> Kale borroka feminista

Mugimendu feminista kalean izan da berriz ere aste honetan, Estatu espainola astintzen ari den joera erreakzionarioarekin kezkatuta eta haserre. Mezua garbia izan da: pauso bakar bat ere ez atzera.

Aste honetan alderdi popularreko Juanma Moreno izendatu dute Andaluziako presidente, PPk, Ciudadanosek eta Voxek josi duten hiruko akordioari esker eta eskuin muturraren oldarraldi horrek sortu du olatu feministaren erantzuna. Estatu espainolean ez ezik, Euskal Herrian ere izan dira elkarretaratzeak.

Sevillan, Andaluziako parlamentuan presidente berriaren kargu hartzea gertatzen zen bitartean, Parlamentuaren atarian protesta feministak etengabeak izan ziren. Voxeko Francisco Serranoren arabera, «kale borroka feminista» zen atarian gertatzen ari zena. Parlamentuaren barruan segituan piztu ziren erreakzioak. PSOEko Susana Diazek erantzun zionez, «kale borroka da emakumeen kontrako indarkeria justifikatu nahia». Eta Podemoseko Teresa Rodriguezen erantzun zion Serranori «ahoa garbitu» behar zuela borroka feministaz hitz egin baino lehen, «borroka horri esker lortu baititugu gure seme-alabak zoriontsuagoak egingo dituzten hainbat eskubide eta askatasun».

Parlamentuaren atarian zeudenek buleriekin erantzun zioten Serranori, kantuan eta dantzan. Umorea, sorkuntza eta artea erantzun modura.

> Harrera herria

Gaur, larunbatez, Irungo herriak Euskal Herria harrera herria izan dadila galdegingo du manifestazioan. Iparrera bidean diren ehunka lagunei elkartasuna helarazteaz gain, instituzio ezberdinetako politikariei migratzaileei «harrera duin eta integral iraunkorra» ematea eskatuko diete mobilizazioan. Irungo Harrera Sareak antolatu du mobilizazioa, herrian biltzen diren migratzaileen alde lan egiteko iazko uztailean dozenaka irundarrek eta eragilek indarrak batuta sortutako sareak. Ordutik, egunero Irundik igarotzen diren pertsonei ahal duten moduan laguntzen diete; gauak kale gorrian igarotzea ekidinez, arropa beroa eskainiz eta harrera gozoa eginez.

> Sebastian

Donostiako Antzoki Zaharrean aurkeztu dute aste honetan “La marcha de (San) Sebastian” film laburra. Galipot zinemaren ekoizpena da, Manuel Aguilarrek zuzendu du eta berea da gidoia ere. Argazki zuzendaria Ivan V. Jimenez da eta Asier Burgaletak egin du muntaketa.

Egileek azaldu dutenez, «Sebastian eta Claire bikotea Donostian egun batzuk igarotzen ari diren turistak dira. Alde Zaharretik paseoan, Sarriegiren estatua ukitu eta mundu musikal batean murgilduko dira, hiriko jai handiaren benetako protagonistak bilakatuz, danborradako protagonistak».

Aurkezpena oso jendetsua izan zen eta sarean ere ikusmin handia sortu du film laburrak. Interesa duenarentzat: «La marcha de (San) Sebastian from Galipot Zinema on Vimeo».

> EHZ jaialdia

EHZ jaialdia berrikuntzekin dator, baina, ohiturari eutsiz, ekaineko azken asteburuan izanen da aurten ere. Joan den asteburuan erabaki zuten, Baionako Zizpa gaztetxean egindako biltzar nagusian. Festibalaren kokalekua oraindik ere zehaztu ez duten arren, landa eremua alboratu eta herri batera eramango dutela iragarri zuten.

EHZ jaialdiaren geroa zalantzan bazegoen ere, antolaketa eta edukiaren proposamenari baiezko zabala eman eta aurrera jarraitzeko indarrak bildu ditu EHZ jaialdiaren prestaketa bere gain hartu duen lantalde berriak.

Ekaitzek eta arazo ekonomikoek kinka larrian jarri dute jaialdiaren etorkizuna. Bi urteko trantsizioaren ostean, baina, 1996an jaiotako festibala eraberritu egingo dute aurten. Gauza asko oraindik zehazteko dituzten arren, garbi nabarmendu dute jaialdiaren bi zutabe nagusiak kultura eta politika izango direla aurrerantzean ere.

> Putazalea

«Gizonik ez da jaiotzen putazale izateko». Mezu hori zabaltzen duen bideoa egin du Nafarroako Accion Contra la Trata gobernuz kanpoko erakundeak. Sei minutuko bideoan, gizon baten eta emakumezko baten ahotik jasotzen dira gure jendartean prostituzioa hain barneratua eta baimendua egoteko dauden arrazoiak eta ideiak. Bideoa ez da berri-berria, badaramatza aste batzuk sarean eta dagoeneko 141.000 ikustaldi baino gehiago izan ditu.

Nafarroako Berdintasun Sailak ere babesten du kanpaina eta helburua emakumeen salerosketaren inguruan dagoen tolerantzia sozialaren inguruan hausnartzea da.