Miren Azkarate Badiola

Irtenbidera

Irtenbidera. Hain zuzen, arazo, korapilo eta gatazkarenera. Hori helmuga hartuta gauzatutako lanagatik epaituko dituzte 47 lagun, ezagun, kide eta senide datorren irailaren 16tik aurrera.

Berriro ere 18/98 makroepaiketa hartan ikusi genituen irudiak ikusiko ditugu gutxi barru 11/13 honetan. Euskal herritar mordo bat astean bi edo hiru egunetan Madrilera jaitsi beharrean, horrek suposatzen duen gastu ekonomiko, animiko eta psikologikoarekin. Berriro ere beraien lana eta bizitza erabat hankaz gora jarrita.

Zein da delitua? Ezagun mordoxkarena, euskal preso eta iheslari politikoen aldeko mobilizazioak egitea. Besteena? Haien abokatu edo psikologo izatea. Beste batzuena? Haien senide izatea. Eta zein gehiago? Presoen eta kanpoko edonoren arteko harremanen zubi izateagatik duela urteak atxilotutako preso ohiak ere badira tartean.

Azken finean, elkartasuna da epaituko dutena. Tartean dira nire abokatuak izandakoak –gaur egun horietako bat laguna dudana–, izugarrizko lana egin dutenak, inoiz behar bezala eskertu ez diedan lana. Nire izebatxoari buruz zer esan? Beti, nahiz eta banatuta eta sakabanatuta egon garen, ondoan izan dudana. Eta ezin aipatu gabe utzi inondik inora azken urteetan izugarri lagundu didan psikologoa eta lagun handia.

Irtenbidera. Kalera, auzora, herrira… Elkartasuna, maitasuna, babesa, laguntza, goxotasuna, indarra, sendabideak... ezin dira delitu izan!!! •