Saioa Aginako
Psikoterapeuta

Zerk apurtu zuen zakua?

Oro har, telebista kateek igortzen dituzten edukien aukeraketaren erantzukizunari buruzko diskurtsoa oso hedatuta dago eta, horrekin batera, morbosotzat har daitekeenaren inguruko kritika. «Morbo» hitzak «gaixo» hitzarekin du harremana, «gaizbera» eta «kaltegarri» hitzekin ere bai, moralari dagokionez. Morboa gertakari desatseginekiko erakarpena da, beraz. Askok zalantzan jartzen dugu komunikabideen eta bereziki telebistaren portaera, «errealitatearen» eta publikoaren arteko bitartekaritza eginkizunean. Eduki eta irudien aukeraketan batez ere. Ez al dute jokabide morbosorik?

Telebistak aurkezten duen morboak, dudarik gabe, ikusleak interpelatzen ditu, hau da, itauntzen ditu, eta horrela, morboa helarazia zaie. Irudi morbosoen emankizunaren arduradunak komunikabideak dira, beraiek aukeratu baitezakete adibidez indarkeria irudiak objektiboki ala morbosoki erakustea. Hau sozialki kezkagarria da, biztanlerian –batez ere kalteberagoak diren sektoreetan, hala nola haur eta nerabeetan– ondorio negatiboak sor baititzake, esaterako indarkeriarekiko intsentsibilizazioa. Hala eta guztiz ere, frogatua dago, emankizunak eduki morbosoak dituztenean ikusle kopuruak gora egiten duela indizeetan, emankizunak eduki neutroagoak dituztenean baino gehiago.

Zeintzuk dira eduki morbosoak? Adituen arabera, plazera bilatzen dutenak dira. Hauek maiztasun handiarekin ematen dira telebistan eta gertaeraren xehetasunak irudien bitartez erakusten dira. Diferentzia nabaria dago informatzearen eta morboa zabaltzearen artean. Albisteak ikuskizun bihurtzen direnean, jaurtigai bihurtzen dira. Adibidez, istripu bati buruzko albistean, odola edo gorpuen irudiak ateratzen direnean edo, datu intimoak ezagutarazten direnean desagertutako pertsona bati buruzko berrietan. Asmorik gabe, albistegiek emandako irudi morbosoen kontsumitzaileak izaten amaitzen dugu gehienok, irudien ezaugarrien aldez aurretiko abisurik izan gabe. Kontsumitzaile pasiboak al gara? Ez al dugu erabakitzen zeintzuk, zer eta nola ikusi?

Komunikabideak eta ikusleak gailu berdinaren makineria gara. Morboa gizon eta emakumeen ezaugarria da, eta seguruena, noizbait asetzen saiatu garena. Kontua ez da morboa ukatzea, baizik eta alde batetik, jasotzen dugun informazioaren limiteei buruz hausnartzea, eta bestetik, sena asetzeko aukerak ezagutzea.

Jakiteko nahia, jakin-mina, morboa bezala, gizakiak berezkoa duen ezaugarria da eta telebistak, kontrolatu dezakegun ingurune batean, kuriositatea asetzeko aukera ematen digu. Beraz, egia da, irudiek sinesgarritasuna ematen diotela kontatutakoari eta arazo batekiko sentikor bihurtu dezaketela biztanleria. Finean, gizakiaren izaera beldurgarri eta zitala erakutsi eta horrekiko erantzule egiten gaitu. Baina non jarriko dugu kuriositatearen eta morboaren arteko muga?

Eduki esplizituak bere helburu informatzailea galtzen duenean eta bere erabilera interes pribatuen zerbitzura edo audientzia gerra batean kokatzen denean, une ona izan daiteke kontsumitzen dugun edukiaren gainean hausnartzeko. •

saioaaginako@gmail.com