Xabier Izaga Gonzalez
Interview
Enrike Garbaio eta Armando Aulestiarte
arabako pentsionistak lanean

«%0,25eko igoera txinparta izan zen. Sakoneko arrazoiak daude gure borrokan»

Pentsiodunek protagonismo berezia izan dute aurten. Haien ordezkariok urtearen errepasoa egin dute. Kezkatzeko motiborik ez dute falta, baina pozik daude beren borrokak ez duelako hutsik egin.

Eskubide sozialen aldeko Euskal Herriko pentsiodunen plataformetako bat da Arabako Pentsionistak Lanean elkartea eta, aldi berean, mugimendu zabalago baten parte. Haren bi ordezkarirekin hitz egin dugu, Enrike Garbaio eta Armando Aulestiarte. Duela bi urte eztabaidatzen hasi ziren pentsio eskasen gainean, energia pobreziaz eta mendekotasunaz, baita zenbait mobilizazio egin ere. Aurten pentsiodunen mugimenduak erabateko protagonismoa izan du, eta, euren egoerak irtenbide duin bat izan ezean, hala jarraitzeko prest daude.

Urtarrilean piztu zen pentsiodunen matxinada eta urtea bukatzear itzaltzetik urrun dago.

Aulestiarte: Joan den urtarrilaren 31n ustekabean hartu gintuen kalera atera zen jendetzak. Orduan hasi ziren asteleheneroko mobilizazioak. Hasieran desadostasunak izan ziren Estatuko beste talde batzuekin, baina berehala gurekin batera egitea erabaki zuten. Aurten hiruzpalau manifestazio erraldoi egin ditugu. Astelehenetan ere kopuruari eusten diogu, eta kontuan izan behar dugu herri askotan ere horrelako mugimenduak sortu direla. Araban, esate baterako, Agurainen, Laudion, Amurrion… eta beste hiru herrialdeetako herri askotan ere, berdin.

Maiatzean, PPk eta EAJk aurrekontuak negoziatu zituzten, eta pentsioak izan zuten gai nagusietako bat. Zuen mugimendua indargabetzeko arriskua sumatu zenuten?

Garbaio: Ez, proposamen hartan dena behin-behinekoa zen, eta egun ere ez dago ezer bermatuta. Aurten kontsumo prezioaren indizearen araberako igoera izan da, baina ez dago bermatuta ezta datorren urterako ere. Aurrekontuen negoziazioko hura keinu txikia izan zen, %0,25eko igoeraren aurka sortutako mugimendua apurtzeko egindakoa. Baina %0,25eko igoera txinparta izan zen, gure borrokan sakoneko arrazoiak daude-eta. Pentsiodun askoren egoera benetan larria da. Bi ardatz nagusi ditu gure borrokak: batetik, pentsio publikoen sistema defendatzea, eta, bestetik, pentsio duinak denontzat, horregatik aldarrikatzen ditugu 1.080 euroak. Ez da inongo asmakizuna, baizik Europako Gutun Sozialetik datorrena.

A: Urte guztian pentsioen %1,6ko igoera baino ez da izan, beste guztia airean dago, datorren urteko kontsumo prezioaren indizea, Estatuko aurrekontuak, gutxieneko soldata 900 euroan jartzeko PSOEren eta Podemosen akordioa... Aurrekontuak onartuta ere, kontsumo prezioaren araberako igoera ez da bermatuta egongo, urtebeterako izango da eta. Guk nahi duguna da kontsumo prezioaren indizearen araberako igoerari eustea, lege bitartez edo, aurrekontuen negoziazioen mende egon barik.

Zer behar du pentsio duinak?

A: Gure aldarrikapenak, labur-labur, hauexek dira: kontsumo prezioaren araberako araberako igoera; jasangarritasun faktorea bertan behera uztea; emakumeen eta gizonen arteko soldata arrakala desagertzea; 52 urtetik gorakoentzat langabezia prestazioa berreskuratzea; lan erreforma indargabetzea; 1.200 euroko gutxieneko soldata; 1.080 euroko gutxieneko pentsioa; eta pentsio plan pribaturik ez.

