Maher AL MOUNES (Afp)
ARAMERA

Jesukristoren ama hizkuntza bera ere suntsitu du Siriako gatazkak

«Aramera arrisku bizian dago». Siriako 62 urteko espezialista baten diagnostiko negargarria da, orain zortzi urte herrialdean hasitako gatazkek eragindako txikizioaren ezinbesteko lekukotasuna. «Gauzak aldatzen ez badira, hemendik bost edo hamar urtera desagertu egingo da», nabarmendu du George Zaarur irakasle siriarrak.

Liburu baten gainean makurtuta, George Zaarur irakaslea arameraz idatzitako testuak irakurtzen harrapatu dugu, lupa baten laguntzarekin. Jesukristok berak erabiltzen omen zuen hizkuntza aztertu duten espezialista siriar gutxietako bat da, Malula bere herrian aramera entzutea gero eta zailagoa dela dioen begirale konprometitua.

«Aramera arrisku bizian dago. Gauzak aldatzen ez badira, hemendik bost edo hamar urtera desagertu egingo da», azaldu dio kezkatuta France Presse agentziari aditu buruzuriak. Ondo irabazitako zimurrek apaintzen dute bere aurpegia.

Denda txiki bat du Zaarurek irudi erlijiosoak, gurutzeak eta etxeko produktuak saltzeko. Bertan ditu arameraz idatzitako obra eta entziklopedia batzuk ere. Denbora asko egiten du liburu horiek ikertzen eta itzultzen. Hizkuntza semitiko horren lehenengo lanak Kristo aurreko hamargarren mendekoak dira.

Hiztunak, edadekoak

Gaur egun 445.000 lagunek erabiltzen dute aramera Azerbaijanen, Iraken, Iranen, Georgian, Libanon, Errusian, Sirian, Israelen, Palestinan eta Turkian, baina inon ez diote eman hizkuntza ofizialaren kategoriarik. Malulan bertan, «biztanleen %80k ez dakite arameraz eta gainerako %20tik gehienek 60 urte baino gehiago dituzte jada», irakasleak emandako datuen arabera.

Damasko Siriako hiriburuko eskualdean kristautasunak duen presentziaren ikur bat da Malula. Qalamun mendikate harritsuko aldapetan milaka lagun bizi dira, hiriburutik 60 kilometrora, iparraldean. Garai batean, gerrak gauza guztiak suntsitu arte, turista eta erromes asko joaten ziren bertara: aramera kalean bizirik entzuteko aukera izaten zuten, eraikin erlijioso batzuk bisitatzekoa izateaz gain. 2011n hasitako gerrak dena aldatu du.

Baxar al-Assaden erregimenaren aurkako matxinoek eta Al-Qaeda sarearekin lotura zuten jihadistek bereganatu zuten Malula 2013ko azken egunetan. Hamahiru moja bahitu zituzten (handik hiru hilabetera askatuko zituzten). 2014ko apirilean Gobernuaren aldeko tropek hartu zuten herria. Malulak 6.000 inguru biztanle zituen orduan, baina gehienek ihes egin zuten gerraren eraginez, eta 2.000 baino ez dira bueltatu. Gainerakoak Damaskon eta inguruetan, atzerrian edo atzerriko bidean dira.

«Gerraren belaunaldiak Malulatik kanpo jaio dira, Damaskon edo beste eskualderen batean, eta ikasi duten lehen gauza arabiera izan da», Zaarurek azaldu duenez. Berak 30en bat obra idatzi ditu eta Damaskon aramerari buruzko zenbait doktore-tesi gainbegiratu ditu. Hizkuntzari eutsi nahian, 2006an arameraz ikasteko zentro baten sorreran esku hartu zuen Malulan bertan. Instalazio haiek ere itxi zituen gerrak. Orain irakasleak testu zaharrak itzultzen pasatzen du eguna.

Ezaguera sakona

Elias Thalab alkateak goraipamen ugari ditu espezialistarentzat: «Siria osoan dagoen aramerari buruzko irakasle eta espezialista bakarra izango da. Badaude hizkuntza ikasten ari diren irakasle gazteak, baina Zaarur da ezaguera sakona duen bakarra».

«Azken 2.000tik gora urtetan, Jesukristoren hizkuntza geure bihotzetan gorde dugu, Lurrean hizkuntza hori menderatzen dugun azkenetakoak gara», adierazi du 80 urteko alkateak. Malula herriaren izenak “sarrera” esan nahi du arameraz. Hizkuntzari eusten dioten Damasko inguruko hiru herrietako ezagunena da Malula. Turkian eta Irakeko iparraldean ere arameraren dialektoak erabiltzen dira, Jean-Baptiste Yon frantses adituak jakiarazi duenez. Bere adierazpenen arabera, «Mesopotamia, Siria, Judea eta Palestinan herritarrek hizkuntza bera erabiltzen zuten».

Malulan bertan Siriako beste eskualdetan baino txikizio gutxiago izan bada ere, harriz egindako elizetan eta monasterioetan kalteak eragin zituen artilleriak. Irudiak suntsitu egin dituzte, lapurtu ez dituztenean. Geroztik zaharberritu behar izan dituzte. San Sergio monasterioko kaperan, esaterako, marmol zuriz egindako aldarearen gainean jarritako urre-koloreko argimutil berriak ikus daitezke. Baina teilatu lauko eta teila gorriko etxe gehienak huts-hutsik daude oraindik.

Administrazioak jakinarazi du herriko haur-eskola bakarrak 100en bat ume zituela 2010ean, eta 30 baino gutxiago egun. Paretak umeek egindako marrazkiekin apainduta dituen gela batean, bost eta sei urteko umeek aramerazko olerkiak errezitatzen dituzte. «Aramera Malulan belaunaldiz belaunaldi transmititzen da: semeak aitarengandik ikasten du, eta aitak aitonarengandik. Etxeko hizkuntza da», esplikatu du Antoinette Mokh irakasleak: «Baina ume hauek Malulatik kanpo jaio dira, erbestean egindako urteetan».