Alberto Matxain
analisia

Herriaren konstituzioa (II)

«Parlamentuak protestarien eskaera guztiak onartu zituen, konstituzio berri edo erreforma baten eskaera barne, agian munduak inoiz ikusi duen konstituzio erreformarik demokratikoena martxan jarriz»

Krisi ekonomiko sakonean murgilduta, 2009ko urtarrilean islandiar herriaren mobilizazioek eskuineko gobernua dimititzera behartu, eta hauteskunde aurreratuetan indar korrelazioa aldatu zen; zentro-ezkerreko gobernuak hartu zuen lekukoa. Hurrengo urteetan Islandiako Konstituzioaren erreforma sakona gauzatzeko seguruenik historian parekorik izan ez duen prozesu parte hartzailea garatu zuten islandiarrek. Instituzioen, herri antolatuaren, iritzi publikoaren eta uharteko botere faktikoen arteko dialektika gogorra izan zen, 1944ko konstituzioa bere horretan uztearen aldeko interes ahaltsuak zeudelako.

Islandian bizi den bartzelonar kazetari Eric Lluent-ek “Islàndia 2013. Crònica d’una decepció” liburuan 2009ko gobernu aldaketaren ostean islandiarrek konstituzio berri bat idazteko burutu zuten prozesu parte hartzailea xehetasunez azaltzen du (liburua interneten aurki daiteke). GAUR8 berarekin harremanetan jarri da, baita prozesu honetan protagonismoa eduki zuten hiru herritarrekin ere: hasierako mobilizazioak martxan jarri zituen abeslari Hörður Torfason, mobilizazioetan erreferentzietako bat bilakatu zen abokatu Katrín Oddsdóttir eta Islandiako Unibertsitateko ekonomia irakasle Þorvaldur Gylfason. Azken biek konstituzio erreformaren idazketan parte hartu zuten.

Herri bultzada

«Parlamentuak protestarien eskaera guztiak onartu zituen, konstituzio berri edo erreforma baten eskaera barne, agian munduak inoiz ikusi duen konstituzio erreformarik demokratikoena martxan jarriz. Dena ongi joan zen, Auzitegi Gorenak prozesua oztopatzeko egin zuen saiakera kenduta», erantzun dio Gylfason irakasleak GAUR8ri.

Torfason abeslariak zera gogoratzen du: «Protesten ondoren, 2009ko otsailaren 13an, bilera bat eduki nuen Jóhanna Sigurdandóttir lehen ministroarekin. Proiektua martxan jarriko zuela agindu zidan. Eta hala egin zuen».

Herriaren birfundazioaren ideia oso hedatua zegoen, baita eskuineko boto emaileen artean ere, eta ideia berritzaileak sortu ziren berau martxan jartzeko. Hausnarketa kolektibo baten ostean Islandiako herri mugimenduak Asanblada Nazionala antolatu zuen, instituzioen babes garbirik gabe: uharte osotik zetozen eta sektore sozial guztiak ordezkatzen zituzten 1.500 pertsonak parte hartu zuten. 350.000 biztanle dituen herrian halako ordezkaritza batek herriaren etorkizunari buruzko eztabaida bat garatzeak zilegitasun politiko handia ematen zion ekimenari, instituzioek bultzatu ez arren. Esperientzia honek balio izan zuen alderdiei erakusteko herria prozesua lideratzeko prest zegoela, betiere Parlamentuaren babesa bilatuz, erabakiak hartzen dituen instituzioa den heinean.

Islandiako zentro-ezkerreko Gobernu berriak Asanblada Nazionala erreferentziatzat hartu zuen 2010. urtean aitormen instituzionala edukiko zuen antzeko esperientzia bat martxan jartzeko: Forum Nazionala. 2010eko azaroaren 6an 950 pertsona bildu zituen, geografia eta genero irizpideak zainduz, konstituzio berriaren oinarria ezartzeko helburuarekin. Bilkuraren ondorioak aurreko urtean izandako Asanblada Nazionalaren ondorioen oso antzekoak izan ziren: gardentasuna, giza eskubideak, demokrazia, natur baliabideen zaintza eta errespetua, tolerantzia eta justizia oinarri dituzten balioak biltzen zituzten.

