Ane Urkiri Ansola
infraganti

IBON URREISTI

Zesta-punta aktibatu eta hain agerian ez dauden gainontzeko pilota modalitateekin «solidario» izan nahi izan du Xisterak. Kirol elkartea 2016an sortu zuten, txapelketak sortu zituzten puntistek gazte mailan jarraipena izan zezaten, eta, orain, erremintazko jokamoldeen erakusleiho izango den «Erreminta» aldizkaria argitaratzeari ekin diote.

Gainbeheran den zerbait indarberritu. Horixe egiten saiatu da Xistera elkartea eta bertako lantaldea. Urteak joan urteak etorri zesta-punta ahultzen zegoela ikusita, proiektu berri batekin ekitea ezinbestekoa zen. «Mutrikuko Danok Bat zesta-punta eskolako formatzaileak, Jon Mendizabal Goixarri puntista ohiak, behin eta berriz errepikatzen zidan zestak ez zuela etorkizunik», gogoratu du Ibon Urreistik, Xistera kirol elkarteko presidenteak.

Bere bi semeak zesta-puntan aritzeko izena eman zutenean barneratu zen pilota munduan Urreisti, eta ondo gogoan du lehen begiratuan sentitu zuena: «Bakoitzak bere aldera egiten zuen indarra, eta, albokoa zapaldu behar bazen, zapaldu egiten zuen». Horregatik, Xisteraren filosofiaren oinarria klub guztiak batzea izan da, «guztiok arraunlarien gisara jardutea, ibilbide berean indarra egiten». Gizartea indibidualista bihurtu dela ados da Urreisti, baina bere ustez zesta-puntaren munduan lortu dute hori aldatzea: «Guztiok batera lanean hastean emaitzak ikusi dira, eta, erakundeek laguntza eskainiz gero, erakutsi da lortu daitekeela kirola ez galtzea eta indartzea, bere mailan».

Munduan Jai Alai bezala ezaguna egin zen kirolaren urrezko garaiak errepikatzea ezinezkotzat du, baina behinik behin «gure herriaren kulturaren eta ondarearen parte» den pilota modalitatea «historiako liburuetan bakarrik ez egotea» dute helburu. Guztia ikusezina dena ikustaraztearekin hasten dela jakitun, Xistera funtzionatzen hasi zenetik hiru urte bete direnean –aurten laugarren zirkuitua antolatuko dute–, «solidario» izan nahi izan dute gainontzeko pilota modalitateekin, «batez ere erremintakoekin». Hori horrela, hamabost pilota modalitatek izango dute lekua “Erreminta” aldizkarian, hilabetean behin argitaratuko dutena. Pilotalekuetan doan eskuratu ahal izango da, eta etxean jaso nahi duenak urtean 40 euro ordaindu beharko ditu, «edo 30 euro, Xistera Lagun egiten bada».

Erakusleiho

Duela urtebete hasi ziren aldizkariaren ideiari bueltak ematen, hutsune bat betetzea xede. «Orain bost urte Xisteraren proiektuarekin hasi ginenean ikusi genuen zesta-punta utzita zegoela, eta, orain, bide onera itzuli garenean, zerbait indartu garenean, esan dugu: ‘Zergatik ez gara solidario izango?’. Guztiek erakusleiho bat badutela aldizkarian helarazi nahi dugu, Xistera zesta-puntarekin lotutako kirola elkartea izanagatik, beraiez gogoratu garela eta ez ditugula ahanzturan utzi nahi».

Zesta-puntari, joko garbiari, erremonteari, pala eta paletari, xareari, pasakari, erreboteari, xistera handiari eta erraketistei «erabateko jarraipena» egingo diete. Noizean behin erreportajeak eskainiko dizkiete jeu de paume, tamburello edo frontenisari ere. Horrez gain, erremintarik gabe jokatzen diren eskuzko pasaka eta bote luzea modalitateei ere egingo diete lekua.

«Hedabide hegemonikoetako partida galduta daukagu», dio irmo Urreistik. Horregatik ikusi dute euren burua behartuta «jendearengana heltzeko modu propioak» lantzera. “Erreminta” aldizkaria adibide bat besterik ez da. Zesta-puntako txapelketetako neurketak streaming bidez ematen dituzte eta produkzioa landu eta ETBri helarazten diote, honek zestari tarte bat egiteko.

Argitalpenaren ideiak forma hartu baino lehenago, Xistera Lagun egiten zirenei posta elektronikoz helarazten zizkieten jokoan ziren txapelketen berri guztiak. «‘Erreminta’ aldizkariak ez du konponduko dagoen arazoa, baina bada aldarrikapen modu bat ere. Zer edo zer egin behar dela esatekoa. Gu prest gaude laguntzeko, baina gure errekurtsoak oso murritzak dira eta politikariak esnarazi nahi ditugu».

