Ainara Lertxundi
Interview
Nerea Mendizabal
Komunikazio Ez Bortitza

«Zeinek ez ditu emozioak? Zein ez da egon gatazka batean edo gaizki dagoen pertsona batekin?»

Nerea Mendizabal psikopedagogoak «Elkarrekin hazi» liburua kaleratu du. Komunikazio Ez Bortitzean aditua, «bizi filosofia» horren edukia bildu du gurasoentzako adibide eta ariketaz jositako lanean.

Nerea Mendizabal psikopedagogo eta gizarte hezitzaileak ibilbide luzea du gurasoekin hartu-emanean, Euskal Herrian barna antolatzen dituen taldeetan bidelagun izan baititu azken urteotan. Komunikazio Ez Bortitzean ziurtagiria du Mendizabalek eta «bizi filosofia» horrek eskainitako begirada oinarri “Elkarrekin hazi” liburua kaleratu berri du, euskaraz eta gazteleraz. Gurasoentzako adibidez jositako lana da.

«Haurra guregana iristen denean gustukoa ez duen zerbaitekin, guk ere automatikoki eskola, lagun horren jokaera… aldatu nahi ditugu, lagun horren gurasoak epaitzen ditugu. Komunikazio Ez Bortitza aplikatu nahi badut, berriro ere begirada beharretan jarriko dut. Zer behar ase nahian dabil beste heldu edo haur hori? Zer balio ditu? Zeintzuk dira bere mugak? Hori ulertzen jartzen naizenean, beharbada, nire bihotza gehiago irekiko dut edo beste posizio batetik joan naiteke irakaslearengana, eskolarengana, lagun horrengana», adierazi du Mendizabalek GAUR8rekin solasean.

«Nere burua ezagutzeko, ulertzeko, hobeto tratatzen hasteko eta nire harremanetan ere bestea ezagutzeko, ulertzeko eta hortik konponbideak aurkitzeko erremintak eman dizkit», nabarmendu du.

Nondik dator liburu hau?

Komunikazio Ez Bortitzean formazioa jasotzen eta gurasoen bidelagun izaten pasa ditut azken hamabi urteak eta ibilbide luze horretan ikasitakoa liburu batean biltzera animatu naiz. Egoera edo gai asko errepikatu egiten dira Euskal Herriko txoko desberdinetan egiten ditudan guraso taldeetan. Liburuak gurasoentzako ariketa praktikoak jasotzen ditu; hori garrantzitsutzat nuen eta horretan sartu nintzen buru-belarri.

Gai eta egoera asko errepikatzen direla diozu, adibidez?

Askotan seme-alabek dituzten jarrera eta portaeren ingurukoak dira. Guraso bezala kosta egiten zaigu jokaera horiek ulertzea eta horrek eramaten gaitu mugen gainean hausnartzera. Mugak bai ala ez? Nolakoak? Zer egin errespetatzen ez direnean? Guraso bezala nola sentitzen garen eta egiten dugun guztia zalantzan jartzeko joera dira errepikatzen diren beste kontuetako batzuk. Seme-alabak arazoren bat duela pentsatzen dugu eta zerbait egin behar dugula hori aldatzeko, zerbait gaizki egiten ari garela. Batetik, umearen jarreraren inguruko kezkak ditugu, haurraren autoestimuarekin eta emozioekin loturikoak, eta, bestetik, gurasoenak, gure errua, amorrua... nola kudeatu. Jatorduak, oheratzeko garaia, hortzen garbiketa, gauzak jaso nahi ez izatea, anai-arreben arteko jeloskortasun eta borrokak... dira talde desberdinetan ikasturtean zehar behin eta berriz ateratzen diren beste gaietako batzuk.

Hainbeste informazio izanik, galduak al gaude gurasoak?

Baietz esango nuke. Bi gauza ikusten ditut. Batetik, nahiko deskonektatuta gaude gure senak, gure barrenak esaten digunarekin. Gure heziketa-esperientziarekin, gizartetik jasotzen dugunarekin nolabaiteko desadostasuna badugu eta gauzak beste era batera egin nahi baditugu, informazioa bilatzen hasten gara sare handi batean eta informazio hori oso kontrajarria izan daiteke; orduan, nahasmena gero eta handiagoa da. Azkenerako, dezenteko nahasmena izan dezakegu.

Gure gurasoen eredutik beste eredu zeharo desberdin batera pasa gara, baina trantsizio bidea guztiz amaitu gabe dagoen susmoa dut.

