Iñaki SANZ-AZKUE

«HAURRA GALDU ZAN HARRIYA»

Denborak eta ahozko transmisioaren etenak basoan ezkutatu dute. Egun, bailararen iluntasunean, «Haurra Galdu Zan Harriya» harkaitz bat gehiago da ingurukoen artean. Goroldioaren eta landareen berdetasunaren azpian galdu da; baina ez gaitezen nahastu: Txirritari berari bertsoa ateratzeko adinako izena eta izana eduki zituen lekuak ezin du ahanzturaren lainopean desagertu. Bertsoaren edukian murgilduko gara hitz zahar horien erroetatik bidea irekiaz: Zer ezkutatzen da «Haurra Galdu Zan Harriyaren» atzean?

Iñaki Sanz-Azkue
Iñaki Sanz-Azkue

Hernaniko Ereñotzu auzoan (Gipuzkoa) dago Haurra Galdu Zan Harriya deitzen dioten harkaitza. Latxe edo Usokoerreka izeneko bailaran, Alkatxurain baserritik ez oso urrun, egun basoan dago ezkutatua; askorentzat, galdua. Bertan gertaturikoak, alabaina, ez ziren oharkabean pasa inguruko biztanleentzat. Urteetan, ahoz aho, hango pasadizo tristeak bidea egin du herritarren artean. Txirritak ere lagunduko zuen zeregin horretan; hark hitzak eta errimak jarri zizkion harkaitz hartan gertatutakoari, eta bere bertsoa egundaino iritsi da, herritarrei esker eta Antonio Zavala zenak horiek jasotzeko egin zuen ahaleginari esker. Ez da harritzekoa, beraz, Hernaniko Udal Artxiboan agertzen den ondare kulturalaren zerrendan Haurra Galdu Zen Harriak bere lekua izatea.

Jose Manuel Lujanbio Txirritak, Hernaniko Ereñotzu auzoan jaiotako bertsolari ezagunak jakingo zuen, noski, non zen Haurra Galdu Zan Harriya. Izan ere, bere jaiolekutik oso gertu dago kokatua, apenas kilometro bateko tartean. Ereñotzuarren oroimenean gelditu den bertsoetako bat da berak jarritakoa. Bertso bakarra da, itxura batean nahiko sinplea, baina egun, Txirritak hura kantatu zuenetik, sekretu eta bitxikeria ugariz hornitu dena; denborak berak lehen arrunta zena orain ezezagun bihur dezakeelako.

Begi guztiek berdin ikusten ez dutenez, aditu ezberdinen begiradatik aztertuko dugu bertsoa. Azterketa-jolas berezia egingo dugu, hitz bakoitzari zukua atereaz, harria bera basoko iluntasunetik atera eta misterioari argi pixka bat eman nahian.

Hauexek izango dira testu honen protagonista eta ardatz: paraje horretatik gertu jaiotako 95 urteko ereñotzuar bat, euskal filologo eta bertso zaharretan aditu bat, ornitologo bat eta bertako toponimiari buruzko doktoretza tesia egin duen filologo bat. Ikuspuntu ezberdinek gure begirada zabaltzeko balioko al dute!

Leku izen edo toponimo berezia?

Luis Mari Zaldua Etxabe euskal filologoak eta “Urumeako Zilegimendietako Toponimia” izeneko doktoretza tesiaren egileak ondo ezagutzen du Haurra Galdu Zan Harriya leku izena (araututako forman, Haurra Galdu Zen Harria). Izan ere, ez da toponimo arrunta. «Satzname bat da, esaldia den toponimoa, aditza osagaietan duena», aipatu digu tesiaren egileak. «Esaldi-toponimo izate horrek egiten du berezi leku izena». Euskal Herrian gutxi izanik urte askoan berezi moduan hartu badira ere, Salaberrik 2008an eginiko lan batean oinarrituz Zalduak bere tesian azaltzen du ez direla guztiz arraroak, nahiz eta egia den ez direla alderdi guztietan maiztasun berarekin agertzen. Adituen arabera, satzname horiei buruzko zenbait puntu azterkizun daude oraindik, eta, ondorioz, badago oraindik ere non sakondu.

Bertsoa

Antonio Zavala zenak Txirritak lekuari jarritako bertsoen bi aldaera ezberdin jaso zituen. Biek hari berdina badute ere, bat aukeratu dugu gure azterketarako, hain justu, Ereñotzuko Florian Oiarbideri jasotakoa:

«Andre gazte bat mixerablia,

ahuntz kontura etorriya,

umia zeukan sihaskatxuan,

zarpa tartian jarriya.

