Amagoia Mujika Telleria
KONTATU EZ DENA

Emariak, emakumeek egindako ekarpenak bistaratzen dituen bilduma

Kontatzen ez dena ez da existitzen. Eta bistan ez dauden erreferenteek ez dute inor amestera edo ekitera bultzatzen. Horregatik, berez existitu diren baina inoren bistara ekarriak izan ez diren emakumeak lehen lerrora ekarri dituzte «Emariak» liburuan. Itzalean egondako emakume zenbait argira ekarri dituzte, beste batzuei argia egin diezaieten.

Historian barna ekarpen oso garrantzitsuak egin dituzten emakume asko izan dira. Duela gutxira arte, baina, ez dute kabidarik izan historia liburuetan, ez egin dutena garrantzitsua ez delako izan, historia liburu ofizialak idatzi dituztenek ez dituztelako aintzat hartu baizik. Hartara, ikusezin bihurtu dira jendartearen begietara.

Hutsunea handia da, zuloa nabarmena eta tapatzen zaila. Baina han eta hemen hasi dira hutsunea betetzeko lanean. Eta horretara dator Kalaka Komunikazioko kideek argitaratu berri duten “Emariak” liburua. Autoedizio bat da.

Esanda bezala, hutsune bat betetzera dator liburua. «Emakume erreferenteen berri ez daukagu. Gizonezko erreferenteen berri jasotzen dugu eskolan, eskolatik kanpo, arlo guztietan ematen zaigu gizonezkoen berri; kiroletan, politikan, enpresa munduan, zientzian… gizonek egin dituzten lorpenen berri badaukagu, baina emakumeen lorpenen berri apenas. Duela pare bat urteko ikerketa bateko datuen arabera, testuliburuetan agertzen direnen %75 gizonezkoak dira. Datu hori larria iruditu zitzaigun eta ikusi genuen hutsune hori hor zegoela. Beste hizkuntza batzuetan egin izan dira horrelako bildumak, baina euskaraz ez. Eta garrantzitsua iruditu zitzaigun hutsune hori samurtzen laguntzea eta, gainera, euskaraz egitea», hasi du azalpena Ilazki Gainzak.

Gainzak berak eta Nerea Uriak sortu zuten duela lau urte Kalaka. «Bion jakituria bilduta, zerbitzu batzuk eskaintzen hasi ginen, komunikazioa eta berdintasuna oinarri nagusi gisa hartuta». Gaur egun zenbait zerbitzu desberdin eskaintzen dituzte; diseinu grafikoa, komunikazio estrategiak, aholkularitza, berdintasun planak edota formakuntza parekideak, besteak beste. Duela urte eta erditik Emakundek homologatutako elkartea da gainera.

Kalakakoek garbi dutenez, pertsonaren garapenean erreferenteek garrantzia handia daukate. Finean, maiz horiei begira josten dira ametsak eta planak. «Neskatoentzat garrantzitsua da emakume erreferenteak izatea, muga asko hausten baitituzte horrela. Nahi dutena izateko aukera dutela sinisten laguntzen diete erreferenteek. Eta mutikoen kasuan, aldiz, emakume erreferenteen berri izateak laguntzen die emakumezkoei paretik parera begiratzen eta beren inguruko neskekin harremanak berdintasunetik eraikitzen».

Zementuzko sabaia

Historian barrena edonoren erreferente izateko moduko emakume asko egonagatik, orain arteko historia liburuetan apenas izan duten tokirik. «Azken finean, historia idazten duenak aukeratzen du zer kontatu eta nola eta kontaketa horretan ez zaio garrantzirik eman emakumeak egindako ekarpenari. Horregatik egin dugu liburu hau, emakumeek egindako lanari balioa eman eta hori ezagutzera emateko», iritzi dio Nerea Uriak. «Betiko pentsamendua astindu nahi dugu».

