Mikel Zubimendi

Oposizioa egin bainoago, erresistentzia praktikatu

Gogoratzen naiz gogoratzen dena iheskorra dela beti, oroitzapenak ez direlako txanpon egindako kapitala. Ezkutatutako objektuak balira bezala, haiengana iritsi garela pentsatzen dugunean, beren tokitik ihes egiten dute. Orainean jartzen dugu oroitzen dugun horren tankera zehaztugabea, hortzak estuturik. Baina, oroimenean, materia guztia xahutzen da, desagertzen. Marmolezkoak dirudite oroitzapenek, baino ametsa baino ez dira. Oroitzapenak oso baliagarriak dira beren desafio handiena onartzen dutenean: berragertzea, suspertzea. Sekula ez dira gure baitakoak betirako, ez dituzte gure bizitzak goitik behera bisitatzen. Baina berpizkunde laiko baten ideiak, iragana guztiz, erabat iragan ez den zerbait bezala pentsatzera bultzatzen gaitu. Behin eta berriz. Beste modu askotan aurkeztuz, temati-temati. Sekula ez da berdin berragertzen iragana, baina, bai, hori da: gure iragana. Inoiz amortizatu behar ez dena, beti errentabilizatzen saiatu behar duguna.

Garai ezberdin bakoitzak, baita bizi dugun garai dislokatu honek ere, iraganeko txinparta batek zeharka ez dezan mugak jartzen al ditu? Ez dakit. Horren inguruan malenkoniatsuak kontsultatu beharko genituzke. Iraganaren nostalgia tristean bizi direnak orainaldi absolutuak erakartzen dituelako, bizitza aire egokituarekin baino ez dutelako ulertzen. Mundua, baina, ez da gaur egungoa. Eta igaro den, gainditu den horretatik ez da deus berpiztuko ez badugu birgaitzen. Iraganetik datorren objektu orok bere bueltan desafiatu egiten gaitu, egoera iheskor batean datorrelako. Jar diezaiogun objektu horri izen bat: adibidez, erresistentzia.

Gobernu orok dauka oposizioa. Baina gobernu guztiek ez dute erresistentzia bat sortzen. Zer da, orduan, orain eta hemen erresistentzia praktikatzea? Herri interesen kontrako gobernu guztiek ez dute hura aktibatzen. Eta horregatik, oraindik ere zalantzagarria den alternatiba politikoa defendatzen dutenek, beren bizkar gainean karga hori daramatenek, erresistentzia helburu, argitasun teoriko eta asmamen handikoa den jakinduria militante berria beharko dute. Baita denboraren esperientzia aktibo eta pazientea, denborazkotasuna plurala dela jakitea. Hots, denbora asko daudela, eta denbora bat erabili behar dela pentsatzeko, herria egiteko, militatzeko.

Erresistentziak presentismoa ukatzen du, berehalako ezin eta zoritxarrei egokitzeko presazko denbora motz horri uko egiten dio. Horren ordez, aurretik sumatu ezin den denbora misteriotsua hartzen du, luzea izateko prest dagoena, nahiz eta, gero, hala izan ez. Gurekin ez daudenen memoriei, eta ikuspegi aurreratzaileaz, egongo direnen memoriei irekitako denbora. Bestalde, erresistentzia garai zailetan hobeki mamitzen dela esaten da. Baina bere barruan sentimendu erresistente bat sortzeko gai denari ez zaio berria egingo garaiotan jakintza erresistente hori sortzea.

Erresistentzia barru-barruko ukatze batean oinarritutako proposamen neurritsua da: gobernuaren erabaki, keinu eta leloen ukazioa. Kontzientziaren plegu eta geruza estalietan aterpea bilatzen duen pentsamendua da. Erresistenteak bere barne-barnean “ez” esateko etika dauka. Baina badaki non esan eta non ez. Egia da, halaber, erresistenteak mundu faktikoaren eboluziora egokitzen ez ohi dakiela, ez dela hipotekatzen, ez dela konbertitu bat. Euskal Herrian oposizioa egin behar da, bai. Baina batez ere erresistentzia praktikatu. •