03/11/2018

Reportage
ERREGULAZIOEN AURKA, GERRAN
Politikariak kontratatzeari ekin diote teknologiako handiek, erregulazioen aurka «lobby» lana egiteko

Pertsonal gaitua masiboki kontratatzen hasi dira teknologia munduko enpresak, agintariek Interneten ezarri nahi dituzten erregulazio zorrotzagoen aurkako bataila ortzimugan. Nick Clegg Britania Handiko lehen ministrorde ohia da Facebooken azken fitxaketa; eztabaida piztu du erabakiak politika horren azken xedeaz.

Aimar Etxeberria Korta
1103_clegg_1

Etsaia garaitu ezin denean hoberena berarekin elkartzea dela esan ohi da. Berarekin elkartu edo, bederen, berarengana gerturatu; seduzitu. Horretarako, behar- beharrezkoa da aurkari duzun hori ongi ezagutzea, ahulguneak detektatzea, limurtze ariketak fruituak eman ditzan. Egin maitasuna, ez gerra. Bada, dirudienez, ongi zorroztuta eta erabiltzeko prest dauka Facebookek sedukzioaren arma, behin erregulazioen –eta hauek indarrean sartzen dituzten gobernuen– aurkako gerra bere horretan irabazterik ez duela onartuta.

Lubakitik erretiratu eta sedukzioan inbertitzeak emaitza hobeak ematen dituela ohartu da Facebook, Google eta Amazonek, besteak beste, egin duten bezala. Hiruren artean, esaterako, bikoiztu egin dute politika publikoetan adituak diren langile kopurua. Erresuma Batuaz ari gara, eta soilik azken bi urteotako denbora epean, “The Daily Telegraph” berripaperaren arabera. Beste hainbeste gertatu da, baina, Ameriketako Estatu Batuetan ere, non maximoetara iritsi den teknologiako enpresa handiek lobby lana egitera bideratutako inbertsioa. Badu honek guztiak arrazoi bat: gobernu eta erakunde supranazionalek aipatu enpresen jarduera arautzeko –edo erregulazioak gogortzeko– hartu duten erabakia.

Bada teknologia munduko enpresa handiengan ematen ari den fenomeno komun bat: guztiak daude susmopean. Esaterako, inoizko isun handiena ordaindu behar izan du berriki Googlek monopolioaren aurkako legea haustea leporatuta eta ikerketapean da Amazon salerosketara bideratutako datu-sorta izatea egotzita. Facebook ere urakanaren begian dago; hainbat dira sare sozialak Bruselatik jaso dituen kexak: fake news-etatik hasi, Cambridge Analytica konpainiaren eskandaluarekin jarraitu eta Brexitaren erreferenduma edota Ameriketako Estatu Batuetako hauteskundeak baldintzatzen jokatu duen papereraino, besteak beste.

Sedukzio armak ez dira nonahi aurkitzen eta etsaiaren etxera jo du zuzenean Facebookek horien bila. Politikari eta parlamentuen beldur da sare soziala –batez ere, hauek indarrean jar ditzaketen arauek ikaratzen dute–, eta politikari bat kontratatu du bere gaitz guztien aurkako sendagai gisa. Ez egin gerra etsaiari, elkartu berarekin. Nick Clegg izan da zorteduna, baina izan zitekeen beste edozein; zurrumurruen arabera, lehen mailako politikari britainiar bat zuen jopuntuan Mark Zuckerberg sare sozialaren sortzaileak –George Osborne Finantza ministro ohiaren eta David Miliband laboristaren izenak aipatu dira, besteak beste–. Finean, lobby lana egitea da kontua, etsaia garaitu ez baina haren asmoengan barrenetik eragitea.

«Gai globaletarako burua»

Facebookek “Gai globaletarako buru” izendatu du Clegg. “Gai globalak”, edo hobeto esanda, gobernu eta erakundeen erabakietan eragitea, hauek sare sozialaren mesederako izan daitezen. Bi berezitasun nabarmen ditu 51 urteko Cleggen curriculumak. Hasteko, esan bezala, britainiarra da Facebooken azken fitxaketa, politikan ibilbide gorabeheratsua izan duena. Hain zuzen, David Cameronen Gobernuko lehen ministrorde izan zen 2010-2015 artean; 2017an, baina, britainiar Parlamentuan zuen eserlekua galdu zuen. Clegg ez da tory-a, liberala baizik, Britainia Handiko Alderdi Liberal Demokratako lider ohia.