Oinarri honekin, azaroaren 27an hauteskundeak egin zituzten Biltzar Konstituziogilea osatuko zuten 25 herritar hautatzeko, konstituzio erreformaren zirriborroa idazteko ardura edukiko zutenak. 552 pertsona aurkeztu ziren. 15 gizon eta 10 emakume hautatu zituzten. Horien artean Þorvaldur Gylfason eta Katrín Oddsdóttir zeuden.

Konstituzioaren erreformaren kontra zeuden sektoreen mugimenduak hasi ziren: hiru salaketa jarri zituzten hauteskundeak baliogabetzeko helburuarekin. Islandiako Auzitegi Gorenak arrazoia eman zien. Honen aurrean, Gobernuak Kontseilu Konstituziogilea sortu zuen, eta hauteskundeetan boto gehien izan zituzten 25 herritarrak Kontseiluko kide izendatu zituen. Independentziaren Alderdia bakarrik gelditu zen prozeduraren kontra, baina oposizioa egiteko argudio indartsua baliatuko zuen: «Kontseilu Konstituziogilea bermerik gabeko hauteskunde batzuetan hautatua izan zen».

2011ko apirilaren 6an Kontseilua lehen aldiz bildu eta konstituzio berriaren zirriborroa idazten hasi zen.

Zirriborroaren idazketan aritu ziren 25 herritarrek bazekiten beren lana ezerezean geldi zitekeela, oposizioko alderdi nagusia, Independentziaren Alderdia, kontra baitzuten, baita gobernu koalizioko alderdietako zenbait sektore ere. Hori horrela, Kontseiluak zentro-ezkerreko diputatuenganako presio estrategia bat martxan jarri zuen. Azken finean, gobernu koalizioko alderdiek gehiengo osoa zuten Parlamentuan, nahikoa Islandiako 1944ko konstituzioaren arabera erreforma prozedura martxan jartzeko (Parlamentuan erreformari buruzko bozketa, Parlamentuaren desegitea, hauteskunde deialdia eta, hauteskundeen ostean, proposamen konstituzionalaren bigarren eta azken bozketa).

Lluenten esanetan, «itzalpeko boterea 2011n estrategia zehazten hasi zen, betidanik botere ekonomikoa eta uharteko baliabide naturalen ustiapenaren kontrola eduki zuten sektoreak jokoz kanpo utziko zituen aldaketa ekiditeko. Iritzi publikotik at, gerra gogorra deklaratu zuten herriaren konstituzioa atzera botatzeko. Soilik horrela ulertzen da 2013an gertatuko zena».

Lau hilabetean Kontseilu Konstituziogilearen erreforma-proposamena amaituta zegoen eta uztailaren 29an Parlamentuko lehendakariari entregatu zioten (lotura honetan ingelesezko bertsioa eskuragarri dago: stjornlagarad.is/other_files/stjornlagarad/Frumvarp-enska.pdf). Proposamena alderdiek garatu behar zuten zirriborro bat zen. Parlamentuan eztabaida prozesua abiatu zen, eta oposizioko alderdiek prozedura ahal bezainbeste luzatu eta Kontseilu Konstituziogilearen papera zalantzan jartzeko ahal izan zuten guztia egin zuten. Bitartean, Gobernuaren asmoa, proposamena Parlamentuan moldatu eta itxi ostean, herritarrei beren iritzia erreferendumean emateko aukera ematea zen, 2012ko hauteskundeekin batera. Ezinezkoa izan zen, tramitazio parlamentarioaren abiadura motelaren ondorioz.

