Oroitzapen kaxetan
Errutinaren lorpen handiena izango da, akaso, asaldatzeko gaitasunari partida irabaztea. Elkarri kateatutako betebeharren sokan, begirada ezerk ez altxaraztea. Eta hor gaude gu, zu, bera eta ni; soka horri lotuak, udako ludoteketako haurrak hondartzara bidean nola.
Lehenengo egunean, miresgarria iruditzen zaie begiralearekin egindako jolasa eta, ia ziur, hurrengo bost egunetan ere bai; nobedadeen ajeak. Baina haurrek ere badakite zerbait errutinaz eta, sokaren sokaz, hilabetea amaitzerako, itzali zaie libertimenduarekiko maitemina.
Kontuak zer diren: haurtzaroa deskribatuz, beti da ederragoa gure makurraz aritzea. Beti da erosoago onartzea, nola ari garen norbere Twitter kontutik erailketa matxisten zerrenda konpultsiboak salatzen, kaleek –edo bihotzek, edo tabernetako eztabaidek, behinik behin– sutan behar luketenean. Esaldi laburrak idazteko arteak patriarkatua eraitsiko balu bezala.
Ez, noski ezetz. Baina nolabait egin beharko dugu ohikeria hauen guztien memoria, gogora ekartzeko, adibidez, 2019. urteak artean 20 egun ere ez zituenean, ia egunak bezainbeste emakume erail zituztela. Kontatzeko, Emakume eta Gizonen Berdintasunerako 4/2005 Legea onartu zuen erakunde berak, Jaizkibel konpainiari «mozal legea» aplikatu ziola. Edo, errelato bilakatzeko, errelatoetarako ere sinestezin zitzaizkigun hiru-letrako-alderdi-ultren diskurtsoak.
Memoria izan daiteke erromantikoak denborari botatako begirada. Zauriak ixteko modu burokratikoegia da memoria, zenbaitentzat; eta belaunaldi helduagoen matraka, gaztearen arnasa berriarentzat. Aitortzen dut, inoiz kontzeptu antzua iruditu izan zaidala memoriarena; lausoa, beharbada. Hain termino generikoa eta hain pertsonala, aldi berean; hain beharrezkoa, eta hain bortxatua. Hain historia liburuen neurrira maketatua, eta hain ahozkotasunean bizirautera kondenatua.
Denbora daramat, ordea, gure amona-aitonen garaiko miseriak gure bilakatzera doazela pentsatzen. “Fakirraren ahotsa” eleberrian bete-betean sartuta nagoelako izango da, akaso; eta Mikel Antza aske geratu delako, liburuan Martutenetik ihes egin duen une berean. Baina, aizue: errutina hilkorraren aurka, gutxienez, bil ditzagun gure bizipenak, koadernoetan edo oroitzapen kaxetan. •

