Koldo Sagasti

Jauntxoaren ahulgunea

Astebete pasa da Jon Darponek dimititzera behartuta ikusi zuela bere burua, eta oraindik galdezka ibiliko da, zerk egin ote zuen kale hutsezina zirudien sistema bertan behera eror zedin. Bera eta baldintzarik gabeko babesa eman dioten agintari, alderdikide eta alderdiko kazetariak; ulertu ezinik ibiliko dira. Izan ere, hamarkadetan erakundeak euren nahierara kudeatu dituzten jauntxoek erakutsi dute ez dakitela porrota kudeatzen. Hasieratik mundu guztiak zekiena onartzea zeukaten; alegia, Osakidetzan mediku espezialisten plazen banaketa lan eskaintza publikotik aparteko sistema baten bidez egiten dela; lanpostuak banatzeko irizpide subjektiboa mesede kate bat dela; lagunak, alderdikideak edo menpeko leialak saritzeko bidea… baina ez, hasieratik nahiago izan zuten dena ukatu; gero salatariak gutxiesten saiatu ziren; jarraian, inongo erantzukizunik egotzi gabe, lan eskaintza publikorako azterketak errepikatzea proposatu zuten; geroago menpeko kate maila batzuen burua eskaini zuten… baina alferrik, azkenean ebidentzia nagusitu egin da.

Ustezko kudeatzaile apartak ulertu ezinik dabiltza zein izan ote den zirrikiturik gabekoa zirudien mesede-sistemaren ahulgunea; eta horixe izan da, hain zuzen ere, euren hutsegitea: harrokeria. Ez dute kontuan izan dena lotuta baino lotuago dagoela pentsatzen zutenean giza faktoreak hankaz gora jar ziezaiekeela txiringitoa. Euren harrokeriak itsututa pentsatu dute mundu guztia denbora guztian kontrolatu zezaketela; baina batzuetan arima libre bat sortzen da (kasu honetan hiru, Arrasateko ospitaleko anestesistak), dena delakoagatik, interes pertsonalaren aurrean irizpide etikoak lehenesten dituena, komunaren onura hobesten duena, eta erregea biluzik dagoela esatera ausartzen dena. •