2012ko urriaren 20an erreferenduma egin zen, baina ez konstituzioaren erreforma- proposamenaren osotasunaren inguruan, eztabaida gehien eragin zuten gaiei buruzko sei galderaren inguruan baizik. Erreferenduma ez zen loteslea izan eta Gobernuak babes eskasa eskaini zion, ez baitzuen hasierako helburu eta izaerarekin bat egiten. Hala eta guztiz ere, erroldatutakoen %48,9k parte hartu zuten. Emaitzek garbi utzi zuten herritarren gehiengo batek Kontseilu Konstituziogileak planteatutako erreformei babesa ematen ziela, baina era berean Independentziaren Alderdiari Gobernuan eragitea ahalbidetuko zion argudio bat eman zioten: erroldatutakoen bi herenek kontra bozkatu edo abstenitu egin ziren.

Traizioa

«Sistema guztiek aldaketari kontra egiten diote. Baina irabaziko dugu» (Katrín Oddsdóttir). «Parlamentuaren jarrera islandiar demokraziaren kontrako erasoa da» (Þorvaldur Gylfason).

Legegintzaldia amaitu ahala konstituzioa aldatzeko prozedura martxan jartzeko denbora agortzen zihoan. Kontseilu Konstituziogileak zentro-ezkerreko diputatuenganako presio estrategiari esker, Parlamentua osatzen duten 63 parlamentarietatik 32k konstituzioa babestuko zutela publikoki adierazi zuten. Halere, konstituzioa aldatzeko, hauteskunde batzuen ostean aterako zen parlamentu berriak babestu beharko zuen.

Independentziaren Alderdia eta Alderdi Aurrerakoia kontra zeuden, baina haien indarra batuta ere ezin zuten konstituzioaren erreformaren onarpena oztopatu. Eta konstituzioaren erreformarekin jokoan zegoena ez zen gobernuaren kolorea, gauza askoz garrantzitsuagoak baizik. Lluenten ustez, erraza da imajinatzen arrantza, energia geotermikoa eta baliabide mineralen sektoreari loturiko aberatsen kontrakotasuna. Kontseiluaren erreforma-proposameneko 34. artikuluak zehazten du dagoeneko pribatuak ez diren baliabide naturalak betirako nazioaren jabetza izan behar direla, eta ustiapen baimenen erregulazioa planteatzen du. 2012ko erreferendumean 2. galderak hau galdetzen zuen: «Konstituzio berrian, nahi duzu pribatuak ez diren baliabide naturalak jabetza nazional deklaratuak izatea?». Botoen %82,9 aldekoak izan ziren.

Era berean, testu berriak herritarrei gaitasun handia ematen die legeak atzera botatzeko eta elite politikoak hautatzeko, elite ekonomikoen eta alderdi politikoen eragiteko gaitasuna murriztuz. Horrekin batera, Islandiak erakargarri izateari utziko lioke kapital atzerritarrentzat, nahiago dutenak erregulazio ahalik eta gutxien eta bere beharren arabera aldatzen errazak izango diren legeak. Eta kapitalak erakartzea zentro-eskuinaren itxaropena zen aurreko bizitza maila berreskuratzeari begira.

2013ko martxoaren 27an legegintzaldiko azken saioa izan zen. Azken aukera zen konstituzio erreformari baiezkoa emateko. Erreformaren bultzatzaileen itxaropena bozketa bat egitea zen, baiezkoarekin publikoki konprometitutako parlamentariak beren hitza betetzera behartuta sentitu zitezen. Parlamentari batek tramite baten bidez bozketa behartu zuen. Erreformaren kontrakoak maniobrarako tarterik gabe gelditu ziren. Baina orduan Ásta Ragnheidur Jóhannesdóttir-ek, Parlamentuko lehendakaria eta gobernu koalizioko kide zen Aliantza Sozialdemokratako kideak, erreformaren bozketari bide ez ematea erabaki zuen, Parlamentuaren araudia urratuz. 2013ko martxoaren 28an konstituzio berriak porrot erabakigarria jasan zuen.

