Nerea Ibarzabal Salegi

Sorlekua

Nire lagun minaren aitona hil da Gabonetan, Caceresetik Euskal Herrira etorritakoa bere gazte garaian. Gizon apala, isila eta argia, munduari beste patxada batekin begiratzen dioten horietakoa. Umetan bere herrira joan izan nintzen ni ere udako oporretan, herri txiki, bero eta gau izartsudun hartara. Asto gainean eramaten gintuen bere ortura indipikondoen eta olibondoen artetik, eta lasaitasuna transmititzen zigun aitonak, 11 urteko paramen txarreko piperminak baginen ere.

Bizitza erdi baino gehiago igaro zuen gure herrian lanean, eta hala ere, galdera bat etorri zitzaidan ahora aitona hil zela jakindakoan: non lurperatuko duzue? Norberarena ez den lur batean lurperatua izateak baino klaustrofobia handiagorik ez balego bezala, aitonak gure lur hau bere sentituko ez balu bezala. «Erraustu egingo dugu, eta hiru tokitan banatu, Caceresen eta hemengo bi herritan», esan zidan lagunak. Azaldu ezin dudan lasaitasun bat sentitu nuen. «Nolabait itzuliko da indipikondo artera berriro», pentsatu nuen nirekiko.

Ez dakit berak hala sentitzen ote zuen. Ez dakit hainbeste maiteko zuen bere jaioterria, ez dakit gure leku hau zer zen beretzat. Agian gustukoago izango zituen hemengo euria eta itsasoa hango uda idorraren aldean, agian etxea uztearen panikoa oso gurea da. Baina beti sinetsi izan dut sorlekua pobreziak, goseak edo errepresioak eraginda utzi baduzu, bigarren leku hori trantsizio-gune izango dela halabeharrez, ez etxe. Beti nahi izango duzula itzuli lehenengora.

Eta oraindik ere hala dela sinesten dut, nahiz eta inoiz ez dudan erbesterik nire okelatan bizi izan, ezta nire inguru hurbilean ere. Hor konturatzen naiz gure herriari darion karga poetikoak erroetatik helduta naukala, negarretan lehertzeraino Pantxoa eta Pelloren “Azken dantza hau” entzutean, edo Gorka Knörren “Mort pour la patrie” kantuan «bere amak bisitatuko du atzerriko hilobian» kantatzerakoan, edo Sarrionandiaren “Geografia” poemaren letra entzunda Eñaut Elorrietaren ahotsean: «Ni ez naiz Igorretan hilko, hareatzan eroriko naiz gerrako geziak lez. Selban hobiratuko naute lehengusu eta lagunen gutunez estalirik».

Liluragarria bezain intentsua izan da gure etxeko transmisio kultural eta emozionala, antza. Zelan da posible, bestela, mina eta negarra umetatik hain barrutik irtetea, hain mintzetatik, «sorterritik urrun hiltzea» aipatze hutsarekin –ia haserretzeraino Sarrionandiak ez duela hemen hiltzeko asmorik entzuterakoan–. Nekez uzten du sorlekua sustraiak han dituenak, baina batzuek erabakitzen dute ez direla sorlekuan hilko eta horrekin lasai bizi dira. Arrazoi asko izan ditzakete, gainera. Agian horretaz jabetzeak baretu dezake gure etxetik irten bako etxe-min hau, amaiera epikoen egarri hau, lurrak bizitzako injustiziak konpondu eta zirkulu denak itxi ditzakeenaren uste hau.

Sorlekuari ematen diogun pisu sinboliko, eta gure kasuan, ia beharrezkoagatik –ez baitaukagu maparik gure sorleku honen existentzia frogatzeko–, beti itzuli nahi izango dugula suposatzeagatik, baliteke kanpotik etorritakoak beti kanpoko izatera kondenatu izana. Tragedia bat iruditzen zaigu Extremadurako aiton-amonak lur hezeotan lurperatzea, baina tragedia ez da amaiera hau, tragedia izan zen hona etorri beharra beraien herrietan bizirauterik ez zutelako, pobreziazko urte horiek guztiak izan ziren tragedia bat benetakoa. Orain beraien familia dagoen lekuan hiltzen dira, hemen. Amaiera guztiek ez dute itzulera bat behar. •