Iñaki Altuna

Albiste zaparrada

Asteari zeharka begiratuz gero, begi-oker geratzeko arriskua ere badago, albiste mordoa izan baita azken egunotan. Ez da gai zehatz bat besteen gainetik azaldu. GARAko lehen orrialdeak berrikustea besterik ez dago. Aurreko larunbatetik ostegun honetara, egunkariko titular nagusian ez da gai bat bera ere errepikatu: Inda, Pablo Ibar, Altsasu, «Manada», transferentziak eta Miguel Sanz. Horiez gain, jakin-mina sortu duten beste albiste ugari izan da: Venezuela, Podemosen arazoak (Iñigo Errejonen mugimendua eta Nafarroako egoera), Mikel Antzaren kaleratzea, Maravillas, Lolo Ricoren heriotza, Ronaldoren iruzur fiskala, Huerta de Peralta, pentsiodunak…

Interesgune asko, zalantzarik ez, baina horrek ez du esan nahi egoera politikoa zein soziala marrazten duten zenbait ardatz nagusi ez dagoenik. Espainiako eskuin eta eskuin muturreko oldarraldia da horien artean garrantzitsuenetako bat. Andaluziatik datorren olatua da eta, nahiz eta Euskal Herrian ez duen halako atxikimendurik izango, ezta gutxiagorik ere, bere ondorioak pairatu ditzakegu hemen ere, arlo eta eremu guztietan oraindik atzerago ere egin dezakeelako, bereziki herrien nazio aitortzari eta erabakitzeko eskubideari dagokionez. Oraintxe, eskuina are eskuinago bilakatu du fenomeno horrek. Dela EAEko transferentzietan (PPk bideo bat sareratu du kartzeletako transferentzia ETAren aldarrikapen historikoa dela esanez), dela euskal presoen aferan (hurbilketaren kontrako adierazpenak gogortu dituzte), dela Katalunia (155. artikuluaren aplikaziorik gogorrena defendatzen dute), dela Venezuela (Vox, PP eta Ciudadanosen adierazpenak muturrekoak dira, Trumpek markatutako norabidetik)… denetan posizioak gotortu ditu.

Eta Espainian bere burua ezkerrekotzat duten indarrak zertan ari dira? PSOEren Gobernuak egin izan dituen iragarpen baikorrak iragarpen hutsak baino ez dira izan, beti eskas. Esate baterako, preso gaixoen aferari di-da heltzeko zer behar da, bada? Eskuinaren beldurrez mugimendu esanguratsurik ez egiteak ez ditu haiek baretuko, eta dinamika positiboak galaraziko ditu. Bien bitartean, Podemosek odolusten segitzen du.

Euskal Herrian beste giro eta indar bat sortzeko aukerak egon badaude. Azken urteotako irakurketa orokorraren elementu askok bere horretan segitzen baitute: marko autonomikoaren agortzea (EAEn kasuan, marko berri baterako EAJren eta EH Bilduren arteko lehen akordioa ekarri duena), Nafarroako erregimenaren krisia, indar sozial handia (feminismoa, pentsiodunak), gatazkaren ondorioak gainditzeko gogoa (Bilboko eta Baionako manifestazioak), espainolismoak duen babes eskasa, Ipar Euskal Herrian sortutako kontsentsua… Baina, halere, oso sintoma kezkagarriak agertu dira azkenaldian, askotan arduragabeak, noiz eta hauteskundeen atarian gaudelarik. Hauteskunde horiek dinamika positiboak indartzeko eta aldaketa politikoa zein soziala sustatzeko balio beharko lukete. Ez da, horregatik, oso ulergarria Nafarroako Gobernuak hartutako hainbat erabaki eta norabide. Zeresanik ez Nafarroan Podemos, Orain Bai edota Aranzadi ematen ari diren espektakuluaz. Errotutako baldintza politiko eta sozialak kaltetzeko inolako kezkarik gabe. Balio likidoen garaian omen gaude.

Euskal Herrian prozesu politiko sendo bat egituratzeko osagaiak izan badaude, baina izugarri kostatzen ari da horiek lerrokatzea, besteak beste, EAJk ez duelako «abenturarik» nahi, eta orain arte, salbuespenak salbuespen, oztopoak baino jarri ez dituelako. Eskuin muturreko oldarraldiari aurre egin, sektore ezberdinei erantzungo lieketen tarteko proposamenak adostu eta taupada independentista argia lukeen mugimendu zabal bat eratzea, horiek denak jostea ez da lan erraza, baina ezingo da horiek gabeko ibilbide eraginkorrik osatu. •