Guztiz ados, eta horrela izan behar duela iruditzen zait. Bizitza mugimendua da. Trantsizio eta nahasmen hau beharrezkoa dugu. Gure gurasoek zituzten errekurtsoekin, bizi zuten momentuarekin, ahal zutena egin zuten, zekiten bezain ondo gainera. Eta guk ere berdin egiten dugu, hanka sartzen, gauza baliagarri asko egiten… Ahalegin horretan, norberaren bidea topatzea, gure seme-alabek behar dutena bilatzea eta ematea trantsizio une bat da.

Bilaketa horretan Komunikazio Ez Bortitzak zer ekarpen egiten digu?

Niretzat Komunikazio Ez Bortitza bizi filosofia bat da eta niri behintzat oso tresna boteretsua eman dit: nire burua ezagutzeko, ulertzeko, hobeto tratatzen hasteko, baita nire harremanetan bestea ezagutzeko, ulertzeko ere. Azken finean, nire gizatasuna zein bestearena ukitzeko, onartzeko eta hortik konponbideak aurkitzeko modua da. Bion beharrak zainduko ditugu. Komunikazio Ez Bortitza tresna praktiko eta boteretsua da. Beste eredu batzuetan aurkitu ez dudan konkretutasuna eman dit niri. Ez du ezer airean uzten. Gizakia bere osotasunean hartzen du.

Nola iritsi zinen Komunikazio Ez Bortitzera?

Ama izan ostean, banuen jakin min eta behar handi bat amatasunaren inguruan. Heziketan eta komunikazioan gabeziak nituela ikusten nuen, nahiz eta psikopedagogia eta Heziketa Hezkuntza ikasi. Lehen gerturatzea haur masajeko hezitzaile bezala egin nuen; hitzik gabeko komunikazioa zen. Hizketarako beste euskarri batzuen bila nenbilen. Horretan sakontzen nenbilela, ustekabean, Komunikazio Ez Bortitzeko tailer bat aurkitu eta egin nuen; hor den-dena zegoela pentsatu eta buru-belarri heldu nion gaiari.

Komunikazio Ez Bortitzean aditua ez den norbaiti nola azalduko zenioke zer den?

Komunikazio Ez Bortitzak ez du bilatzen pertsonak edo egoerak aldatzea. Egoera baten aurrean gaudenean, emaitza bat lortzea, jarreraren bat aldatzea nahi dugu. Komunikazio Ez Bortitzak ez du bilatzen hori aldatzea. Lehentasuna sintonia edo konexio horretan jartzen du, elkar ulertze horretan oinarrituta bilatuko duelako den-denok hobeto egoteko modua. Baina lehentasuna ez da aldaketa hori. Jokaera guztien atzean behar jakin batzuk ase nahian gabiltza. Begirada pertsonak egiten duenean, esaten duenean, gertatzen zaionean jartzen du; begirada dauden beharrak ezagutzera eta deskubritzera zuzentzen du, beharrak kontzeptu zabal gisa ulertuta. Hori da bigarren gakoa. Helburua ez da inondik inora errudunak bilatzea edo arrazoia izatea. Arrazoia eduki nahi badut, errudun sentitzen banaiz… zer behar ase nahian nabil? Edo zer da guretzat inportantea dena eta beste era batera egiten ez dakiguna? Horiek izango lirateke Komunikazio Ez Bortitzaren gakoak; sintonia bilatzea eta begirada beharretan jartzea. Hori barneratuta, oso tresna argiak jartzen ditu gertatzen zaiguna argitzeko eta adierazteko besteei minik egin gabe. Entzute enpatikorako ibilbide oso zehatza aurkezten digu, bestea ulertzeko eta entzuteko.

Nola uztar dezakegu hori dena guraso bezala haurrekin partekatzen ditugun gainontzeko helduekin?

Egia da guraso bezala ez gaudela irla batean sartuta. Baina gurasoak seme-alaben lehen erreferentzia garen heinean, garrantzitsua da zer-nolako eredua islatzen dugun eta nola kudeatzen ditugun gure arteko kontuak eta familiako dinamikak. Hori bai, haurra ez dago gurasoekin harremanean soilik. Aiton-amonekin, lehengusuekin, eskolarekin, kaleko lagunekin... kontaktuan da eta hor bestelako egoerak biziko ditu. Horietatik haurra guregana iristen denean gustukoa ez duen zerbaitekin, guk ere automatikoki eskola, lagun horren jokaera… aldatu nahi izaten ditugu, lagun horren gurasoak epaitzen ditugu. Komunikazio Ez Bortitza aplikatu nahi badut, berriro ere begirada beharretan jarriko dut. Zer behar ase nahian dabil beste heldu edo haur hori? Zer balio ditu? Zeintzuk dira bere mugak? Hori ulertzen saiatuz gero, beharbada, nire bihotza gehiago irekiko dut edo beste posizio batekin joango naiz irakaslearengana, eskolarengana, lagun horrengana.