Kristalezko sabaiaz hitz egiten da askotan. Zementuzko sabaia aipatu dute Kalakakoek beren lanean. «Bi sabai desberdin dira. Kristalezkoak normalean enpresa baten barruko antolaketari eragiten dio. Zementuzkoa, berriz, erreferente faltari buruz ari da. Horren ondorioz, emakumeok modu jakinean ulertzen dugu gure egitekoa jendartean, maiz etxeari eta familiari lotuta», agertu du Gainzak. Uriak azalpen oso grafikoa gaineratu du; «kristalezko sabaian, gora begiratuz gero, ikusi egiten da goian dagoena. Zementuzkoaren kasuan, ez da ezer ikusten, ez dagoelako ikusteko moduko erreferenterik. Ikusten ez direnez, badirudi ez daudela». Hain justu, horri buelta eman nahi dio “Emariak” liburuak.

Aukeraketa

Historian barna, garai eta toki desberdinetan, aintzat hartzeko moduko emakume asko izan dira. Horien lagin bat baino ez dute hartu lan horretan, aukeraketa bat egin behar izan dutelako. «Erreferentziazkoak diren emakume mordoa izan da historian. Liburu honetan lagin txiki bat baino ez dugu bildu, jendearengan jakin mina eta hausnarketa bultzatzeko behintzat».

Zenbait irizpidek gidatuta egin dute hautaketa hori: lurralde desberdinetakoak, arlo desberdinetan arituak, Euskal Herrikoak tartean eta ez oso ezagunak direnak. Horiek izan dira, gutxi edo gehiago, lana gidatu duten irizpideak.

«Emakume ezezagun samarrak aukeratu ditugu. Simone de Beauvoir, Marie Curie, Angela Davis, Frida Kahlo eta beste emakume batzuk ezagunak dira gure artean, beren inguruko informazioa zabaldu delako azken urteetan. Beren ekarpenak, zalantzarik gabe, oso garrantzitsuak izan dira. Baina horien berri zerbait badakigunez, hain ezagunak ez diren emakume batzuen berri eman nahi izan dugu. Ezezagunagoak diren emakumeak ekarri ditugu liburura, erreferente gehiago izan ditzagun», azaldu du Gainzak.

Aukeraketa horretan, izen propioak ez ezik, bi kolektibo ere nabarmendu dituzte: etxean lan egiten duten emakumeak eta sufragistak. «Finean, emakumeen borroka kolektiboa izan da eta da. Horregatik garrantzitsu jo dugu bi borroka kolektibo horiek aipatzea. Etxean lan egiten dutenak ekarri ditugu lehen lerrora, gure inguruko emakumeei omenaldi bat egiteko modua delako. Historia guztian zehar eta herrialde guztietan giza eskubideen aldeko borrokan aritu dira; zaintza ziurtatzen, familia zaintzen, etxea… Beren ametsak eta etorkizun desberdin bat izateko aukera alboan utzi eta etxeari garrantzia eman diote. Oso emakume ausartak izan dira eta ez dira baloratuak izan. Horregatik erabaki dugu emakumezko erreferente horiekin hastea», esan dute egileek.

Sufragisten kasuan, berdin. «Mundu mailako mugimendu bat izan zen, oso garrantzitsua. Garai hartan egin zuten borrokari esker ditugu orain hainbat eskubide, haien borrokari esker. Hori kontatu beharra dago», gaineratu du Nerea Uriak.

Liburuaren amaieran ariketa batzuk proposatzen dituzte, irakurritakotik irakurleak zer jaso duen ikusteko. Finean, Emariak baliabide bat da, parekidetasuna eraikitzeko bidean urrats txiki bat. Berez helduentzat da liburua, bertako informazioa barneratu eta haiek haurrei helarazteko. Horregatik gurasoak eta irakasleak oso kontuan izan dituzte liburua egiterako orduan. «Garrantzitsua da helduek emakume erreferente horien berri jasotzea eta gero jakintza hori haurrei transmititzea. Guretzat hori litzateke onena», nabarmendu dute.

«Hasieratik gure asmoa izan da jendartean eragitea, berdintasun irizpideak azaltzea eta gure ahalmenetik –elkarte txiki bat garela jakitun– eraldaketak bultzatzea. Liburu honekin pozik gaude helburu hori lortu dugulako; etxeetara iritsi gara, jende desberdinarengana iritsi gara…», bukatu dute.