Maite Ubiria Beaumont

Macronen bakarrizketa eta autoritarismoaren garapena

Azaroaz geroztik Frantziako Errepublikako botereguneen eta gizartearen sektore zabal baten artean azalaturiko hausturak Hexagonoko paisaian oso bestelako aztarnak utzi ditu. Horietako batzuk aipatzearren, karriketan agerturiko ezinegonak elite politikoen erreprodukzio moldea eta aberastasun banaketarako sistema auzian jartzeko bide eraginkorra erakutsi du. Abiadura handiko garaian, berehalako emaitzen kulturaren denboran, herritarrek, nolabait, erlojua berreskuratu dute. Hiru hilabetez, astero-astero, mobilizazio errituala berretsiz, biribilguneetatik abiatutako dialektikari eutsi diote, irabazitako eremua zabaltzeko anbizioa atxikiz. Urtearen hondarrean gobernuak fiskalitateari buruz onarturiko hobekuntzak poltsikoan sartu eta, dinamika gelditu baino, haratago begira jarri dira. Ondasun handiak dituzten herritarrek, alde batetik, eta globalizazio neoliberalak utzitako ajeak nozitu dituztenek, bestetik, ordezkari publikoen aldetik jasotzen duten tratamendu desberdinari buruz azterketa sakonagoa galdegin dute.

Anartean, ataka zaila gainditu ezinean dabilen Emmanuel Macronek asmaturiko “Eztabaida Handia” bere bigarren hilabetean sartu da. Goitik behera antolaturiko ekimenak bere mugak eta hutsuneak erakutsi arren, iritzi trukaketak zerbait erakutsi du: frantses presidenteak berak aitortu behar izan duenez, azaletik sakonera jo gabe nekez lortuko da krisiari irtenbidea ematea. Aitormen erretorikoari irisgarritasuna eman nahian, balio sinboliko handia lukeen urratsaren inguruan itxaropena sortzeko prozesuari atea zabaldu diote gobernuko iturriek. “Eztabaida Handiari” bulkada berria ematea xede, edo sinpleki, ariketa hori bururaino eramateko dituen arazoak ezkutatzeko, Macronek formatu aldaketa jarri du martxan. Lurralde mailan Errepublika Martxan mugimenduak baliabide eskasak dituenez nahi adina “herritar foro” animatzeko, Eliseoak eskua sartu du, berriro ere. Telebista platoak eta Hexagonoan antolaturiko eztabaida publikoetan Macronek egindako “agerraldi sorpresak” ekimenaren ezinbesteko osagai bilakatu dira. Hartara, elkarrizketa soziala berreskuratzeko xede zuen agorak, presidentearen –-eta bere bozeramaileen– bakarrizketarako beta eskaintzen duen enegarren ekimen komunikatiboaren jitea hartu du. Egoera horretan, lehen aldikoz, aberastasun handiak zergatzeko ereduari buruz hitz egiteko aukera mahaigainean jarri da. Herritarrekin solasaldietan Macronek burugogorki defendatu du pribilegioen ikur bilakatu den ISF zerga kentzeko hautua. Aberatsen presidentea izatearen zama orekatze aldera, eta, bistan da, karrikak husteko esperantzarekin, ondasun gehiago dituztenek zerga gehiago ordaintzeko aukera aztertzeko oztoporik ez dutela iradoki dute berriki Eliseoko iturriek.

Krisiak utzitako arrastoen bilduma, ordea, ezin da balizko neurri horretara mugatu. Paisaian ertz ilun anitz begi bistan jarri baititu matxinada sozialak. Bilan kaieran toki nabarmena mereziko lukete Poliziak erabilitako «gerrako armek» eragindako kalteek. Zauri horren gaineko erantzukizuna hartu ordez, Gobernuak manifestazio eskubidea murrizteko lege ekimena lehenetsi du.

Azken oharra: autoritarismoaren garapenari aurre egiteak luze joko du. Hala ere, bidean eskuratutako garaipen txikiek urrutiko helburuak eskuragarriago irudikatzen lagun dezakete. •