Komunikazio Ez Bortitzak, bestea exijentziatik, errua botatzetik, kritikatik, mehatxutik ikusi beharrean, gizatasunetik, zaindu nahian dabilen behar horretatik ikusten lagun gaitzake. Baina ez da soilik bestea ulertzea. Uler dezaket pertsona horri gertatzen ari zaiona, eta, aldi berean, nire desadostasuna adieraz dezaket, neurriak har ditzaket edo erretiratu egin naiteke. Haurra prozesu hori guztia bizitzen ari denean, lan handia egin dezaket haurra egoera nola nola bizitzen ari den ezagutuz, bidelagun izaten. Izan ere, askotan gure haurrak horrelako egoerak bizitzerik ere nahi ez dugun arren, gauza asko ditut egiteko; arazoa ulertzen saiatu, egoerak niri mugitzen didan hori behar bezala kudeatzen ahalegindu, zertan eta nola lagun dezakedan ikusi…

Guraso eskoletan askotan aipatzen den egoera bat da honakoa: gure seme-alabek beste norbaitekin arazoren bat dutenean, parkean adibidez, esku hartu edo ez, noraino... Komunikazio Ez Bortitzetik nola jokatu dezakegu?

Beste norbaiten gatazka denean bi gauza egin ditzakegu; esku hartu edo ez. Esku hartu nahi badut, niri laguntzen dit zer-nolako irizpidetik abiatu nahi dudan jakiteak. Esku har dezaket, adibidez, zerbait larria gertatzen ari delako –norbaitek mina har dezake edo norbait arriskuan dago–. Esku hartzea erabakitzen badut, baina, nola egingo dut? Egin dezaket errudunak bilatu eta zigortzetik edo egin dezaket babesetik, hau da, haurrak zerbait mingarria egitea saihestu nahi dut edo haurrari zerbait mingarria gertatzea eragotzi nahi dut. Eta hortik abiatuko naiz, tinko, une horretan beraientzat garrantzitsua den beharren bat asetzeko estrategia eraginkorragorik aurkitzen ez duten begiradatik. Eta ez errudunak edo gaizkileak bilatzen edo zigorrak ezarrita ikasiko dutela pentsatzen.

Beste kasu batzuetan esku har dezaket une horretan lasaitasuna, bakea eta giro ona behar ditudalako eta ez nagoelako prest giro gatazkatsu horretan egoteko. Esku hartzen dut nire beharrak zaindu nahi ditudalako. Esan dezaket, «lasai egon nahi dut, bakea behar dut, eta, horrela konpondu nahi baduzue, beste leku edo une bat bila ezazue». Esku har dezaket ere iruditzen zaidalako beharbada laguntza behar dutela eta gatazka beste era batera bideratzen lagun dezakedala. Hori bai, kuriosoa da normalean esku hartzen dugula laguntza eskatzen ez digutenean. Kasu horretan, garrantzitsuagoa iruditzen zait laguntza eskaintzea, beraiek aukera dezaten ea onartzen duten nik eskaintzen diedan laguntza hori.

Bikote batean gatazka bat baldin badago eta koinatuak, gurasoak edo lagunak tartean sartzen badira bietako nork duen arrazoia edo zer egin beharko luketen esatera, ez du batere graziarik egiten. Norbaitek lagundu nahiko balu eta bi aldeek laguntza nahi dutela onartzen badute, bitartekari lana egiteak gehiago lagundu dezake epailearena egiteak baino. Lehenengo tentuz gertura gaitezke eta, ondoren, laguntza eskaini. Beste aukeretako bat da besteak gerturatzea laguntza bila; bada, kasu horretan, bi aldeei gertatzen zaiena ulertzen saia gaitezke. Beraz, irizpide desberdinak daude eskua hartu edo ez erabakitzeko.

Gurasoek seme-alabei telefono mugikorra uzten diete sarri «lasaitasun» bila, adibidez supermerkatuan, tabernan, zerbait egin nahi dutenean... Zer deritzozu?

Horrelako hausnarketak egiteari oso interesgarri deritzot. Mugikorra eman ondoren errudun naizen, nire umeari zer eragiten ari natzaion galdetzen badiot nire buruari, edo nire burua justifikatzeko beharra ikusten badut, nire barruan bi zati gatazkan ditut. Mugikorra ematera eraman nauen zatiak, beharbada, nire harremanetarako espazioa behar du, akaso deskonektatzea behar du, bakea; egun osoa umeekin eman ondoren, arnasa hartu nahi du, hau da, nik ere existitu nahi dut eta horretarako aurkitu dudan modu bakarra mugikorra ematea izan da. Jokaera guztien atzean behar jakin batzuk asetzeko nahia dago, eta hori unibertsala da, denok behar dugu guretzako espazio bat, denok behar dugu bakea, deskonektatzea...

