Itziar Elizondo Iriarte
Harremanak Hezkuntza Elkarteko kidea

«Free? lan? ce»

Gaur egun horrenbeste erabiltzen dugun «freelance» anglizismoa ahotan hartzean, balizko askatasunetik zenbait enplegu-emailerentzat bere lana saltzen duen langileaz ari gara. Jatorrizko hitzak Erdi Aroko mertzenarioak aipatzen zituen, alegia, diruaren truke edozein lurralde edo printzeren alde beren lantzak erabiltzen zituzten soldaduak.

Erdi Arotik gaur egunera bitartean gauzek ez dute beti onera egin. Freelance langileen kasuan begi bistakoa da ematen ari den joera suizida: garai bateko arerioen kontrako lantzak beraien lan-eskubideak urratzen dituzten gezi pozoitu bilakatu dira. Autoesplotazio dinamikak bideratzeko koktel perfektua eraiki du gizarte neoliberalak, denon konplizitate eztitsua baliatuz. Indibidualista amorratu egin gaituzte, eta gainontzeko pertsona-marketatik nabarmendu gaitezen norgehiagoka bulimiko betean murgildu gara sare sozialetan marka pertsonala egunean 24 orduz landuz. Lehia itsu horrek baditu plazebo faltsuak. Bai, asmatu duzue, oxitozinaz beteriko like ziztadak. Hori horrela, bere kasa lanean ari diren askok larrutik ordaintzen dute dinamika suntsitzaile hori.

Gure gizarte hiperkontsumista ikertu duen Byung-Chul Han filosofoaren esanetan, «egun nork bere burua esplotatzen du, eta errealizatuta sentitzen da dominazio horretaz jabetu gabe». Sistemaren logika zitalak ez du etenik eta gailurra jotzen du langile autonomo bakartuaren pentsamendu honetan: gertatzen zaidanaren ardura guztia nirea da, bakardadea, estresa, porrotaren etengabeko mehatxua eta itotzen nauen larritasuna ahal dudan guztia ez egiteagatik datoz... Autoesplotazio horren ondorio arriskutsuena, Hanek dioenez, ez dakigula «iraultza noren kontra egin, errepresioa eragiten dutenak ez baitira existitzen».

Jakina, ohiko errepresiogileak betiko tokian daude, hor goian, kapitalaren logika itsumustuan jarraituz. Horiei egun gehitu zaizkie Interneten barreiatutako kapitalismo digitalaren sustatzaileak, itxura modernoarekin eta langileen askatasunaren eta malgutasunaren izenean esplotazio estrategiak berrindartu dituztenak. Iraultza, akaso, lantzak aldaketa bilakatzetik etorriko da. Denok nola kontsumitu, bidaiatu, aisialdiari ekin, gozatu, bizi… aldatzetik. Horrela eginda areagotuko baitira free lan faltsu hori duin izateko aukerak. •