Urdaburutik sartu zitzayon

tranpan arrano gorriya,

harrapatu ta eraman ziyon,

ai, hura haren larriya!

Orain hargatik deitzen diyogu:

Haurra galdu zan harriya»

Antonio Santa Kruz (Ereñotzu, 1924) Akola baserrian jaio zen, Haurra Galdu Zan Harriya dagoen tokitik apenas 500 metrora marra zuzenean. Antoniok ondo asko ezagutzen du lekuari buruz kontatzen dena eta Txirritak bertsoaren bidez azaldu zuena: «Gure etxean askotan entzun ditugun istorioa eta bertsoa dira. Umea nintzela Txirrita bera ere ezagutu nuen Ereñotzun bertsotan!», dio Antoniok. «Hala kontatzen ziguten guri etxean: Itturraldeko (egun jatetxea dena) neska gazte bat haurra sehaskan hartuta harkaitz hartara joan omen zen. Ahuntza lotuta izaten omen zuten bertan, eta inguruko belarrak jan zituenez, ahuntza mudatzera, lekuz aldatzera joan zen. Sehaska belar artean utzi omen zuen eta bera konturatzerako, arranoa sartu eta haurra eraman. Hortik izena: Haurra Galdu Zan Harriya».

Bertan kontatzen dena egia den galdetuta, Antoniok ez du dudarik egiten: «Guri egia balitz bezala kontatzen ziguten, behintzat».

Txirritaren bertsoaren magia

Eñaut Agirre Goia hernaniarra euskal filologoa da. Bertsoaren eta kopla zaharren munduan urteetan ibili ostean, egun gai horren inguruan ari da burutzen bere doktoretza tesia Mintzolak eta Mikel Laboa katedrak emandako beka bati esker. Agirrek bi konturi jarri die arreta: bertsoak euskara aldetik dituen bitxikeriei eta Txirritaren bertsoak berak duen estiloari; hain zuzen ere: «Pelikula baten antzekoa da, film labur bat. Bizi-bizia da. Flashak ditu, flash bat bestearen segidan. Ez dago sintaxirik. Detaile gutxi. Esaldi nagusiak dira, bata bestearen gainean jarrita, hori nahikoa da pelikula egiteko. Joseba Zulaikak ahozko bertsolaritzaz dio esaten denak bezainbesteko pisua duela esaten ez denak. Hara ba, hor, bertso honen magia. Elipsia ikaragarria da. Norberak erantsi behar dio esaten ez duena: ‘Harrapatuta eraman ziyon ai hura haren larriya’. Emakumea garrasika ikus daiteke hor. Esan gabe, dena esaten du, elipsiak magia ematen dio kontakizunari».

Euskara aldetik ere badu zer kontatu Agirrek. «Hasteko ‘haurra’ hitza dago. ‘Haurra’ Ereñotzun, Hernanin eta inguruetan ume txikiarentzat erabiltzen da. Jaio berriarentzat. Haurra gero ume bihurtuko da». Baina «galdu» hitzak ere badu bere puntua: «Haurra ez zen hil, baizik eta galdu. Inork ez du geroztik haren berririk izan. Inork ez daki zer pasa den harekin, beraz, ez da hil, baizik eta galdu. Marinelak bueltatzen ez direnean ere kostako herrietan halaxe esaten da euskaraz: ‘itsasoan galdu zen’». Askori egun arreta emango dio Txirritak «mixerablia» hitza erabili izanak. Gogorra suertatzen da belarrirako halako zerbait entzutea emakume bat deskribatzeko. «Egun, hitz horrek kutsu ezkorra du, baina bertso honetan ‘behartsua’ esan nahi du, ez besterik», aipatzen du Agirrek.

Txirritak jarritako bertso motzak ere orduko gizartearen isla txiki bat ematen digu. Egungo euskal gizarte urbanoan gero eta urriagotan entzuten diren naturari eta orduko ohiturei loturiko hitzak agertzen dira. «‘Ahuntz kontura’, ahuntza katean edo sokan lotua dagoenean hura mudatu edo kanbiatzera, lekuz aldatzera joan behar da, inguruko belarrak eta sasiak garbitu dituelako. Orain ere hala ibiltzen dira; horixe da ahuntz kontura joatea. Gauza bera gertatzen da ‘zarpa’hitzarekin. ‘Zarpa’, ‘zarba’ edo ‘zarbazta’ adar txikiek sare modukoa osatzen dutenean erabiltzen da, oso gauza zehatza da».

