Mikel Zubimendi Berastegi

Estrasburgoko sorpresarik gabeko sorpresaren harira

Estrasburgok esan du “Bateragune auziko” bost minkideek ez zutela epaiketa justu eta epaimahai inpartzialik izan. Sorpresarik gabeko sorpresa, hortaz. Kalkulu hotza, ekuazio madarikatua zegoen epaiketaren atzean: bakea zigor egin eta gerra betiereko bihurtzea, mendekuaren logikarekin eskola egin eta gure ondorengoei «hauxe da dagoena, hartu ala hartu beste aukerarik ez duzue» mezua pasatzea. Estrasburgok esan gabe ere, “Bateragune” bezalako adibideak hitzak hiztegietan bezainbat ditugu. Zein baino zein aberranteago, krudelago, bilduma makrabo ere egiteraino.

Espainiak betiereko nahiko lukeen bide mendekatia da. Amorrua bularrean biltzen uzten ez duen izugarrikeria. Militante konkretuen kontrako praktika da, bai, mugimendu baten liderren kontrakoa, baina umiliazio sistema bat ere bada, ezkerreko komunitate abertzaleari bere idealen eta indarren gaineko konfiantza kentzeko, borondate kolektibo independentista likidatzeko. Pertsona konkretuen aurkakoa da, baina gure herriaren kontrako biolentzia masibo mekanizatua ere bada. Madarikatuak izan daitezela horrela jokatzen dutenak eta beren kalkuluak! Izango al gara, baina, aski argi eta kementsu ezarri nahi duten kate hori ahalik eta azkarren puskatzeko! Euskal Herriak, betiereko gerra baten kondena baino, inperfektuenetan den bakerik inperfektuena ere merezi duelako.

Hartara, independentzia helburu, ohar azkar batzuk: lehenik nor garen ulertu eta zer nahi dugun erabaki, hori dugu abiapuntu. Ez izan beharko genukeena pentsatu. Izan ere, pentsatzen dugunak baino, edo geure buruez pentsatzen dugunak baino, garenak gidatzen ditu gure erabakiak; eta erabakitzen duguna gara, gure-gurea den bakarra gure erabakiak dira-eta.

Herririk gabe politika hilda dago. Herria, komunitatea, baina, haizeak hautsa bezala dispertsatzen ari da. Kezkatzekoa eta alternatibak bilatzekoa da: praktikan eta imajinazioan, atomizatzen ari gara. Beldurtuago, zati txiki-txikitan banatuago gaude. Lotura, enpatia eta adeitasuna itzaltzen ari dira, eta, boterea, estatusa eta fama, balioa hartzen. Elur jausiaren arduradun sentitzen den elur malutarik ez dago. Usaindu ere egin ez diren hondamenen aurrean, hain zaila da iluntasunaren gure partea aitortzea! Euskal bizitza politikoaren berreskurapena komunitatea biziagotzetik pasatzen da, herri gogoa herri giro egitetik. Ez gobernuarena ezta merkatuarena ere ez den, eta sarri gutxietsia izan den, beste eremu hori indartzetik. Herria egitea ardatz duen kulturak beste politika bat sortzen du. Elkartasun soziala ehuntzen du, aberri libre baten gogomira proposatuz eta goratuz. Itxaropenik ez dela dirudienean, presente egiten du. Jendeak kontrola bere esku hartzea ahalbidetzen du. Ez dago formula magikorik. Jende determinatu eta ongi antolatua behar da, lana erruz eta serio egingo duen jendea. Denok gaude interpelatuta. Denok egin dezakegu, inori baimenik eskatu gabe.

Etorkizunaren gaineko aurreikuspen positiboak urritu diren aro historiko honetan, herri mailako erabakiak hartzerik izango dugula ziurtatzeko garaia da. Oso zentzuzkoa baita pentsatzea Espainiako sistemak gero eta disfuntzionalago bihurtzen jarraituko duela, haren haustura-puntura hurbiltzeko joerak ez duela etenik izango. Puntu horretarainoko bidaian, baina, ez dugu autoan eserita soilik joaterik; bolantea esku artean hartu behar dugu. Fuerte oratu, datorrenak gutariko asko zer esan ez dakigula utziko gaitu-eta. •