Beñat Gaztelumendi
Bertsolaria

Eskuindar bat

Eskuindar bat daukat nire barruan. Ez dakit nola agertu zen. Akaso ni jaiotzerako bertan egongo zen eta urteak igaroko zituen ezkutuan. Orain sentitu egiten dut ordea, noan lekura noala, nire bizkarreko ornoak banan-banan zuzentzen dizkidan eskuindar bat nire barruan. Danborradei begira jarri eta lerro-lerro doazen militar itxurako taldeek zerbait mugitzen didate sabelean eta nire barruko eskuindarra hizketan hasten zait, ez dakit garuneko zein hemisferiotatik baina hizketan hasten zait, mundua errazagoa litzatekeela ordenatua balitz; hiriko obretako maketen gisako mundu perfektu bat, pertsonarik agertu ere egiten ez dena. Eta badakit esaten ari zaidana gezurra dela –fikzioa behintzat bai–; pertsonak kaosa ere bagarela naturaz, arkitektura-lanik perfektuena ere higatu, eraldatu eta orbandu egiten duela bizitzaren joanak, baina barruan eskuindar bat daukat pelikuletako sarjentuen gisa oihu egiten didana.

Nire barruko eskuindarrak nik baino ahots sendoagoa dauka, nik baino ibilera zurrunagoa. Bularraldean sentitzen dut hara-hona nola dabilkidan, pausoak danbor-hotsen konpasera doituta. Mundua leku ikaragarria dela esaten dit; pertsonak elkarrekin lehian aritzeko jaio ginela, elkar jateko, elkar irensteko, elkarri lekua kentzeko. Nik ingurura begiratu eta bakardadea ikusten dut; langabezian hilabeteak daramatzan lagun bat, autonomo gisa eguna lanari ematen dion beste bat, 30 urteak igaro eta oraindik bekadun jarraitzen duen adiskidea... Lehia baino elkarren beharra sumatzen dut gehiago. Nire barruko eskuindarrak emozioen merkatu librean bere esku ikusezina sartu du, ordea, eta nire beldurrak laztantzen hasi da, tigre bat laztantzen ariko balitz bezala.

Euria ari du, haizea harrotu da eta harea dator Kontxatik; haizeak astintzen ditu tamarindoak, lagunak, bueltarik ematen ez duen noria erraldoia; zurrunbilo bilakatutako haize batek harrapatu nau ni, harrapatu du mundua, eta bueltaka nabilela ni bezalako jende ikaratua ikusten dut noraezean; eta ikusten dut Trump, ikusten dut Abascal, ikusten dut Bolsonaro, ikusten dut Maroto eta ikusten ditut beldurrak, banderak bailiran, haizetan dantzatu dituzten trajedun gehiago. Barrez ari da nire barruko eskuindarra.

Nire hankartetik mintzo zait barruko eskuindarra. Alde Zaharreko tabernetara heldu gara, urtarrileko zer zenbakiri dagokion ez dakidan egun honetan. Nabarmentzeko esaten dit, uzteko nire barruko gizonari ateratzen. Ezetz erantzun diot nik; naizen gizona barrutik ez, kanpotik eraikia dela. Baina egoskorra da nire barruko eskuindarra: pertsonak sailkatzen ditu; esanahiz husten ditu “aniztasuna”, “askatasuna” eta esanaren esanaz ezer esan nahi ez duten beste hitz batzuk eta harro begiratzen dio hankak dardarka jartzen dizkion munduari. Ni bere kontra borrokan aritzen naiz hitz egiten dudan bakoitzean, kalera ateratzen naizen bakoitzean.

Baina eskuindar bat daukat nire barruan. Ikaratuta nago. •