Maite Ubiria Beaumont

Haserrea, neoliberalismoari aurre egiteko erreminta

Azaroaren 17az geroztik asteburuari aitortzen zaion funtzioa aldatu egin da frantses Estatuan. Ordura arte, ordaindutako lana zutenek, kasu gehienetan, atseden eremu gisa irudikatzen zuten asteburua. Aurreko bost egunetako esfortzuaren truke langileek jasotzen zuten oinarrizko kalte-ordaina, irakurketa ideologizatuagoa hobetsita. Alta, lanaren inguruan antolaturiko gizarte eredu zaharra atzean utzita aisialdiaren paradisura belusezko trantsizioa iragarri ziguten horien teoriaren dekonstrukzioa martxan da. Postmodernitatearen igarleek aurreikuspenak berraztertu ordez hiztegia bihurritu zutela konturatzen hasita ginen, bistan da. Bere eskasean, asteburuko bi egunek “balio gehigarria” bazuten, merkatutekniaren aztien esanetan. Hala, ondoko zubi edo oporraldiari aitzin gustua hartu ahal zitzaion minipack distiragarriaz gozatuz. Alta, globalizazio neoliberalak hitzemandako oparotasun aroari lan prekarizazioak eragindako korridore ilunetik begiratzen dioten langile asko eta askorentzat asteburuak, aspalditik, beldur eta itomen sentsazioa arintzeko su-eten hauskor bilakatuta zeuden. Nahiz eta kontsumo gaitasunaren arabera pertsona baloratzeko eskemaren baitan murgiltzen den gizarte giroan azalpen hori ematea ez den beti erraza. Hor ginen, jira bueltaka, nekearen eta ametsen kudeaketa nekezean, biribilgunean bestelako irtenbide bat hautatzeko gonbita heldu zenean. Larunbata ez da asteburuko lehen ekinaldia, ez da isileko oinazeari ihes egiteko aterabidea. Ez bakarra, behintzat.

«Iparraldean oso ohikoa dugun bizitza ohitura frantximantek ere atxiki dute!», ohar egin zidan euskal egutegi mobilizatzailea tarteko, urte luzez, larunbatetan barne, karrikara jauzi egin izan duen eskarmentu handiko militanteak. Ironia alde batera utzita, larunbata bestelako etorkizun bati buruzko galderak pausatzeko eguna bilakatu da frantziar Errepublikan. Akabo astelehen eta ostiral artean, lan ordutegian, prefosta, sindikatuek deituriko protesta arautuak; adio «ostiralean banoa beraz ostegunean ezarri beharko» idatzi gabeko arautegiari jarraituz antolaturiko plantoak. Ongizate Estatuaren ikur izatetik oreka emozionalaren berme izatera pasa zen larunbata... to!, hori ere akabo. Izerditzeko egun bilakatu da berriz larunbata «itun soziala» suntsitu duen Europar Batasuneko «erreferente soziala» izan den Frantzian. Bere lanetik bizi diren herritar askok bere burua sistematik kanpo ikusten dute. Egoeraren larritasuna irudikatzeko, baina, era berean, oinarrizko segurtasuna atxiki nahian, babes-jantzia hautatu dute: txaleko horia.

Aste batzuk joan zaizkigu potreta soziologiko-polizial fidagarrien bila. Nortzuk dira gure borroka-mapan orain arte azaldu gabeko herritarrok? Eskuin muturraren manipulazio arriskua irudikatuz (lanjer erreala da, protestetan izan diren hainbat keinu kezkagarri ikusita), ezkerrean, hasieran behintzat, paralisia nagusitu da. Macronek denbora gehiegi galdu ondoren, bere politika kolokan jarri gabe larrialdietako atea zabaldu du. Aberastasunaren banaketaren auziari heldu gabe, presazko neurriak iragarriz. V. Errepublikaren usteltze prozesuaren seinale argiak badaude, eta molde batez edo bestez, krisi-eztandak izanen dira aurrera begira ere. Larunbata egun aproposa izan daiteke haserrea neoliberalismoari aurre egiteko –edo bere zama arintzeko– baliatu beharreko erreminta den ala ez gogoetatzeko. •