Gorka Etxebarria Dueñas
Historialaria

Euskal, euskal... eta koalizio gobernuak

Ea sartuko ote den Podemos Pedro Sanchezen gobernura. Ea azkenean presidente kirolariak, zortedun galant-robotak, PSOE-Ciudadanos akordioa hobetsiko duen... Iritzi eratzaileek asteak daramatzate txertatzen ideia bat: Europan normalak dira koalizio gobernuak eta espainiar politikak ere kultura hori bere egin behar luke. Ezerezaren diskurtsoan erregeen artean erregeenak ere, Euzko Alderdi Jeltzaleak, “akordioak” eta “Euskadi” hitzak behin eta berriz errepikatuz lortu du arrakasta paregabea duela gutxi. Ez du esaldiak osatu beharrik ere izan. Ortuzar hasi denean hitz totelka, “baina... hemen, euskal, euskal...”, publikoa txalo algaraka. Ez dute besterik behar.

Hego Euskal Herriko erakunde autonomikoetan bi koalizio gobernu ditugu. Aldaketaren gobernua Nafarroan eta EAEn... a, bai! PSE-EE Eusko Jaurlaritzan eta foru gobernuetan dago. Zaila da ohartzea ere, baina EAJren gobernu autonomikoen garai osoa kontuan hartuta, koalizio gobernuak nagusi izan dira. EAJren (eta, teorian, PSE-EEren...) azken gobernu honen enegarren ateraldian, Osakidetzak Osakidetzaren aurkako epaiketan parte hartu nahi du. “Euskal, euskal” ereduaren defendatzaile itsuen artean eskizofrenia kasuak gero eta ohikoago bihurtuko direlakoan nago...

Hego Euskal Herrian ditugun bi koalizio gobernuen izaera erabat ezberdina da. Diferentzia proiektuaren zentzuan dago. Batak, aldaketa proiektu bat du ardatz, urtetako mobilizazio herritarrek exijitua. Besteak, statu quo-aren mantentze soila. Beraz, zein modu daude aldaketa sozial eta politikoaren ikuspuntutik, gobernuetan parte hartzeko?

XX. mendearen hasieran, alderdi sozialdemokrata marxistek gero eta babes zabalagoa lortzen zuten heinean, eztabaidak piztu ziren: ea gobernu burgesetan parte hartu behar zen edo ez. Ezezkoaren aldekoek, sozialistek gehiengo zabala osatzen zutenean bakarrik gobernatu behar zutela zioten. Estatuaren egituretatik etorkizuneko jendarte sozialistari ateak irekitzea posible zenean bakarrik. Bestela, burgesiaren proiektuan itota geratuko zirela argudiatzen zuten. 1914an, Gerla Handia sostengatzeko sozialista europarrek gobernuetan parte hartu zutenean, horixe bera gertatu zitzaien.

Aldiz, 1945ean, koalizio gobernu zabalek Ongizate Estatuaren oinarriak ezarri zituzten. Hainbestekoa zen ezkerreko indarren onarpen eta prestigio soziala, faxismoa garaitu ostean, ezen eta eskuinak parte hartu behar izan baitzuen aberastasunaren birbanaketa prozesu zabal hartan.

Nahi eta nahi ez koalizio gobernuak osatu behar direla, edo, berez, gobernuetan parte hartzea ona dela diotenek, kontuan hartu beharko lukete aldaketarako aukera, indar ezkertiarren eta beren ideien prestigio sozialak eta babes herritar publiko eta esplizitu batek bakarrik ziurtatzen dutela. Eraldaketaren aldeko egoera politiko-sozial batean, hori argi ikusi zuen eskuinak, eta, 1970eko hamarkada bukaeran, komunistak gobernuetan sartzea ekidin zuen Italian eta Espainian. Aldeko egoera sozial argi baten faltan, eskuinaren lidergoaren menpean koalizio gobernuan guztiz urtuta geratzeko aukera handiak daude. Indar politiko eraldatzaileek gobernuetan parte hartzea aztertzerakoan, iruditzen zait erreferentzia historikoak oso presente eduki behar direla. •