Juantxo EGAÑA

Corellako ehiztariak, duela ehun urte

Artikulua ilustratzen duen irudia Corellan egina da, Nafarroako Erriberan, 1919an. Bertan galeper-ehiztari talde bat ageri da, makaldi batean atseden hartzen, argazkilariaren aurrean jarrita. Egilea Cesareo Castilla Moleda da, Beran jatorria zuen familia bateko kidea. Negozioen munduari lotuta zegoen, hala nola porlanaren eta ardoaren sektoreari. XIX. mende amaieratik 1920ra arte Donostian bizi izan zen. Argazkizalea zen, eta haren irudiak 1905etik 1919ra bitartekoak dira. International Photography Association elkarteko kide, argazki lehiaketa ugaritan parte hartu zuen Europan eta AEBetan. 1915ean Madrilgo Circulo de Bellas Artes erakundearen Argazki Artistikoko Lehiaketan, konposizio atalean, aipamen bat jaso zuen. Castillaren zenbait argazki “Novedades” eta garaiko beste aldizkari grafiko batzuek argitaratu zituzten.