Xabier Izaga Gonzalez
EUSKARA ETA EUSKALKIAK

Koldo Zuazoren 30 urteko ikerketak, ingelesezko liburu batean bilduta

Gregor benton galesa Txinako historiaren ezagutzaile aparta da eta euskal kultura eta hizkuntza ere maite ditu. Koldo Zuazo EHUko katedradunaren obraren berri izan zuenean, harekin harremanetan jarri eta bere lana ingelesera itzultzea proposatu zion. Urtarrilaz gero kalean da «Standar Basque and its Dialects» lana.

Iazko apirilean “Sarako euskara” lana aurkeztu zuen Koldo Zuazok herri hartako Idazleen Biltzarrean, baita bertako herriaren saria jaso ere. Ondoren Baigorrira egin zuen, bertako hizkera aztertzea xede, jakina, eta hurrengo geltokia, Zuberoa izango du. Inguru horietako hizkerak ikertzea ez du lan bakarra izan, ordea.

Oraindik orain Londres eta New Yorkeko Routledge argitaletxe ospetsuak EHUko katedradunaren beste lan bat argitaratu du, “Standard Basque and its Dialects”, hain zuzen. Liburu honek azken 30 urteetan Zuazok egin dituen ikerketen berri ematen du. Nolabait, Euskal Herriko erdal jendea gogoan idatzi zuen “El euskera y sus dialectos” liburuaren moldaketa da. Izan ere, liburu argitaratu berriaren irakurleak gaztelaniadunak barik, ingelesdunak direnez gero, ez dute Euskal Herriko erdaldunek duten euskararen gaineko ezagutza bera. Kontuan izan du hori Zuazok, esate baterako, lana egituratzerakoan.

Gregor Benton Cardiffeko Unibertsitateko irakasleak itzuli du liburua ingelesera. Txinako historiaren eta kulturaren gaineko hainbat liburu idatzi dituen irakasleak berak proposatu zion, hain zuzen, lana argitaratzea, gaztelaniazko bertsioa irakurri ostean, euskal kulturak eta hizkuntzak erakarrita.

Bazuen gainera, Zuazo eibartarra izanik, harekiko halako kidetasunik. Eibar futbol taldeak Lehen Mailara igo zenean egin behar izan zuen kapital zabalkuntzan lagundu zuen galesak, talde eredugarria iruditu zitzaion-eta, bera talde horren jarraitzailea ez bazen ere; izan ere, Zuazori esan zionez, bera athleticzalea da. Hizkuntzalari eibartarra ez da futbolzalea, baina berak ere lagundu ziola esan zion bere herriko taldeari. Kidetasun hori gorabehera, Zuazok zalantzak izan zituen Londresen argitaratzeko aukeraren gainean, are gehiago horrelako argitaletxe entzutetsuaren eskutik plazaratzeko asmoaren berri jakinda. Edonola ere, joan den urtarrilaz gero kalean da liburua, «lan itzela egin ostean», Zuazoren hitzetan.

Argitaletxe hori oso zorrotza dela dio, norabide biko zorroztasuna duena, ordea: asko exijitzen dio autoreari, baina zorroztasun hori ez da norabide bakarrekoa, eskaintzen dituen produktuek erakusten duten bezala. Hiru adituk, britainiar unibertsitateetako bik eta amerikar unibertsitate bateko beste batek, lana irakurri eta euren onespena eman zioten, ideia berriak dituelako, horien aurkako tesirik agertu ez delako eta, beraz, epe laburrean zaharkituta geratuko ez delako.

Euskalkiak eta euskara batua

Euskalkiak eta euskara batua ardatz, beraz, liburua sei ataletan egituratuta dago.

Lehenbizikoan, euskararen historia gainbegiratzen du, lanaren testuinguru gisa, eta zatiketa dialektal handiaren arrazoiak xeheago aztertzen ditu. Argitaletxeak atal historiko hori luzatzeko proposamena egin zion, baina berak esan zien lanaren helburua euskalkien eta euskara batuaren berri ematea dela.

