Nerea Ibarzabal Salegi

Zer nahiago duzu

Ez zait gehiegi gustatzen zutabeak salaketa edo erreklamazio orri huts gisa erabiltzearena gertaera jakin bati buruz kexatzeko… –eta ez zaizkit gustatzen justifikazio batekin hasten diren zutabeak ere–, baina pasa zaidan honek marka bat utzi du nigan. Pentsa ni naizela izozkiak, plater konbinatuak… aukeratzeko ordu-erdi behar izaten duen horietakoa, eta gero beti albokoarena nahiago izaten duena. Uler dezazun zer pisu daukan niretzat pasa den astean egin nuen aukeraketak.

Nire eztarriak harakiria egin zuen, ahotsik barik geratu nintzen ia, eta ezin izan nuen medikuarenera joatetik libratu. Herriz aldatu naizenez, “nire” medikurik ez neukan oraindik, eta horrexen eske joan nintzen anbulatorioko idazkaritzara. Bertakoak oso jator hartu zizkidan datuak. Datuak ematearen partea gustatzen zait, lasaitu egiten nau teklen hotsak. Gero aukeraketen momentua etorri zen, gorroto dudana, idazkariari ezin zaiolako tabernako zerbitzariari bezala denbora txiki bat eskatu pentsatzeko:

«Goizez edo arratsaldez nahiko zenituzke zitak?». «Ai, ez dakit… arratsaldez». «Beno, eta, hemen zaudenez… zer nahiago duzu, mediku emakumea ala gizonezkoa?». «Em…? Ee… ez dakit, berdin dit». (Segundo pare bateko tentsioa, isilunea, aukeratu beharra niri ileetatik tiraka). «Ba emakumea».

Bum. Aukera eginda. Segituan harrapatu ninduen Aukeratu Osteko Zalantzaren Sindromeak, Haizearen Orrazian olatuek turistak nola. Goitik behera. Arratsalderako eman zidan zita, nik aukeratutako generoko medikuarekin. Bazkalordu guztia pasa nuen burua jaten; zein zen galdera horrentzako erantzun egokia? Agian esan behar nion hori ezin didala galdetu, Osakidetzako medikuen profesionaltasuna ez lukeela generoak baldintzatu behar, eta aukeratzeko aukera emanda emakumeek emakumeengana joko dutela eta gizonek gizonengana, argi baitago gorputza eta intimitatea bistaratzen ditugun eremu bat dela medikuaren kontsulta, eta hor ahalik eta enpatia gehien bilatu nahi izango dugula beti, eta gure arazo eta arazoaren irakurketa sozial bera jasan dezakeen gorputz baten aurrean biluziko garela lasaiago. Ulertzen dudala baina ez lukeela aukeratzeko eman behar. Esan nezakeen hori, baina beti izan naiz digestio mantsokoa, eta «emakumea» esan nuen.

Iritsi zen arratsaldea eta han joan nintzen. Emakume ahots batek nire izena esan zuen, eta hiru, bi, bat… sartu nintzen kontsultara.

«Kaixo, arratsalde on». «Buenas».

Buenas. «Kaixo, arratsalde on» kode bat da, proba bat, parekoa euskalduna bada, jakin dezan euskaraz egin nahi duzula. «Buenas» erantzuten duenak ere ulertzen du kodea, eta argi utzi nahi dizu berarekin horrela ezetz. «Que esto no va conmigo». Medikua erdalduna zen, eta uste nuen nire eztarriak aski esfortzu egiten zuela hitz egite hutsarekin, baina ez: gazteleraz hitz egin beharra neukan.

Tipa oso jatorra, zoragarria, super profesionala eta dena; mediku ona eta erdalduna. Batzuei berdin izango die. Niri mundua erori zitzaidan, ahul nengoen eta gorputzean sentitzen nuena deskribatzeko gorputzetik irteten zitzaizkidan adjektiboak behar nituen: euskarazkoak.

Baina hori ez zidaten eman aukeratzeko, aukeratu nahiko nukeen gauza bakarra izango zen arren. Eta uste dut gaixoen eskubide hau ezin dela zorte kontu bat izan, goiz/arratsalde/gizon/emakume konbinazio posibleen araberakoa, hau ez da 8. plater konbinatua eskatu eta 7.a nahiago izatea.

Tamalez horrela ikasiko dugu hurrengoan aukerak proposatzeko zain egon ordez, zuzenean geuk baldintzak jartzen. •