Ana Elosegi Serna
Harremanak Hezkuntza Elkarteko kidea

Din-dan-don...

Berriz ere hemen gaude, urteko azken egun hauetan, urteari errepasoa egiten, gure kaleak eta etxeak kolore gorriz eta argiz beterik apaintzen ditugun bitartean.

Hasiera batean ez nuen Gabonen gainean hitz egin nahi, baina gorputzak eta arimak hala eskatu didate; magiaz aritzeko gogoa piztu zaidalako, alegia, gure etxeko txikiek sentitzen duten horretaz guztiaz aritzekoa: ezinezkoa dena egia bihurtu, beharrezko argudio eta narratiba guztiak asmatu, egia hori puztuta, are gehiago sinisteko.

Zein ederra den heldutan galtzen dugun hori, magiaren indarra, magiaren magia! Sare sozialetan nire lagun bati irakurri diot berdin dela besteek zer esaten duten; «zenbat gustatzen zaizkidan Gabonak… oraindik ere ilusioa egiten didate».

Baina berehala gure garuneko kortexa lanean hasten da, eta Gabonetan kontsumitzen den guztiaz hitz egiten digu, Siriako errefuxiatuez, pateretan hiltzen ari den jende guztiaz, gure herrian, urrutiago joan beharrik gabe, hilabetearen amaierara iristen ez diren familia ugariez. Beraz, zaila egiten zaigu Gabonetako magiaz erabat gozatzea.

Urteko errepasoari erreparatuz, aurtengo honek ezbehar ugari utzi dizkigu, baita poz ugari ere. Gure etxera etorri den haur berriak, enarak bezala hegan eginez, zoriontasuna ekarri digu bihotzera. Bestalde, hezkuntzari dagokionez, positiboa da oso bertan ematen ari den eraldaketa nabarmena, hainbat metodologia eta erronka direla medio, gure eredu zaharrari agur esanez. Gure haurren geletan paretak bota dituzte, konfiantzaren pedagogia nagusitzen ari da, eta, horrekin batera, eredu hezkidetzailea ere jarri beharko genuke, behingoz, abian; urteetako lanaren erditzea, hain zuzen.

Ederra da haur txikiak taldeka lanean ikustea, tailerretik tailerrera esperimentazioa lantzen, adin ezberdinak nahastuz. Oraindik ere urteak falta dira hori guztia sendotzeko, baina bazen garaia adimen matematikoa edo logikoa soilik neurtzen zuen hezkuntza sistema batetik irten eta adimen multipleen garaira jauzi egiteko.

Azkenik, aurreko eguneko emakume pilotarien irudiekin gelditzen naiz: alde batetik Patri Espinar txapeldunaren irudia, eta, bestetik, frontoia emakumez lepo agertzen duena. Bagoaz denak elkarrekin pauso ederrak ematen…

Eta amaitzeko, beste urtebetez Harremanak Hezkuntza Elkartean eta Harremanak Osasun Zentroan konfiantza izan duzuen guztioi eskerrak eman nahi dizkizuet, zuek gabe gureak zentzurik ez duelako: haurrei eta gurasoei, emakumeei eta helduei, udalei eta Aldundiari, eskola txiki eta ikastetxeei, pediatra, neurologo eta psikiatrei… eta baita, zuri, irakurle hori, hilero lerro hauek jarraitzeagatik! •