Itzea Urkizu Arsuaga

Pasioa

Ez dakit betebehar sozial bilakatu den, edo sozial izateko betebeharra hori ote den, baina, antza, bai ala bai erabili behar da Twitter, iritzi propioa zabaltzeko; nik nire itzala ikusteko, like eta RTen argitan.

Gogoan dut behin nola idatzi nuen, pasioek mugitzen dutela mundua; bai, behintzat, nirea. 2017ko apirilaren 4a zen, eta Korrikako lekukoa hartu eta pasatu berri nuen. Euskaraz eta haren unibertsoarekiko maiteminaz ari nintzen, eta baita gure dantza taldeaz ere; bizitza osoan bidaide izan dudan eskolaz. Gaur ere berdin idatziko nuke esalditxoa, nahiz eta neure buruari onartu, ameslariegia ere banaizela askotan.

Pasioek ez dituztelako beti bide berak urratzen. Sakatu, bestela, txori urdinaren irudia, eta irakurri. Has gintezke futbol partiduen inguruan sortzen den irain entziklopedia aipatzen: futbol aditu orojakileak vs futbola zelai politikotzat –edo– besterik ez dutenak. Txiolari monografikoak ere badira, gai baten bueltan eta bakarrik idazten dutenak. Edo, idazten dutena idatzita ere, beti koska bat gorago daudenak, esnobismo ezin-erakargarriago eta eskuraezin bat dariela.

Txakurrek beren espazioa markatzeko pixa nola, beren genero-rolak eta pribilegioak ez galtzeko mezuak hala idazten dituztenak ere izango dira tartean; bai, une batez adierazpen askatasunaren kontra jartzen nauten horiek guztiak. Kazetariak ere zientoka: batzuk, lan propioak zabaltzen eta gainerakoenak irakurtzen; beste batzuk, aurrez aipatutako multzo horietakoren batean.

Bai, badakit: Twitterren ibiltzen zaren horietakoa zara, baina ez duzu zure txiolari gustukoena sasi-sailkapen horretan aurkitu. Lasai, pasioa beste norabaitera bideratuko zuen, seguru. Nik jarraitzen ez ditudan gai eta harietara akaso edo, bestela, egurra ematera, ia mende laurdenez, euskara hutsean, rock izar izan daitekeela erakutsi digun taldeari; “koherente naiz nire kontraesanekin” aspaldi abestu zuenari. Halakoak gara: gaur, azkura ematen digute musika kate handikien jaialdiek, hala tokatu delako. Azal diezadatela, bestela, non dagoen koherentzia absolutuaren iraultza hori, agertoki erraldoiek banketxe handikien izena hartzen dutenean.

Bakoitza bere pasioek mugitzen dute, bai, eta nik behar baino ordu gehiago pasatzen ditut Twiterren. •