar, onartutzat hartzen baitugu onartu nahi ez dugunetik asko.

Baina beste batean ekarriko ditut gobernua eta estatua eta legebiltzarra, singularrean denak, hona, astekarira. •