Hori bai, beharrok asetzeko topatzen ditugun moduak pertsonalak dira eta modu askotakoak. Eta hartzen ditudan erabaki batzuk nik neuk zalantzan jartzea, epaitzea gerta daiteke. Errudun sentiarazten nauen zatia egon daiteke atzean: nolatan ematen diot mugikorra hain txikia izanda, niri komeni zaidalako hori egitea ez dago ondo, gaizki ohitzen ari naiz, jendeak zer pentsatuko du… Eta zati hori aktibatzen zaidanean ere, behar batzuk ase nahian nabil: haurraren garapenean ekarpen egokiak egiteko nahia, ditudan guraso irizpideetan konfiantza izatea, onarpena…

Beraz, kasu honetan, aipatutako bi alderdiok uztartzea bermatuko lukeen bestelako aukeraren bat sor badezaket, primeran. Beharbada, erakargarria zaion beste zerbait eskain diezaioket haurrari telefono mugikorra beharrean, edo laguntza sarea eraiki dezaket haurrari beharrezko arreta ematerik ez dudanerako… Eta, noski, beste alternatibarik topatzen ez dudanean, mugikorrak une horretan nire beharrak eta haurrarenak asetzeko betetako funtzioa ere aitor dezaket. Niri burua zigortu beharrean, ulertu, onartu eta bestelako estrategietarako ateak zabalik utziko nituzke.

Oraindik ere errua oso presente dago gure bizitzan?

Bai. Baina errua ez da kendu behar dugun sentsazio bat. Izan ere, errudun sentitzen naizenean zerbait gehiago ezagutu nahi dut nire buruaz. Zertara dator orain ni errudun sentitzeko sentsazio hau? Zerbait ederra ekar dezake erruduntasun sentsazio horrek. Aldiz, errudun sentitzean ez badakit deus ere egiten eta egiten dakidan bakarra nire burua zigortzea bada, nola demontre aterako naiz egoera horretatik? Depresioa, desesperazioa, garrasi egitea, edatea, jatea, erretzea… izan daitezke erantzuna.

Horretan ataskatuta gelditu edo hortik beste zerbait ezagutu eta deskubritu? Niri, Komunikazio Ez Bortitzak horretarako erremintak eman dizkit. Are eta erruduntasun sentimendu handiagoa, are eta maitasun handiagoa dago ezkutatuta azpian. Hori da deskubritu nahi dudana eta horretan laguntzen nau Komunikazio Ez Bortitzak. Kontua da desatseginak egiten zaizkigun emozioak izatean, ez digutela erakutsi emozio horiei lekua egiten; ez digute erakutsi emozio horiek ulertzen eta hortik abiatzen. Erakutsi digute emozio txarrak izatea ez dagoela ondo eta ez dakigu horiek bideratzen. Edota hain gordeak daude ez ditugula ezta sentitu ere egiten.

Hori da zain dugun irakasgaia. Komunikazio Ez Bortitza beste irakasgai baten parekoa izan beharko litzateke.

Hori da nire ametsa. Hau txikitatik hezkuntza sisteman sartzea, bizitzarako ikasgai bat da eta bizitzarako ikasgaiak nahi ditugu eskolan. Noski baietz, matematikak, ingelesak, historiak… badute balio bat. Eskolan ikasten ditugun gauza batzuek erabilgarritasuna izan dezakete, baina beste batzuek ez. Baina, zeinek ez ditu emozioak? Zein ez da egongo gatazka batean edo gaizki dagoen pertsona batekin?

Gertatzen zaigun guztia harremanetan gertatzen zaigu eta ikasketek ere harremanak dituzte oinarri. Golemanek zioen bezala, bizitzako arrakasta %75 harreman pertsonaletan dago eta %25 garunean gordetzen dugun informazioan. Hezkuntza sistema bere erritmoan ari da eboluzionatzen, baina lan handia dugu oraindik.

Zer suposatzen du zuretzat «Elkarrekin hazi» liburuak?

Hirugarren haurdunaldi bat bezala bizi izan dut. Bikiak izan diren sentsazioa izan dut. Ilusio handiena euskarazko bertsioak eman dit. Inportantea da euskaldunok gaiotarako baliabideak izatea, ez baikenuen Komunikazio Ez Bortitzeko euskarazko libururik. Aldi berean, niretzako ere garrantzitsua izan da. Liburu baten sorkuntzan gauza asko ikasten dira. Orain jendeak esango du erabilgarria zaion.