Ana Elosegi Serna
Harremanak Hezkuntza Elkarteko kidea

Bihotz mina

Badatoz laster kontsumoari gehitzen zaizkion datak, Black Friday, Gabonen aurreko erosketak… Eta denok, urtero legez, gure soldataren zati handi bat gastatuko dugu behar ez ditugun gauza mordoan, ni neu lehena. Umeen aitzakian ero bihurtzen gara guztiok dendaz denda, edota online erosteko erraztasunen arrisku zoroan erortzen gara. Hango jertsea eta hemengo zapatilak, jostailu eta janariak, gutiziak, krema eta koloniak…

Bien bitartean, txalupa txikietan jendea egunetik egunera hiltzen ari da. Haurdun dauden emakumeak bizi hobe baten bila patera ahuletan itsasoaren barrenean itotzen ari dira. Aurreko batean telebistan ikusi nituen Cadizeko hondartza batean gorpu bakartiak maindire batez tolestuta, bertako herritarrak hildakoen bularretan lore zuriak jartzen.

Telebistan afrikar gizon batek zioen uzteko Afrika bakean, guk, europarrok, lehen munduko biztanleok, Afrika bakean utziko bagenu beraiek ez liratekeela hona etorriko, beraiek han bizi nahi dutela. Mundu guztia dardarka hasiko litzateke itsasoan hiltzen ari diren horiek guztiak zuriak eta gizonak izango balira. Baina, aldiz, beltzak dira, eta Afrikatik errekurtso naturalak lapurtzea da Europari soilik interesatzen zaiona.

Egun hauetan buruan bueltaka ditut honako pentsamenduak; esaterako, zer balio ezberdina duen bizitzak han edo hemen jaio izate hutsagatik, edota sufrimendu bera jasateko gaitasuna ere nola aldatzen den bizi edo ikusten duzunaren arabera. Europan gurasoek maiz galdetzen dute ea haurrei trauma bat eragingo diegun ezezko bat esateagatik, eta, bitartean, Afrikako haurrek, Siriakoek, palestinarrek berebiziko traumak bizi ohi dituzte beren egunerokotasunean.

Greziako Olinpo mendian Siriako errefuxiatuak bizi dira gaur egun, duela hiruzpalau urtetik hantxe ahaztuta. Emakumeak, Sirian jihadistek bortxatu ostean, Olinpo mendian daude egun arima sendatu nahian. Nire lagun min bat hara joaten da urtero udaberrian sendagile lanak egitera. Bertan haurrak egunero ari dira hiltzen tuberkulosiak jota eta emakumeek haurdunaldi arriskutsuak dituzte. Arrisku horiek guztiak gorabehera, Europa zeharkatzeko bidaia ia ezinezkoak egingo dituzte. Eta gu, gure Euskal Herri maitean, zertan gabiltza? Gure haurren Olentzerotako opari eta janari goxoak noiz erosiko antolatzen!

Denon artean antolatuko bagina, jendarte justuago bat lortuko genuke seguru, gauza eta pauso txikiekin gauza mordoa lortu baitaitezke. Udaberri honetan hara goaz Harremanak Elkarteko kideak, gure kidetasun apurra partekatzera Olinpo mendira! •