Bertsoan, ordea, bada hitz bat besteen gainetik nabarmentzen dena. Duen sinbolismoagatik kontakizuna entzuten duenaren buruan iltzatzen dena, betiko: Arrano gorriya ez da ahazteko moduko hitza. Kontakizunari eta bertsoari sekulako indarra ematen dion hegaztia da, Txirritak berak ere ezagutu zuena; baina, zer da arrano gorriya?

Urdaburutik sartu zitzaion

Gutxi badira lehenagotik genituen misterioak, Luis Mari Zalduak hitz egin digu izenak ornitologia eta nomenklaturatik kanpo arlo mitologikoan izan dezakeen esanahiaz: «beste maila batean, mitologiaren arloan alegia, nago Arrano gorria Mari dela», esan digu. Nomenklaturaren munduan, hegaztien euskara batuko izenak begiratuko bagenitu, «arrano gorri»-rik ez genuke aurkituko zerrendan. Izan ere, euskarak animalia eta landare hiztegi aberatsa badu ere, horietako asko jaso gabe dira oraindik ere; eta ziur asko, bildu gabe galduko dira. Horietako bat izan zitekeen arrano gorriya izenekoa.

Antonio Santa Kruzi galdetuta etxean entzundakotik tira du: «Arrano gorria duk ‘aguila real’, euskara batuko arrano beltza. Mirua baino handiagoa eta putrea baino txikiagoa. Arre kolorekoa izaten zuan, hortik arrano gorria». Arranua, edo arrano gorria ezagutu omen zuen Antoniok euren etxe inguruan. «Inguruko baserrietan oiloak ere eramaten zituen noizbehinka».

Baina hegaztiei buruz norbaitek baldin badaki, hori Mikel Olano da, Aranzadi Zientzia Elkarteko Ornitologiako kidea eta Gipuzkoako basozaina. Olanok ere hala uste du, arrano gorria dela arrano beltzari ematen zaion izena. «Txirrita bizi zen garaian edota lehenago arrano beltza Urumea bailarako paraje horietan izatea oso litekeena da. Egun, oraindik ere tarteka ikusten dira inguru horietan gazteak edo helduak bakarka». Arrano beltza asko jaitsi bazen ere, egun kopurua igotzen doala dio Olanok. «Nafarroan nahiko egoera onean dago, baita Araban ere. Bizkaian ez dago bikoterik, eta Gipuzkoan pare bat izan daitezke».

Ezin utzi aukera pasatzen, eta Olanori ere galdetu zaio istorioak zenbat eduki dezakeen egiatik, edota zenbat kondairatik: «Nik ez dakit arrano beltzak umea bizirik sehaskan egonda, joan eta hartuko lukeen, baina ziurta dezaket ume jaioberri bat airean eramango lukeela erraz. Pentsatu azeriak, arkumeak, antxumeak, azkonarrak… harrapatzen dituela. Iparraldeko herrialde batzuetan bi-hiru arrano beltzen artean bizi-bizirik dauden otsoak ere ehizatzen dituzte, pentsa!».

Eta Urdaburuk, zer esaten digu Urdaburu mendiak «Urdaburutik sartu zitzaion tranpan arrano gorriya» dioenean? Hala esan digu Olanok: «Arrano beltzak habia harkaitzean egiten du ia %90ean, garai hartan Urdaburu eta inguruko mendietako harrietan arrano beltza izatea ez litzateke batere harritzekoa izango». Bertara joan besterik ez dago. Haurra Galdu Zen Harria izeneko harkaitzetik ikusten da Urdaburu pare-parean, handi, sendo, harkaitzera begira balego bezala.

Misterioak azaleratuko al du harria?

Jaso ditugu datuak, entzun ditugu adituak eta jarraitu dugu bertso zaharreko hitzek eman diguten bidea. Arrano gorriak, harkaitzak, Urdaburuk edota Txirritak berak, galderez bete dute pasadizoa; eta horrek guztiak, eta sortu den misterioak, kontakizuna oroimenean mantendu dute gaurdaino. Honaino iritsita, pentsatzen jarriak gara adituek emandako azalpenek egia osoa azaleratuko ez badute ere, ez ote den onena harkaitza bere horretan uztea. Naturaren erritmo lasaiaren baitan baso artean ezkutatzen. Izan ere, jakitekotan, harriya bera izango da egun han gertaturikoa benetan pasa zen ala ez erantzungo digun bakarra. Egin dezala, beraz, bere bidea misterioak; harriek hitz egiten ikasi bitartean bakean utziko dugu, ahanzturaren atzaparretan erori gabe.