Ezagutzera eman

Historiako liburuetan geratu edo proiektu berriekin indartu? Hori galdetzen die Xisterak, eta, zehazki, Urreistik, politikariei. Duela gutxira arte, ez zegoen txapelketa ofizialik ere jubenil mailan –zer esanik ez emakumezkoetan–. Hori akuilu aktibatu zen Xistera, «erakartze lana» egin asmoz. Ikastetxeetara hurbildu ziren azalpenak eman eta umeak zestara gerturatzeko. «Hainbeste jendek eman zuen izena, 2016tik ez dugula kanpaina berririk egin beharrik izan. Lehen gu joaten ginen bila eta orain beraiek etortzen dira».

Haurrak prestatzeari egin zioten lehendabizi, «kirol oso teknikoa baita zesta». Ortzi-mugan motibazio indartsu bat zuten: Xistera Zirkuitua. Mutiletan, jubenil mailan lehenik eta iaz elite mailan zein emakumeetan ere, txapelketak antolatu zituzten. Aurten kadeteek ere izango dute txapelketa, baina lehia alde batera utzita.

Haur askok zesta-puntari buruz ezer gutxi zekitela ohartu dira bidean. «Hau guztia sei-zazpi urtean egitea aurreikusten genuen, eta, laugarren urtea betetzera goazen honetan, lortu dugu jada. Hobetu daiteke, jakina, baina mamitsuena lortzeko bide onean gara», aitortu du pozik Xisterako lehendakariak.

Emakumeen kasuan, gainera, kasik zerotik hasi behar izan zuten. «Oso sakabanatuta zeuden neska puntistak», dio, «bai maila eta adin aldetik bai geografikoki». Horregatik, mutilekin ez bezala, topaketak egitea beharrezko zela iritzi zuten, «bakarrik ez zeudela ikus zezaten». Nazioarteko topaketa antolatu zuten Bilbon eta «talde oso polita osatu zen». Bigarren urtean topaketak baliatu zituzten «nesken liga moduko bat sortzeko» eta, azkenean, iaz, debuta egin zuten zirkuitu ofizialean. Aldazabal eta Arbek lortu zuten Xisterako aurreneko txapela, eta, Urreistik kontatu duenez, emakumeek beraiek eratu zituzten bikoteak; zozketa egin beharrean, pareko maila zuten bikoteak sortu zituzten. «Maila aldetik, teknikoki, ezberdintasun handia dago oraindik ere», zehaztu du Urreistik.

Geldo baina sendo

Baina eboluzionatzeko, hazteko, indartzeko garrantzitsuena lortu dutelakoan dago. «Lehen, 12-13 urterekin, izena emandako gehienek utzi egiten zuten zesta; orain, ordea, ez». Arrazoi argi azaldu du: «Haurrek ikusten badute txapelketaren bat dagoela, beraiek ere jokatu nahi izaten dute. Motibatu egiten dira. Haurrak zesta-puntan gustura aritzen direla ohartzean, formatzaileak ere gogotsu aritzen dira. Guztia batera doa». Eta noski, horrek frontoiak ere biziberritzen ditu: «Zenbat eta haur gehiago, are jende gehiago pilotalekuetan. Alde horretatik, gurasoen inplikazioa ere lortu dugu».

Klub ezberdinak batzen joan dira Xisterara eta aurten Euskal Herriko mugak gaindituko dituzte. Kataluniako Club Basconia onartuko baitute elkartean. Biltzarrean bozkatu behar dute, baina baiezkoan daude. «Poliki-poliki goaz, ezin diegu guztiei baietz esan, ez baitaukagu guztiekin lan txukuna egiteko baliabiderik».

Estatu espainoleko kluben deiak jaso dituztela ere aitortu du Urreistik. «Zesta-punta mundu guztian jokatu da, eta, alde horretatik, guztia dugu alde. Jai Alaia unibertsala izan da». Horregatik, eta ahalik eta diru-laguntza gehien lortzeko, Europa mailako izendapena eman zioten kirol elkarteari.

Nazioartekotzea da hurrengo helburua. Kataluniara heltzearekin bat eman dute lehen urratsa elkarte mailan, baina jada badira hamarka pilotari Ozeano Atlantikoa gurutzatu dutenak. Azkena, Ekaitz Mendizabal Goixarri mutrikuarra izan da, eta, urte batzuk lehenago, Jon Goenaga herrikideak ere jauzi egin zuen Ameriketako Estatu Batuetara. «Beste pilotari batzuk Mexikora joan dira», eta, Urreistik kontatzen duenaren arabera, Xistera zirkuituen sailkapenak erreferentzia izan dira pilotarien hautaketa egiterakoan. •