Erreformaren aldekoak ziren parlamentariak sutu egin ziren, horien artean Parlamentuko lehendakariaren kide asko. Jendarteak jokaldia sinetsi ezinik bizi izan zuen. Zentro-ezkerreko Gobernuaren enegarren dezepzioa izan zen. Gainera, erabakiak hurrengo hauteskundeei begira Independentziaren Alderdia eta Alderdi Aurrerakoia, krisiaren erantzule zuzenak, ongi kokatuta utzi zituen.

2013tik gaurdaino

2013ko hauteskundeetan erreformaren kontrako alderdiek emaitza onak eskuratu eta koalizio gobernua osatu zuten. Ez zioten jarraipenik eman erreforma prozedurari.

2016an mobilizazio masibo berriek gobernuburua dimititzera behartu zuten, “Panamako paperetan” inplikatuta zegoela publiko egin ostean. Era berean, hauteskunde berrietatik ateratako gobernu berria 2017ko irailean gutxiengoan gelditu zen, lehen ministroaren aita inplikatzen zuen eskandalu baten ondorioz gobernua osatzen zuten alderdietako batek gobernua utzi zuenean.

Egun Islandiako lehen ministroa Katrín Jakobsdóttir da, Ezkerra-Berdeak alderdikoa, Independentziaren Alderdiaren eta Alderdi Aurrerakoiaren babesarekin. Islandiak 1944ko konstituzio zaharrarekin jarraitzen du eta Gobernuak ez du inongo asmorik konstituzioaren erreforma indarrean jartzeko. «Konstituzio honen alde borrokan jarraitzen dut, Parlamentuak ez duelako inplementatu, nahiz eta erreferendumean boto emaileen %66k adierazi zuten konstituzio berria izan nahi zutela», dio Katrín Oddsdóttirrek. «Gero eta islandiar gehiagok babesten dute konstituzio berriaren eskaera», planteatu du Hörður Torfasonek. Lluent ez da hain baikorra: «Mugimendu minoritarioa da gaur egun. Gobernuan dagoen Ezkerra-Berdeak alderdia koalizioan dago bankuen pribatizazio prozesua muntatu zuten alderdiekin, Independentziaren Alderdi eta Alderdi Aurrerakoiarekin; beraz, ez dago aukerarik. Aukera historikoa eduki zuten jada».

Þorvaldur Gylfasonen arabera, «2017an inkestek zioten gehiengoaren babesa mantentzen dela. Konstituzioaren erreformak arrakasta handia eduki arren, Parlamentuan bost urtez bahituta egon da. Parlamentuak jarraitzen du jendearen konstituzio berriarekiko nahia frustratzen, herritarrek instituzioengan daukaten konfiantza are gehiago kaltetuz».

Konfiantza falta hau errealitate bat bada ere, azken hauteskundeetan islandiarren %81,2k bozkatu zuten. Parlamentuko indar harremana da aldatu dena; desegonkortu egin da krisiaz geroztik. Lau alderdi tradizionalekiko atxikimendu galeraren ondorioz, alderdi berriak jaio dira eta Parlamentuan lau alderdi izatetik zortzi izatera pasatu dira. Oddsdóttirren iritziz, indar harremana hain aldakorra da «sistema iraungita dagoelako eta herriak ez duelako eduki beharko lukeen boterea. Jarraituko dugu lider txarrak edukitzen, agenda izugarriekin, sistema politiko zahar hauek benetako demokraziak bihurtzen ditugun arte». Edozein modutan, emaitza elektoralek gorabehera handiak izan arren, Independentziaren Alderdiak hegemonikoa izaten jarraitzen du.

Lluentek egoera ulertzeko gako posible bat eman du: «Ekonomia berreskuratu den momentuan jendearen gehiengoak ahaztu egin du [konstituzioaren erreforma], hemen koroa indartsu dagoenean badirudielako dena urrean bainatuta dagoela. Orain ez dago mugimendu antolatu bat gehiengo bat atzean duena presioa egiten konstituzio erreformarekin aurrera egiteko».

