Aimar Etxeberria
«KU KUX KLANEAN INFILTRATUTA»

Aurpegi zuriko polizia beltz bat, supremazisten artean

Colorado Springs (Colorado, AEB), 1978ko urria. Ron Stallworth, irakasle izan asmo zuen polizia, eta Ku Klux Klana; eta inork gutxik espero izango zukeen istorioa: beltz baten infiltrazioa arraza zuriaren nagusitasuna aldarrikatzen duen taldean. Tunika zuriak eta gurutzeak sugarretan, David Duke eta Ralph David Abernathy, supremazista zurien martxak eta talde antirrazisten mobilizazioak; “Ku Klux Klanean infiltratuta”, zinema aretoetara iritsi den Spike Leek zuzendutako kontakizun pertsonala.

Egunkariko iragarki bat du abiapuntu istorioak, eta helbide bat: «Ku Klux Klan, 4771 posta kutxa, 80230, Security, Colorado». Bertara idaztea erabaki du Colorado Springsko Poliziaren Inteligentzia Departamentuan lan egiten duen Ron Stallworthek; klanera batu nahi du. Bi asteren buruan, deia; Ken O’Dell, klanaren hiriko arduraduna, da telefonoaren beste aldean dagoena, aurrez aurre geratzea proposatuz. Abian da infiltrazioa.

Ni ahotsa, zu aurpegia

Lau urte daramatza ordurako Stallworthek Colorado Springsko Poliziarentzako lanean. 1972an egin zioten lehen lan-elkarrizketa; ez zen arraza beltzeko agenterik orduan unitatean. Lehen galdera, zuzenean harira: «Ezagutzen duzu Jackie Robinson? Izango al zinateke gai, hura bezala, probokazioetan ez erortzeko?». Beisbol jokalaria zen Robinson, aipatu kirolaren historia garaikidean goreneko mailan jokatzera iritsi zen lehen afroamerikarra. Ziotenez, haren arrakastaren zergatietako bat zen bere arraza kolorea zela-eta egiten zizkioten irainei kasurik ez egitea.

Infiltrazioa Ku Klux Klanean izanagatik, beltzen artean “ezkutatzea” da Stallworthen lehenengo isilpeko lana. Stokely Carmichael –Pantera Beltzen buruzagietako bat– dator hirira hitzaldi bat ematera. Eskubide zibilen aldeko borrokaren ikonoa bera, haren pertsuasio gaitasunen beldur da aginte poliziala. Stallworth bera, behintzat, liluratuta utzi du; dinamikoa zaio Carmichaelen jarduna, kasik hipnotikoa.

O’Dellekin irekitako komunikazio bideak, bere aldetik, eman ditu fruituak, eta hitzordua zehaztu dute; azaroaren 9an bilduko dira. Arazo bat dauka, baina, Stallworthek: beltza da. Eta beltza den heinean, ezin Ku Klux Klaneko lider batekin aurrez aurre bildu taldera gehitzeko jarraitu beharreko urratsen inguruan hitz egiteko. Aliatuak behar ditu, bere izenpean aurpegia emango duen norbait behar du; Chuck –unitateko kidea– izango da paper hori beteko duena, Stallworthen ahotsari aurpegia jarriko diona. «Polizia beltz bat Ku Klux Klanean infiltratuta? Erokeria! Uste duzu ez direla ohartuko?», gustatu zaio plana Chucki. Eta aurrez aurreko lehenengo bileran, albistea: David Duke, Ku Klux Klaneko “Mago Handia”, Colorado Springsen izango da urte hasieran. Bisitaren harira, 100 lagunez osatutako tropelak, tunika zuriak soinean, desfilatzea da helburua.

Ku Klux Klana ez da talde biolentoa, O’Dellen arabera, ez bada defentsa propiorako bederen. Hori bai, gurutzeak erreko dituzte hiriko puntu erreferentzialetan; nabarmendu egin nahi dute. James Bond agente sekretuaren film batean ikusitako metodoa erabiliz emango diete su; pospolo kaxa batean sartutako zigarrokin batek egingo du metxarena, horrek denbora emango baitie likido sukoiz bainatutako gurutzeak su hartu aurretik alde egiteko. Historikoki, klanaren ikurretako bat da sugarretan den gurutzea, tunika zuriak janztea den bezala. Horiekin, beltzen artean terrorea hedatzea dute xede. Superstiziosoak dira beltzak, eta mamuekin erlazionatzen dituzte tunika zuriak; borrokan eroritako soldaduen espirituak dira beltzentzat. Bileraren amaieran, “The Crusader” egunkariaren pare bat alerekin batera, Ku Klux Klanera batzeko baimen-orria eman dio O’Dellek Chucki.

