Iker Barandiaran

iSHOT!u

Iazko maiatzean Shot! grabazio estudioa erre zen Arrasaten. Zorigaitzeko zirkuitulabur batek sua piztu zuen gauez eta goizean ohartu ziren estudioa kiskaltzen zegoela. Triskantza handia eragin zuen suak: materiala, makinaria eta tresneria asko hondatu zelako; eta sentimentala, mende laurdeneko oroitzapenak eta bizipenak han batuta zeudelako.

Goiz hartan estudioaren gidari Iñaki Bengoa eta bere kideak, lur jota, proiektua bukatutzat emateko puntuan izan ziren. Ezustean, baina, Euskal Herri osotik elkartasun eta laguntza eskaintza mezu ugari jaso zituzten musikaren inguruan diharduten hainbat eta hainbat pertsona eta ekimenetatik. 25 urteotan estudiotik pasa edo elkarlanak gauzatutako ehunka musika talde eta eragileren aldetik zein ordura arte harreman zuzenik izan ez zutenen aldetik.

90eko hamarkadan Bengoak eta Pello Aldabek grabazio estudioa zabaltzea erabaki zutenean ez zuten inola ere halako elkartasun eta atxikimendurik irudikatuko. Garai hartan erokeria zen hirietatik kanpo halako estudio bat zabaltzea; hala esan zieten batek baino gehiagok. Hala ere, pausoa ematea erabaki zuten eta urteotan guztietan gaur egun gure eszenan hain ezagunak diren taldeetako asko pasa dira handik. Are gehiago, Shot! berarena da Arrasateko eta inguruko musika harrobia hain aberatsa izatearen “erruaren” zati bat ere; izan ere, abantaila handia izan da eta da herrian edo eskualdean bertan zure sorkuntza grabatu eta plazaratzeko moduko estudioa izatea.

Esan bezala, estudioa erre zenean ugariak izan ziren jasotako elkartasun mezuak, eta herrian hainbat gizabanakok eta eragilek berotasuna eman eta hein batean dirua batzeko ekimena jarri zuten martxan, iSHOT!u izenekoa. “Piztu” hitzaren bertako adiera erabiliz, lanean jarri eta antolatu ziren bi emanaldi oso berezi: bata, irailean, Arrasateko Amaia Udal Antzokian, non parte hartu zuten Pablo Novoa (Golpes Bajos) eta Keu Agirretxeak, Ruper Ordorikak, Petti eta Barrenan semiak, Ines Osinagak, Zea Mayseko Aiora eta Pitik, eta Huntza taldeak. Ezohiko emanaldia, xumea baina aberatsa, soila baina hunkigarria izan zen.

Horren ostean, ikusle rockzalegoari bideratutako ekimen handiagoa antolatzeko pausoak eman ziren. Horretarako, 80ko eta 90eko hamarkadetan hainbeste musika gau ahaztezinen lekuko izandako Arrasateko kiroldegia aukeratu zen. Eta kartela oso indartsua: Itziarren Semeak, La Furia, Glaukoma, Soziedad Alkoholika eta Fermin Muguruza & Des-Kontrol.

Tamalez, Arrasateko Udala baimen tramiteetan atzeratu zen eta, ondorioz, dokumentazio guztia aurkeztu orduko zuzenketak egiteko marjina txikiegia zen, are gehiago Gabon egunak izanik eta segurtasun plana egin zuen enpresak behar den bezala erantzun ez zuelako. Horren aurrean iSHOT!u jaialdiaren antolakuntzak sarreren dirua itzuli eta bestelako kontzertu antolaketa egin zuen denbora errekorrean: bi egunetan Arrasateko gaztetxean bost talde horietatik lau banatu zituen, eta Soziedad Alkoholika momentuz alboratu gaztetxeko aforoaren muga dela-eta, ahalik eta jende gutxien kalean uzteko.

Hortaz, azkenean ezin izan da kiroldegian gauzatu eta Shot! estudioaren proiekturako ez da esperotako dirua jaso, jakina, baina zorionez baliabide propioekin egin ahal izan da elkartasun ekimena eta berotasun itzela eman zaie estudioaren bultzatzaileei. Eta ez hori bakarrik, pasa den asteburuan bizi izandakoak bi gau magiko izan dira, elkartasunez, talentuz eta berotasunez bustiak erabat. •