Herriaren kolapso ekonomikoa ekiditeko Banku Zentrala erreskatatu eta banku berriak sortu zituzten, eta bi erreferendumetan kanpo zorra ordaintzeari uko egin zioten. Gaurdaino gertatu den bilakaera ekonomikoa María Elvira Méndez Islandiako Unibertsitateko irakasleak “El Faro de Reykjavíc”-en azaldu du. Islandiako Gobernuak kapitalen zirkulazioaren inguruko murrizketa neurri zorrotzak ezarri zituen hamar urtez. Ezohiko irtenbide bat hautatuz, 2012tik aurrera Islandiak hazkunde ekonomiko azkarra izan zuen. Kapital irteeren murrizketaren ondorioz, turismoak irlan sartutako kapitala irlan gelditu da, eta, arrazoi beragatik, islandiar kapitala bertan inbertitu da, turismoan eta etekin azkarrak ematen dituen beste sektore batean: eraikuntzan. Horra hazkunde azkarraren arrazoiak.

Egoera ekonomikoaren hobekuntzak sortutako aberastasuna ez da denen artean berdin banatu. Turismoaren igoera esponentzialak zenbait zonatan etxebizitzaren alokairuaren prezioa igo du, islandiar gazteen kaltetan.

Bestalde, krisiak eztanda egin zuenetik 10.000 etxegabetze egon dira eta kalkulatzen da krisiak islandiarren %10en aurrezkiak eraman zituela.

Horrekin batera, ekonomiaren berreskurapena turismoan eta, beste maila batean, eraikuntzan oinarritu izanak lanaren prekarizazioa ekarri du. Islandia eskulan kualifikatua esportatzera eta soldata baxuko lanetarako langileak inportatzera pasatu da.

Krisiak islandiarren pentsamoldean utzitako aztarnari buruz galdetuta, Torfason eta Gylfason ados daude: 2009ko protestak islandiarrentzat herriaren botereari eta gaitasunari buruzko irakasgai garrantzitsua izan ziren. Biek azpimarratzen dute iritzi publikoak alderdi eta instituzioekiko duen konfiantza falta erabatekoa, eta egun sindikatuak garatzen ari diren borroka itxaropentsu ikusten dute.

Èric Lluenten iritziz, «herri oso kontserbadorea da, oso erlijiosoa. Pentsaera indibidualista du. Joera oso kapitalista da, eskuindarra soziologikoki, eskubide sozialen esparruan liberala izan arren. Krisiak zentzu kritikoa areagotzea ekarri du. Lehen ez zegoen prentsa kritikorik. Gutxiengoa izan arren, gertatzen ari denarekin kritikoa den sektore bat existitzen da. Ez du ondoriorik batere hauteskundeetan, baina aldaketa hori gertatu da».

Krisiaren aurretik Islandiako ekonomiak gorakada azkarra ezagutu zuen. Krisiaren ostean bi urteko atzeraldia ezagutu eta gero, gorakada azkar bat izan du berriz. Zenbait adituk krisi berri bat datorrela uste dute. Gylfason ekonomia irakaslearen aurreikuspen ekonomikoak demokraziaren berreskurapenarekin lotzen ditu: «Islandiako epe luzeko aurreikuspen ekonomikoak oso onak dira demokrazia nagusitzen den heinean. Bidea gogorra izan daiteke, ordea, Parlamentuak jarraitzen badu konstituzio berriarekiko jendearen nahiari bizkarra ematen. Islandiarentzat erronka garrantzitsua da bide bat aurkitzea politikariak usteltzat dituzten eta Parlamentuak 2012ko erreferendum konstituzionalean herriak eman zuen hitza errespetatu behar duela pentsatzen duten islandiarren bi heren horiek ahalduntzeko. Zenbat eta lehenago gertatu, orduan eta txikiagoa izango da etorkizunean krisi berriak egoteko arriskua».