Mikel Zubimendi Berastegi

Voxeko buruaren Smith and Wesson errebolberra

Nazioarteko prentsan, bazirudien orain arte Espainia oasi bat zela. Faxismoaren olatua ez zela han hondarreratzen. Frankoren nostalgiko gutxi batzuen kontua baino ez zela. Muturreko katoliko integristak bazirela, mota guztietako erreakzionario apur batzuk ere bai, baina bazterreko fenomenoa zela, politikoki gehiegi ez kezkatzekoa. Satorrak egin zuena egiten zen: buztanaren truke begiak saldu eta lurpean bizi, itsu. Inperiorik gabeko inperialisten desira zapuztuak euskaldun, katalan eta galiziarren kontra sendotzen zituztela ez zen ikusi nahi. Independentistak, gorriekin batera, akabatu beharreko deabrutzat jotzen zituztela, eta etsaion kontra bigunegi, “politikoki zuzen” ez zegoela ekiterik.

Espainiaren kohesioak zezenketak, ehizak, hispanitatearen handitasunak ditu osagai. “Feminista eta marikoien ideologia subentzionatu” batek burua jan omen die espainolei, etorkin-hordek espainiarren ondasunak bipildu dituzte. Independentistei gehiegi eman zaie, urrutiegi joan dira. Faxistentzat, kontraerreforma behar da, lehengoratzea. Eta onez onean nahi ez badute, derrigorrean, indarrez. Voxeko buru Abascal laudioarrak bezala, harro abisatzen baitute Smith and Wesson errebolberra soinean daramatela.

Munduan hedatzen ari den olatu faxistaren gainean, haizea alde, guztiz puztuta datoz. Vox edo PP, eskuin muturra edo muturreko eskuina, berdin da. Laranja koloreko izan, igoal. Beraien M-15 partikularra bizitzen ari dira. Ezkerra hustuta eta galduta dagoenez, orain dutela erasorako unea uste dute. Eta aurre egingo dien defentsa on baten faltan, Euskal Herria, Katalunia eta Galiziaren askapenerako asmoak txikituko dituztela konbentziturik daude. Azken urteotako norabide okerra zuzendu eta belaunaldi batzuetarako “abenturatarako” gogorik eta indarrik gabe utziko dituztela ziur daude.

Independentistak ohartu dituzte, Espainia bakar eta handia –Trumpen “Make America Great Again” horren kopia– dute ikur, “marxismo kulturalaren” adierazpen ororen balazta. Errege emerituak aspaldi esan zuen: «Espainia neurrigabeki zorionekoa izan da Franco bezalako gizon aparta izateagatik». Egun «Franco! Franco!» ez dute zertan oihukatu, aski dute «a por ellos! oe!, oe! oe!» futbolero horrekin.

Eta hori ikusteko ez da Andaluziaraino joan behar. Ez da Voxek ekarri duen nobedadea, Vox bera, zerbait izatekotan, gaitz handiago baten sintoma baita. Aspaldiko kontua da, beti hor egon dena, sekula ez dena desagertu, sekula ez dena errotik garaitu. Altsasun ikusi ditugu, Nafarroan amorratuta dabiltza, hemengo gotzain eta oligarka ezagunak dauzkate lehen lerroetan. Faxismoa da, ez agian (oraingoz) bide bazterretako terrorean eta kale biolentzian adierazten den faxismo klasikoa, baina osagai guztiak eltzean daude eta menua zerbitzatzear dute.

Herri bezala antolatu behar dugu gure erasoa. Eta, norberak berean, beste herriekin batera jo. Herri akordioa eta herrien arteko akordioak, herritarren errepublika baten forma hartuko duen estatu independentea(k) lortzeko. Antifaxismoa, gaur, hemen, independentismoa da. Independentziarik gabe, hor kanpoan, basakeria baino ezin dugu espero. •