EAEko aurrekontuen negoziazioan gai nagusia izan zarete...

A: EAJk dio pentsioak ez direla bere ardura, Madrilen kontua direla. Baina hor tranpa bat dago. Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren bitartez igo daitezke pentsioak. Horrek oztopo bat dauka, banaka egin barik bizikidetza unitateka egiten bada, ez dagoela igoerarik. Eta ez, pentsioak banaka nahi ditugu, bat izanda eta bi elkarrekin bizi izanda. Hori zen oztoporik handiena. Eta EAJk ez zuen gutxieneko soldatarekin lotu nahi.

G: Batzuek esan digute: «Nola da posible zuek 1.080 euro eskatzea gutxieneko soldata 700 izanda –edo datorren urtean 900, onartzen badute–?». Hala da, baina Europako Gutun Sozialari jarraituta, gutxieneko soldata 1.200 eurokoa izango litzateke.

Edonola ere, negoziazioak huts egin zuen.

G: EH Bilduk behin baino gehiagotan eraman ditu gure aldarrikapenak Parlamentura, adostasun batera iristeko epeak jartzea planteatuta, nahiz eta guk 1.080 euro eskatzen jarraitu. Baina EAJren progresibitatea zen orain 800 euro eta koska eta hiru urte barru 900 eurora iristea. Gainera, oinarrizko errentarekin lotuta dago. Patxi Lopezek Gobernuan egon zenean %7 murriztu zuen, eta gero kontsumo prezioen indizea %8 igo zen, eta, legez onartuta zegoen igoera automatikoa kendu zutenez, %15eko galera egon da.

Elkarri leporatzen diote errua.

G: Gobernu batek aurrekontuak onartzea lortu behar du, ez besteei errua bota. Gainera, argi geratu da zer diru kopuru zen, 856 euro, guretzat eskasa, eta, hala eta guztiz ere, EAJk ez du onartu. Esan beharra dago PSE ere hor egon dela, eta Madrilgo saltsan ere sartuta dagoela; saltsa horretan Podemos ere badago, aurrekontuetan, eta hemen inork ez du txintik esan, oso bitxia da. Podemos dio antisozialak direla aurrekontuak; bai, ados, baina hamabost proposamen egin dituzte eta, pentsioei buruz, ezer ez. Zergatik? Preso daudelako Madrilen. Azkenean, nahiz eta kritika zorrotzak jaso, EH Bildu izan da pentsioen alde egin duen bakarra, nahiz eta gustuko ez izan proposamena nola aurkeztu duen.

A: Gainera, hor dago gastu araua delakoa, Europatik datorrena, Espainiako Gobernuak eta EAJk ontzat jotzen dutena. Superabita dagoenean, hori ez da gastu sozialera bideratzen, zorra kentzera baizik. Gurpil zoroa da. EAJk ez du hor sartu nahi, zeren gero Estatuaren aurka egin behar da, gastu araua berrikusi. «Ezin dugu, zeren Estatua…» diote, baina eurak ere gustura dabiltza politika neoliberal horrekin.

Kotizatu ez dutenek gehiago kobratu behar dutela diote...

G: Hori gezurra da. Gure lagun batzuk berrogeitaka urte ondo kotizatuta izanda, azken urteetan enplegu erregulazio bat izan zuten eta batez bestekoa jaitsita 1.000 eurorekin geratu dira.

A: Lehen gehienon amek etxean behar egiten zuten. Eta zenbat jendek jakin du beharrean hainbat urte eman ondoren horietatik asko kotizatu gabe zituela? Beste batzuek kotizatu egin dute, baina azken urteetan bota egin dituzte. Autonomoen artean denetarik dago, txoferra eta Amancio Ortega, baina askok ahal dutena kotizatzen dute, eta, gehiago kotizatzen badute, ez dute soldatarik.

Eta aurrera begira?

A: Pozik gaude, jendeak ez duelako atzera egiten. Urtarrilaren 7an jarraituko dugu. Maiatzean hauteskundeak dira, eta guk presio egiten jarraituko dugu.