Antton Izagirre

Erdigunean

Azkenaldian euskaltzaleon ikuspegiak eta usteak hari beraren bi aldeetan banandu xamar ageri zaizkigu. Alde batean, euskararekiko atxikipena, hizkuntzaren hedapena eta erabilera atzera bidean, egonkortuta edo aurrera egin ezinean dauden ustea, eta, beste aldean, azken urteotan egindakoak fruituak eman dituela defendatzen dutenena.

Egia da datu objektiboek, neurketa eta emaitzek baterako zein besterako aukerak eskaintzen dizkigutela begiratzeko erabiltzen ditugun betaurrekoen arabera. Hala ere, interesa sor dezakeena ez da atzera begira ikuska dezakeguna, aurrera begira egiten ari garena eta egin asmo duguna baizik.

Berriki Altsasun egindako Nafarroa Oinez arrakastatsua eta euskararen ofizialtasuna Nafarroa osora hedatzearen alde egindako indar metaketa eta bildutako adostasuna aintzat hartuta, etorkizunari begira aritzeko hauspoa jaso dugu euskaltzaleok; ez hori bakarrik, politikariek euskara jardun politikoan erdigunean jartzeko mezu argia jaso dute.

Ondorengo egunotan Euskaraldiak hartuko du protagonismoa Euskal Herrian. Aukera ezin hobea, baikorren edo ezkorren arteko alderaketak alde batera utzita, aurrera begira elkarrekiko uztardurak bilatu eta guztiok batera aritzeko.

Aurtengoan, abenduaren 3an, Euskararen Eguna sinbolikoa izatetik harago, 11 eguneko ariketa sozial erraldoian murgilduta izango gara Euskal Herri osoan: euskara erdigunean jarriko dugu milaka ahobizi eta belarriprest euskaltzalek. Paparrean euskara eramatetik aho eta belarrietara eramateko baimena emango diogu elkarri, atzera begiratu gabe. •