Amaia Urrejola
Sexologoa eta psikologoa Euskal Herriko Sexu Heziketa Eskolan

Sexu heziketa emozioetan heztea da

Sexu heziketa, sexua balore gisa hartuta heztea da, interakzio positibo eta sinergikoak sustatzeko helburuarekin. Eta herritarrak garen heinean, kalitatezko sexu heziketa jasotzeko eskubidea dugu, baita berau aldarrikatzeko ere. Sexu heziketa emozioetan heztea da, beraz, ezinezkoa da ez egitea. Hau da, etxean, eskolan, kalean, plazan eta abar une oro sexu heziketa egiten ari gara, baina, leku desberdinetatik, helburu ezberdinekin eta emaitza ez da beti hezkidetzailea izango.

Sexua eta sexuak nola ulertzen ditugun erabat baldintzatuko du egiten ari garen heziketa horretan. Zoritxarrez, mendeetan zehar, sexua belaunaldiak sortzeko instrumentu bat kontsideratu izan da. Ondorioz, sexua genesiaz (hasiera), generoz eta genitalez osaturik dagoen ideia heredatu dugu, genus paradigma, hain zuzen. Logika zahar horrek sexua genitalekin egiten duguna dela sinestarazi digu, koitoa bidezko jokabide erotiko bakarra bihurtu du eta eredu maskulinoa zentroan jarri du. Genus paradigmak sexuz paradigma ezkutatu du.

Horren aurrean, sexuz paradigmatik koitozentrismoaren, sexismoaren eta heteronormaren aurkako diskurtso sexologikoa eraiki da. Betiere ahaztu gabe, lehenengo kasuan, gainditu behar duguna zentrismoa dela eta ez koitoaren praktika bera. Negatiboa dena hori egin beharra edo besterik ez egin ahal izatea da. Ondorioz, ez dugu koitoa buruan soilik praktikatzen dugulako, beste ezeri buruz ez dugulako entzuten baizik. Azken finean, sexua tabua eta bekatua dela ikasi badugu, zikina dela transmitituko dugu. Sexua moral bikoitzetik epaitzen badugu, neska eta mutilen arteko harremana arriskutsua eta asimetrikoa dela irakatsiko dugu. Azkenik, sexua balore bat dela sentitzen badugu, naturala dela adieraziko dugu.

Sexu heziketa sexu aniztasunean heztea da. Koitoari eta orgasmoari buruz hitz egin beharrean, gorputz guztiari eta azalaren egarriari buruz jardutea da. Mutilen neurrigabeko desioa jorratu beharrean, neskak eta mutilak beraien desioen arduraz jabetzea da. Hala nola, ugaltze paradigma gainditzea eta hezkidetza egitea esan nahi du. Hezkidetza egiten dugunean sexu heziketa egiten ari gara eta alderantziz. Baina, egiten dena, orokorrean, berandu egiten da, eta arriskuetan eta urgentzietan zentratzen da, hau da, suak itzaltzen dira. Adibidez, bullying homofoboa, nesken gutxiespena, planifikatu gabeko haurdunaldiak... Garrantzitsua dena bigarren plano batean zokoratzen da eta ez dira baloreak kultibatzen. Ondorioz, sexuen arteko konfiantza falta eta prebentzioa sustatzen dira. Baina prebentzioarekin arriskuak saihesten dira, heziketarekin, ordea, baloreak kultibatzeaz gain, prebentzioa egiten da.

Funtsean, sexu heziketaren helburua, norbanako sexudun bakoitzak bere burua deskubritzea, ezagutzea, onartzea, kudeatzea, maitatzea eta gozatzea da. Aldi berean, sexuak berauen artean deskubritzea, ezagutzea, onartzea, kudeatzea, maitatzea eta gozatzea da. Horrez gain, bada ere kulturak eta gizarteak segregazioa, diskriminazioa eta sexuen arteko gudak sexuen arteko elkarbizitzarekin eta sinergiarekin ordezkatzea. Horretarako, ezagupen sexologikoa ikasi eta ulertu beharra dago, zorrotza izan behar da eta transmititu eta demokratizatu egin behar da. •