Joana Garmendia

Saiatzen dira

Irratian entzun dut aurrena: sexu-eraso saiakera izan omen da Barakaldon eguberri hauetan. Min egin dit belarrian. Egunkarietan, aldizkari eta telebistetan, albistearen berri nola eman duten ikustera jo dut orduan. Eta, bai, formula bera errepikatu dute denek (ia denek, egia esan behar badut): eraso saiakera, «intento de agresión», horixe Barakaldon gertatutakoa.

Saiakera. Hitz hori buruan iltzatuta, beste gai batzuei buruz hitz egiteko nola erabiltzen duten begira hasi naiz segidan. Alegia, sexu-erasoei buruz ez eta beste zerbaiten saiakerez aritzeko nola erabiltzen duten. Lapurretak eta hilketak, berehala aurkitu ditut biak.

Joan den astean lapurreta saiakera izan omen zen Soraluzeko zapata-denda batean. Goizeko hirurak aldera, dendako atea ireki nahian ari omen ziren bi lagun. Bizilagun bat ohartu omen zen, ordea; zarataka uxatu zituen bi lagunak. Lapurreta egin nahi zuten, eta ez zuten lortu; horregatik, bada, lapurreta saiakera.

Biharamunean, Bilbon, gizon bat atxilotu omen zuten, hilketa saiakera egotzita. Gizonak tiro egin omen zion beste gizon bati, behin baino gehiagotan tiro egin. Hanka batean zauritu zuen bestea; ez zuen, bada, hil. Norbaitek erabaki du, antza denez, ordea, atxilotu duten gizonaren asmoa bestea hiltzea zela. Bestea hil egin nahi zuen, eta ez zuen lortu; horregatik, bada, hilketa saiakera.

Barakaldon zer gertatu ote den asmatu nahian hasi naiz orduan. Norbaitek beste bati eraso egin nahi izan dio, baina ez du lortu, antza denez. Eraso egitera abiatu, baina bidean estropezu egin eta ez zuen bestearena heltzea lortuko, agian. Edo, eraso egiteko asmoz aterako zen etxetik, baina igogailuan itxita geratuko zen, kalera ezin iritsi. Akaso, biharamunean eraso egiteko plana ondo zehaztua zeukan, baina lotan zela bihotzekoak eman dio eta ez da goizean esnatu. Norbaiti eraso egin nahi zion, eta ez du lortu; horregatik behar du, baldinbaitere, eraso saiakera.

Erasoa eta erasotua, benetakoak

Altura hauetan, ezinbestean datorkit gogora lagun batek behin kontatu zidana. Beti pentsatu izan zuela gaztea zenean, gau batez, etxera bidean zela, eraso egiten saiatu zitzaiola gizon bat. Nola edo hala lortu zuen haren eskuetatik ihes egitea, garrasika, korrika. Urteak pasa, eta jabetu omen zen ezetz, ez zela gizon hura berari eraso egiten saiatu; eraso egin zion, kitto. Eraso eginda zer lortu nahi zuen, zer ez zuen lortu, hori beste kontu bat zela. Eta beste kontu horrek ez ziola errurik arintzen gizon hari, eta ez ziola minik arindu inoiz berari. Beste kontu horrek lortu zuen bakarra zera zela, beti izan zuela irudipena ez zutela bene-benetan eraso; ez zuela bene-benetan arrazoirik halako min, beldur edo amorrurik sentitzeko. Erasoa saiakera huts bada, ez bada bene-benetakoa, erasotua ere ez baita bene-benetakoa.

Ez dakit Barakaldon zer gertatuko zen. Ez omen dute xehetasunik eman. Ez ditut behar. Gizon hark zer ez duen egin eta zergatik ez duen egin nahi zuen hura egin, hori jakin beharrik ez daukat. Horiek beste kontu bat dira, izan ez denaren xehetasunak, gertatu ez denarenak; saiakera hutsean geratu denarenak. Gertatu dena da inporta beharko ligukeena, kontatu beharko liguketena: erasoa izan dela Barakaldon, hori da hemen bene-benetakoa dena.

Ez dut esan nahi albistearen berri eman duten kazetariek ez dutenik Barakaldoko emakumea benetako erasotutzat. Ez zuten hori esan nahiko, seguru nago. Batzuetan ez da erraza hitzak ondo neurtzea; baina, tira, saiatzen dira. •