Westminsterren igarotako denboraz gain, baina, bada beste elementu garrantzitsu bat Cleggen curriculum politikoan: Europako Legebiltzarrean emandako denbora. Cleggen izendapenarekin, adituen ustez, Bruselarekin dituen harremanak hobetzeko keinua egin nahi izan du Facebookek. Era berean, argi utzi du sare sozialak politikari britainiarra ez dela konpainiara une jakin bateko adabaki gisa iritsi, teknologia munduko erraldoiaren «izen ona mantendu» eta etorkizuneko erronkei aurre egiten laguntzeko baizik.

Datorren urtarrilean egingo du Silicon Valleyra mugitzeko urratsa Cleggek, eta izango dira hara iritsi bezain pronto erantzun beharko dituen hainbat galdera, gaur arte egin ez badu behintzat. Esaterako, konpainia handien aurrean gogor jokatu behar zela adierazi zuen Gobernu britainiarreko lehen ministrorde zenean, zerga-ihesari buruz hitz egiten ari zela. Bada jakin berri da Facebookek soilik 7,4 milioi libera esterlina ordaindu zituela iragan urtean zergatan Britainia Handian, konpainiaren salmentek herrialdean goia jo zuten urtean: 1,3 bilioi liberako irabaziak lortu zituen. Bestalde, deseroso sentitu daiteke “London Evening Standard” berripaperari Facebooken inguruan egindako adierazpen batzuen harira azalpenak eskatzen dizkiotenean. Izan ere, sare sozialak ez duela bereziki «liluratzen» esan zuen, honakoa aitortuz: «Egia esan, jasanezina egiten zait».

Kargua onartzerako, kontziente zen Clegg batetik eta bestetik kritikak jasoko zituela. «Badakit Silicon Valleyra mugitzeko hartu dudan erabakia oihuka isilarazten ahaleginduko direla hala ezkerrik nola eskuinetik ere», idatzi zuen politikari britainiarrak berak “The Guardian”-eko artikulu batean, bere erabakiaren zergatiak azaltzean. «Ezkerrak Big Tech-a kritikatzera jo ohi du, merkatu ekonomiaren erakusgarri delakoan. Eskuinak, aldiz, familia tradizionalaren aurkako mehatxutzat hartzen du teknologia».

«Botere erreala, azkenean»

Kritikak, baina, ez dira mugatu ezkerreko zein eskuineko talde politikoetara, eta ertz ugarikoak izan dira. Esaterako, bada Brexitaren aferan izan duen paperaren harira kritikatu duenik. People’s Vote ekimenaren aurpegi garrantzitsuenetako bat izan da Clegg, hots, Londres eta Bruselaren arteko balizko akordioa erreferendumean bozkatzearen aldeko mugimenduaren aurpegia izan da Facebooken azken fitxaketa. Rol berriaren ondorioz, baina, eta lobby lana egiten jarraituko badu ere, honen norabidea aldatuko du: Europar Batasunean jarraitzearen aldeko politikari ohien lobby lana utzi eta Facebooken izen ona hedatzearen aldeko jardunean sartuko da buru-belarri.

«Askotariko sentipenak eragiten dizkit gure herrialdeak etorkizunean gainerako herrialde europarrekin izan beharreko harremanen inguruan ematen ari den eztabaida publikoa uzteak», onartu du aurrez aipatu “The Guardian”-eko artikuluan. «Brexitaren dramak, baina, segituan egingo du aurrerako urratsa eta Parlamentura iritsiko da. Ni ez naiz dagoeneko legebiltzarkidea, eta ez daukat Lorden Ganberan esertzeko inolako desirarik. Ondorioz, eta behin Facebookeko rol berria onartuta, ez dauka zentzurik Silicon Valleyko lur hartzea atzeratzeak». Nonbait, ez da Legebiltzarretatik at herrialdeko eztabaida nagusietan eragiteko aukerarik, Cleggen arabera.

