Beñat Gaztelumendi
Bertsolaria

Woody Allenen betaurrekoak

Beste norbait izateko grinak mendean hartzen nau batzuetan, udan batez ere. Ni baino hobea den norbait; norbait exotikoagoa, gogoetari emanagoa, beltzaranagoa, irekiagoa, dibertigarriagoa, bereziagoa, niagoa. Eta mundua zeharkatzen ahalegintzen naiz uztail-abuztuko oporraldi mugatuetan; argazkiak ateratzen ditut Alhambrako iturrietan eta Marrakexeko merkatuetan; Iguazuko ur-jauzietan eta Habanako malekoian; Eiffel dorrea hatz-muturretan sartzen zait oporren eskala lanbrotuan eta behatz-arte hareaz betean Pazifikoa.

Argazkiz betetzen ditut mugikorreko memoriaren mugak: megak eta megak eta megak, harik eta espazio faltak behartuta jada zaharkitutako aurreko urteetakoak ezabatzen ditudan arte.

Norbait berezia izan nahi dut, bakana, eta naizen hori munduari erakutsi. Facebook-en bost minutuero sartuko naiz, naizen ni berri horrek zenbat atsegin dut dauzkan zenbatu nahian. Eta orduan ohartuko naiz nire kontaktu gehienek nire argazki berdin-berdinak dauzkatela beren profiletan; denak igaro direla ni igaro naizen lekuetatik, jaki bila gabiltzan inurri saldoa bagina bezala. Mundua esaten diogun gauza zabal hori hamar, hogei argazki besterik ez direla. Gure berezitasun-ustea ere elkarri kopiatzen diogula. Eta zalantzan geratzen naiz, nire ametsak nireak ote diren benetan edo inbutu-klaseren batek sartu ote dizkidan garuneko zuloan, maindirepe sargorian lo nengoen bitartean. Batzuetan, nire amets burgesak poltsiko prekario hauen zuloetatik isurtzen zaizkit. Nire ametsez hitz egiten hasi eta konplexuak soilik ateratzen zaizkit eztarri-zulotik.

Kontsolamendu bakarra daukat: gaitz hau ez dela nirea bakarrik. Ez dela pertsonena ere esklusiboki. Hiriak ere, tarteka, beren buruaz lotsatu egiten dira gurean. Miarritzek G7aren bilera bat hartuko du, munduaren aurrean erakargarri, zabal eta ireki agertzeko. Perimetroa polizia eta arma klase irudikagarri guztiekin itxita, noski. Donostiak ere erakargarri agertu nahi omen du munduarentzat. Ez dakit ze mundurentzat, ordea. Irun eta Hendaia artean furgonetetan klandestinoki bahitzen dituzten migranteak ere mundua izango dira, ezta? Nahastuta egongo naiz akaso; mundua G7ko gorbatadunak bezain izaki zabal, ireki eta anitza izango da beharbada.

Lehen Paris izan nahi zuen tokian bizi naiz; hiri izateko herriegi eta herri izateko hiriegi den Donostia honetan. Konplexuz betetako Donostia honetan. Woody Allenen betaurrekoen plano miopeek munduari erakutsiko diote zer den, nor garen: zer den ikusi beharrekoa. Haren edizio mahaiak homologatuko gaitu. Lehen Paris izan nahi genuen. Orain New York, Bartzelona edo Londres ere bai. Edozer gauza, garena izan ezik.

Elkarren berezitasunak kopiatuz aterako gara gida turistikoetan. Desiratzen nago iraila iritsi dadin. •