Ander Gortazar Balerdi - @derzu_uzala
Arkitektoa

Mapak (III)

Moroak gara behelaino artean?» liburuan Joseba Sarrionandiak dio geografia ez dela sekula egitasmo inozentea izan. «Mapak interes batzuen zerbitzuan egin dira, helburuak agerian utziz hemen, edo ezkutatuz han. Gauza batzuk kontatu edo irudikatu dira, beste batzuk ez kontatu ez irudikatu, eta beste batzuk desitxuratu edo asmatu egin dira. (…) Mapa bakoitzean, orainaz gainera, iragana dago. Eta etorkizuna».

Munduko mapa esaten diogun esferaren errepresentazioa adibide garbia da. Esfera bat gainazal bidimentsional batean proiektatzeko hamaika modu daude, baina bat ere ez da perfektua, arrazoi geometrikoak tarteko. Irudikapen bakoitzak du distortsio-mailaren bat, izan formari, tamainari, distantziari ala norabideei dagokionez. Proiekzio erabiliena Gerardus Marcator flandriarrarena da, 1569koa, baina ez da proiekzio inozentea inondik inora. Nabigaziorako lagungarria, herrialdeen tamainak guztiz distortsionatuak daude: Groenlandiak Afrikaren tamainakoa dirudi, egiazki hamalau aldiz txikiagoa izan arren. Oro har, ipar hemisferioa hego hemisferioa baino handiagoa ageri da, eta ipar poloa goian kokatzen badugu konbentzio kontu soil bezain ez-inozente batengatik da.

1946an, Richard Buckminster Fuller arkitekto eta asmatzaileak Dymaxion mapa patentatu zuen distortsio hauek ahalik eta gehien lausotzeko asmoz. Lurra ikosaedro batean proiektatu zuen horretarako, herrialdeen tamaina eta proportzioak modu orekatuan irudikatzen direlarik poliedroaren hogei aurpegietan zehar. Ikosaedroa, gainera, esfera ez bezala, arazorik gabe destolestu daiteke azalera bidimentsional baten.

Dymaxion maparen bertsio zabalduenak –azken finean, ikosaedro bat destolesteko modu mordoa dago– urez inguraturiko kontinente bakar moduan irudikatzen du lurra, Artikoa erdian duela. Zeinen gertu ikusten diren, bat-batean, Kanada eta Errusia, Japonia eta Europa.

Itxuraz honekin guztiarekin harremanik ez duen gai bat bolo-bolo dabil azkenaldian. Berotze globalaren karietara nabigagarri bihurtzen ari da orain gutxi arte nabigaezina zen Artikoa, eta honek ondorio asko izan ditzake geopolitikoki, itsasbideei dagokionez batez ere. Gaur egun, itsas-ibilbide nagusiek Asia ekialdea, Europa eta Ameriketako Estatu Batuak lotzen dituzte, Panamako eta Suezeko kanalak erabiliz horretarako. Artikoa nabigagarria balitz, %40ko distantzia-aurrezteak lor litezke, eta, ondorioz, baita tamainako erregai eta diru-aurrezteak ere.

Buckminster Fullerren heriotzaren 35. urteurrena ospatzen dugun honetan, etorkizun oparoa aurreikusten diot Dymaxion mapari, Artikoa erdian, itsasbide berrien zerbitzuan, helburuak agerian utziz hemen. Izan ere, mapa bakoitzean, orainaz gainera, iragana dago. Mapa batzuetan, nabarmen, etorkizuna. •