Argazkia, elkarrekin

Urtarrilaren 7an, David Dukek Colorado Springsen bere agerraldia egin bezperan, onartuko dute Chuck, ofizialki, Ku Klux Klanean. Ordurako, lortu dute klanean bigarren agente bat ere infiltratzea: Jim. Biek ala biek gainditu beharko dute hastapen ekitaldia. Denverren izango da eta, besteak beste, honako arau-sorta onartu beharko dute klanera batu nahi duten kide berriek: arraza zuriaren jarraikortasunaren, zaintzaren eta garapenaren alde atsedenik gabe lan egitea; Ku Klux Klanari leiala izatea, hura baita egiazko klan bakarra; agintarien esanei men egitea; kalez jantzitako poliziei klanaren jardueren berri ez ematea; eta, anaitasunez, sozialki eta ekonomikoki klanarekiko dituzten obligazioei erantzutea, hil artean. David Duke, klanaren “Mago Handia”, presente dago ekitaldian.

Colorado Springsera, baina, urtarrilaren 10ean iritsiko da. Eta nola den patua; Ron Stallworth izango da haren bizkartzaina hirian igarotzen duen denboran. Ordura artekoa sinestezina bazen, surrealista da orain egoera; David Dukek ezagutzen duen Stallworth Ku Klux Klanera batu berri den arraza zuriko pertsona bat da, jakin gabe bizitza errealeko Stallworth arraza beltzeko polizia bat dela. Eskua ematen diote elkarri, eta errespetuz hartzen du Ku Klux Klaneko “Mago Handiak” bizkartzain izango duen agente beltza. Stallworthek, erdi txantxetan –lagunek ez diotela sinetsiko aitzakiatzat hartuta– argazki bat eskatzen dio supremazista zuriari. Uko egiten dio honek, baina Chucken laguntzari esker lortu du Stallworthek infiltrazioaren tamaina agerian uzteko behar zuen froga.

Guztia, ke

1979ko apirilean geratuko da infiltrazioa bertan behera. Aurretik, baina, bada Ron Stallworthen ikerketak argitara atera eta aipatzea merezi duenik. Esaterako, Ku Klux Klanaren eta Posse Comitatus taldeen arteko elkarlana. Klaneko kideak supremazista zuriak izateagatik nabarmentzen badira, are erradikalagoak dira Posse Comitatus taldeen jarraitzaileak. Eskuin muturrekoak dira, eta lokalismoa defendatzen dute; ez dute Gobernu Federala aintzat hartzen. AEBetako konderri bakoitzeko sheriff-a da agintaritza gorena euren arabera, eta soilik horien aurrean erantzuten dute. Posse Comitatus taldeetako kide batzuk superbibentzialistak dira; epe laburrean guztia pikutara joango dela uste dute, eta ustez horretarako prestatzen ari dira.

Bada bi taldeek amankomunean duten elementu bat: “The Birth of a Nation” (Herrialde baten jaiotza) film mutua. Thomas Dixon Jr. idazlearen nobela batean oinarritua, eta D. W. Griffithek zuzendua, AEBen “berreraikitze” garaian Ku Klux Klanak jokatutako papera goraipatzen du, arraza zuriaren heroismoa nabarmenduz eta beltzak bortxatzaileak diren estereotipoa indartuz. Aipatu pelikula jartzen zuten klanera kide bat gehitzen zen oro, Posse Comitatusen onespena ere izanik.

Bestalde, Ku Klux Klanak gizarteko eremu ezberdinetan zuen indarra ere agerian uzten du Stallworthen ikerketa lanak. Hala AEBetako Armadan nola NORAD erakundean, eremu politikoraino iritsi zen klanaren eskua. Benjamin F. Stapleton, 1923tik 1947ra bitartean Denverreko alkatea izan zena, da esandakoaren adierazgarri; Ku Klux Klanaren ideologia eremu politikora eramatearen ardura izan zuen.

Ikerketa bertan behera uztearen arrazoi nagusia Ron Stallworthi edo, hobeto esanda, hura pertsonifikatzen zuen Chucki, O’Dellek egindako proposamena izan zen; hiriko taldearen ardura hartzeko eskatu zion. Hiria utzi behar zuela-eta, arduradun baten beharrean zen klana, eta nori eta Stallworthi proposatu postua. Agintariekin proposamena partekatuta, ikerketa bertan behera uzteko agindu zioten infiltratuari, berak ongi ezagutzen ez dituen arrazoiengatik.

Ikerketak, baina, eman dio bide aitzindaria izan zen polizia beltz hari orduko eta egungo egoeren artean paralelismoak egiteko. Esaterako, orduko erretorika biolento bera nabari du egun Stallworthek, «intolerantea eta gorrotoz betea». «Orduko diskurtso bera ari gara entzuten; are gehiago, egungo politika nazionalistak Dukek sortu eta garatu zituen bere garaian», dio Stallworthek epilogoan. Era berean, asko ikusten du Ku Klux Klanetik XXI. mendeko Alderdi Errepublikanoan; Duke bera, birritan demokratekin ahalegindu ostean, errepublikanoen ordezkari izateko hautatu zuten Louisianako Ordezkarien Ganberan.