Koldo Sagasti

Talkaren talkaz arrakalak sortzen

Lehengo larunbatetik esparru aske berri bat dago Gasteizen. Talka izenez bataiatu du proiektua Zapatari kalean Alava-Velascotarren jauregia okupatu duen emakume taldeak. Ekintzaileek iragarri zutenez, Talkak aurrez aurre jo nahi du patriarkatu, kolonialismo eta kapitalismoaren zapalkuntza pairatzera kondenatzen dituen sistema, talkaren talkaz sistema horretan arrakalak sortzeraino.

Halaber, hamarkadetan utzitako etxetzarrean esparru segurua eskaini nahi diete babes beharrean dauden andreei; alternatiba erreal bat, eguneroko gertakariek erakusten duten bezala, beldurrez ibiltzeko zama ezartzen dien sistemaren aurrean.

Ikusteko dago zertan geratzen den ekimena. Legez, ezin dituzte okupatzaileak kaleratu, jabearen salaketarik edota epailearen ebazpenik izan ezean. Hala ere, alkateak okupazioa arbuiatzen duen adierazpen instituzionala bultzatzeko saiakera egin du; alferrik, mozioak PNV eta PSEren boza baino ez baitu lortu.

Nolanahi ere, ekimena bultzatu duten andre ausartek dagoeneko lortu dute agintarien utzikeria agerian uztea. Utzikeria hirigintzaren ikuspegitik, 2006an Alderdi Popularra Udal Gobernuko agintean zegoela enpresari talde batek eraikina espekulatzeko asmotan eskuratu zuenetik, alferrik galtzen utzi dutelako infekzio foku bilakatzeraino, eta horren aurrean okurritu zaien alternatiba bakarra ateak eta leihoak adreiluz ixtea izan delako. Eta, larriagoa dena, utzikeria giza eskubideen ikuspegitik; egun esanguratsuetan paparrean lazo morea jarriagatik edota indarkeriaren aurkako gaitzespen instituzional hutsalak eginagatik, oraindik ere emakumeek babestuta sentituko diren esparru baten beharra dutelako. •