Bigarren atalean euskalkien sorreraz eta bilakaeraz dihardu. Gaur egungo euskalkiak Erdi Aroan sortu zirela esaten du, Mitxelenarekin bat etorrita, eta baztertu egiten du, beraz, antzinako euskal leinuen aztarna diren ustea. Euskalkien bilakaeran hiru epe nagusi daudela dio. Lehenengoan bazterretako euskalkiak bereizi ziren, Araba, Bizkaia eta Deba ibarra biltzen zituen mendebaldekoa, eta Zuberoa, Erronkari eta Zaraitzu hartzen zituen ekialdekoa. Bigarren epean beste zatiketa bat gertatu zen: alde batetik, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa; beste alde batetik, Nafarroa, eta bestetik, Ipar Euskal Herria. Zuazoren ustez, zatiketa hori Nafarroako Erresuma desegitearekin lotu liteke. Azkenik, XVII. mendeaz gero “literatura euskalkiak” garatu ziren Gipuzkoan, Bizkaian eredu bi, Lapurdin eta Nafarroa Beherean –biak bat eginda–, eta Zuberoan. Horren ondorioz, euskalkien arteko aldea areagotu egin zen.

Liburuaren hurrengo atalak gaur egungo euskalkien sorlekuak ditu gai, zein izan zitezkeen azalduz: a) Iruñea, garai batean Euskal Herri osoan eragina izan zezakeena; b) Gasteiz, mendebal gehienean eragina izan zezakeena, Bizkaian, Gipuzkoako mendebaldeko Deba ibarrean, Urolaldean eta Goierrin, eta Nafarroako Burundan, Ameskoan eta Lanan, hain zuzen; c) Durango-Zornotza-Gernika-Bermeo ardatza, Bizkaian eragina izan zuena; d) Gipuzkoako Beterri eskualdea, euskara batua egin denetik Euskal Herri osoan eragina izan duena; e) Zuberoa, Erronkarin eta Zaraitzun eragina izan zuena. Ekialdeko eremu horretako zenbait gertakarik oso eremu zabala hartu dutela dio, eta horien sorlekua ez dagoela argi. Zuazoren ustez, litekeena da aspaldi Bearnotik edo Huescatik zabaldu izana ere.

Laugarrenean euskaldunek euskalkien gainean izan dituzten iritziak erakusten ditu, hiru aro bereizita: XVII. mendea arte euskara batu baten beharra sumatzen zuten, euskalkiak “arazo” baitziren idazleentzat, euskaldunek elkarri ulertzeko oztopoa. Larramendiren eraginez, ordea, euskalkien aldeko jarrera indartu egin zen, eta euskara batua sortzeko asmoa baztertu. 1960az gero, ikastola sortzeak eta euskara esparru guztietara zabaltzeko nahiak euskara batua ezinbestekotzat jotzea eta euskalkien aurkako jarrerak eragin zituzten.

Bosgarren atalean literatura euskalkien berri ematen du. Egileak haien alderdi on bat eta txar bi ikusten ditu. Haiei esker hizkuntzak herrialde mailako batasuna gorde izana onuragarria dela dio, baina euskaldun guztiendako eredu bakar bat egitea oztopatu izana eta euskalkiak bata bestetik aldendu izana txarra izan dela. Halaber, XIX. mende amaieraz gero Bizkaian garatu ziren joera bi ere aipatzen ditu, garbizaletasuna eta “jatorrizko euskara” berreraikitzeko ahalegina.

Azken atalean euskararen batasuna erakusten du. XVI. mendetik euskara batua sortu arteko bidea azaltzen du, baita batuaren ondorioak eta sumatzen dituen hutsuneak ere.

Hamarkadetako lanaren mamia

Liburuaren 141 orrialdeetan, beraz, azken hamarkadotan garatu duen lanaren mamia bildu du Zuazok, bere tesi batzuetan iraultzaileen bilakaera. Bere azken lanak bezala, Nahia Grandek egindako mapez hornitu du liburua.

Arreta ematen du, azkenik, liburuaren salneurriak. Zuazori berari ere arreta eman zion 132 euroan saltzeak. Azal gogorreko liburuek eskari handia omen daukate eta, egiari zor, edizio dotorea plazaratu dute, baina, esandako moduan, gutxienik arreta ematen du.