Zentzu horretan, bada Cleggen azalpena gogor kritikatu duenik ere. Esaterako, egin duenagatik «lotsatuta» dagoen pertsona baten hitzak irakurri ditu Nesrine Malik “The Guardian”-eko zutabegileak, gogoratuz Cleggen gutuna ehunka mila lagunek Londresko kaleak People’s Vote ekimenaren alde egiteko hartu zituzten egun berean publikatu zela. «Bera ez da legebiltzarkidea eta Brexita borrokatzea garrantzitsua da, baina honek ez du ziurtatzen karrerarik. Sinpleki esanda, agertokitik hegan alde egin du Cleggek. Indiferentzia eta atzera egin izana leporatzea saihestezina da».

Akusazio horrek beste kritika bati ematen dio bide, zeinaren arabera norberaren jarduna justizia sozialaren eta berdintasunaren aldeko kanpainan oinarritzea, honek soilik aberastasun pertsonala helburu duenean, boto-emaileez aprobetxatzea den. «Modu horretan, badirudi batek politikan ematen duen denbora etengabeko lan-elkarrizketa bat dela, irabazi handiagoko lan-aukeren bila ari dela. Guztien ongizatearen aldeko borrokak Parlamentua utzi ostean ere bere horretan jarraitzen du».

Bada, baina, gogorrago erantzun dionik ere, Carole Cadwalladr “The Observer”-eko zutabegilea esaterako. «Azkenean, botere erreal apur bat», leporatu dio Cleggi, Gobernu britainiarreko lehen ministrorde izatera iristea «iragan mendekoa» dela gaineratuz, ironiaz. Honek Facebookek Brexitaren inguruko erreferendumean izan zuen papera oroitarazi dio, nabarmenduz kanpainan aldeek inbertitutakoaren zati handi bat sare sozialera bideratua izan zela, «eta Brexitaren aldekoek gastu mugak gainditu zituztela, hauteskunde legea hautsi zutela, Errusiak jo puntuan hartu gintuela; bada, Facebookek guztia onartu zuen».

Izan da Cleggen fitxaketa begi onez hartu duenik ere, batez ere teknologia industrian. Sektorean uste dute bere limurtze lanek eman dezaketela fruiturik, baldintza batekin baina: Zuckerbergek belarriak oparitzen badizkio. «Zuckerbergengana duen sarbidearen arabera ikusiko da Cleggen fitxaketa apustu erreala den edo ez, eta, ondorioz, etorkizunean Facebookek gauzak ezberdin egingo dituen edo ez», adierazi dio “Politico”-ri bere izena argitara eman nahi izan ez duen industria sektoreko ahots autorizatu batek.

 

Argi-ilunak hamabi urteko ibilbidean

Hamabi urte eman ditu politikako lehen lerroan Nick Cleggek, sektore pribatura salto egitea erabaki duen arte. Askorako eman dezakete hamabi urtek; luzaroan gogoratzeko edota ahanzturaren kutxan giltzapetzeko momentuak utzi ditzakete hamabi urtek. Zerua eta infernua ezagutu ditu Cleggek urte horietan; telebistari esker jo zuen goia politikari britainiarrak 2010ean, eta hautetsontziek hondorarazi zuten 2017an.

David Cameron eta Gordon Brown izar nagusiak izanik, outsaider hutsa zen Nick Cleggek irabazi zuen 2010ko hauteskunde orokorren harira egin zen eztabaida telebisatua. «I agree with Nick» –ados nago Nickekin– izan zen eztabaida hartako esaldi errepikatuena. Telebistako platotik Westminsterreko Legebiltzarrera egin zuen salto Cleggek, bozen garaile suertatu zen Cameronen eskuineko eskua izateko. Bost urteko gestioak, baina, faktura pasa zien Liberal Demokrata britainiarrei, eta 2015eko hauteskundeetan ez zuten bost urte lehenagoko arrakasta errepikatzerik izan. Hondoa, baina, 2017an jo zuen, Westminsterreko eserlekua galdu zuenean; Jared O’Mara laboristak 1860tik laborismoa gailendu ez zen hauteskunde-barrutiko eserlekua irabazi zion.

Etsaiaren etxera jo du Facebookek berau limurtzeko armen bila; lehen mailako politikari britainiar bat nahi zuen Mark Zuckerbergek «lobby» lana egiteko

«Badirudi batek politikan ematen duen denbora etenik gabeko lan-elkarrizketa bat dela, irabazi handiagoko lan-aukeren bila ari dela», kritikatu dute Nick Cleggen erabakia